Astekaria

"Institutuari bizitza profesional osoa eman diot"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abe. 9a, 15:00

Javier Casteig Barandiaran Altsasu institutuko irakasle eta zuzendari izandakoa.

Azaroaren 29an azken lan eguna izan zuen Javer Casteig Barandiaranek izan zuen Altsasu BHIn, hogeita hamar urtez matematika irakaslea eta hogei bat urtez zuzendaria izan ondoren.

Altsasu institutuaren zirrikitu txikiena ere ezagutzen du Javier Casteig Barandiaran altsasuarrak. Zaila da kontatzea zenbat irakasle eta ikasle ezagutu dituen. Haietako gehienak, nahiz eta guztien izenak ez gogoratu, kalean agurtzen ditu. Irakasleen kasuan lagun onak ere egin ditu Casteigek. Duela 30 urte hasi zen Altsasu institutuan, eta astelehenean, azaroaren 29an, 60 urte bete zituen egunean, bere azken lan eguna izan zuen. Bizitzaren beste etapa bat hasiko du orain.

Noiz hasi zinen irakasle?
Irakasle helduen irakaskuntzan hasi nintzen, Altsasun eta Sakanan ere bai. Hor hiruzpalau urte eman nituen. Batzuk selektibitatea prestatzeko klaseak ziren, eta beste klase batzuk eskola graduatua lortzeko ziren. Altsasuko eta Olaztiko udalek antolatzen zuten. Gero, Burlatako institutura ordezkapen bat egitera joan nintzen. Gero Elizondora joan nintzen, bi urte.

Eta noiz hasi zinen Altsasuko institutuan?

"Institutura 1991. urtean etorri nintzen, aurten 30 urte; hutsik egin gabe"

Hona 1991. urtean etorri nintzen. Aurten 30 urte. Urte horretan atera nituen oposizioak, eta hona praktikako urtea egitera etorri nintzen. Hurrengo urtean behin betiko plaza lortu nuen. Ordutik hemen egon naiz. Hutsik egin gabe.

Nolakoa izan zen hasiera?
Ni berez biologoa naiz edo, hobeki esanda, Biologia ikasi nuen. Baina bizitza profesional guztia matematikaren inguruan eman dut. Oposizioak atera nituen eta hona etorri nintzenean, matematikarekin hasi nintzen. Urte hartan eman behar izan nuen garaiko UBIn (Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea). Bi talde ziren: zientziak eta letrak BBBn (Batxilergo Bateratu Balioaniztuna) lehenengo mailako bi taldeetan ere ematen nituen klaseak. Niretako dena berria zen. Matematika ez nuen ikasia, baina gaitegia ikusita aurrera egiten nuen. Baina euskaraz ez zegoen ezer. Liburu batean eta bestean bilatu behar izaten nuen. Urte hartan lan pila bat egin behar izan nuen. Gainera, informatika ere irakatsi behar izan nuen.


Irakasleen bazkaria 2003. urtean; Casteig zutik ezkerretan bigarrena. UTZITAKOA

Informatika garai horretan sekulako berrikuntza izango zen, ezta?
Gainera, nik ez nekien ezer informatikari buruz. Gelatxo batean geunden, 32 edo 33 ikasle inguru zeuden. Hamar bat ordenagailu, bi edo hiru ikasle ordenagailu bakoitzean. Gaur egun sinesgaitza izango litzateke, ziur aski salaketa jarriko ligukete. Ez dakit urtea salbatu genuen. Beno, salbatu, bai. Baina ez dakit asko ikasi zuten.

D ereduaren lehenengo urteak ziren?
Ez, aurretik bazegoen. Ni etorri nintzenean laugarren mailan zegoen talde bat zegoen; UBIn. Orduan, lau urte lehenagotik zegoen. Agian aurretik besteren bat gehiago ere bazen.

Biologia ikasi zenuen eta irakaslea izan zara. Zergatik irakasle izan?

"Ez da zerbait bokazionala izan, nolabait aukera bidea gurutzatu zen"

Egoerak bultzatuta; nolabait aukera bidean gurutzatu zelako. Lagun batek esan zidan helduen irakaslea izateko aukera zegoela, eta aurkeztu nintzen. Elizondora joateko aukera berdin sortu zen. Altsasuko festetan lagun batek esan zidan egunkarian iragarki bat agertu zela matematikako bi irakasle behar zituztela Beran eta Elizondon. Aurkeztu ginen bi: Juanjo Olasagarre eta Yolanda Osagarre anai-arrebak ere uste dut aurkeztu zirela; kuadrilla bat aurkeztu ginen. Txiripa ez dut esango izan nuenik, baina bidean agertu zen aukera hori. Gero mundu horretan sartzen zara, oposizioak prestatu behar dituzu… Horrela izan da. Ez dut uste bokazioa nuenik. Baina gustura egon naiz, dudarik gabe.

Irakasle asko pasatu dira. Zurekin hasieratik dagoen norbait ba al dago?
Arantxa Izagirre. Orain jubilatuko da bera ere. Ni etorri nintzenean bera dagoeneko hemen zegoen. Oposizioak atera zituen eta praktikak hemendik kanpo egin zituen, baina gero itzuli zen. Ez dakit zenbat irakasle pasatu diren. Ez naiz gauza kuantifikatzeko. Milaka, ziur.

Zuzendaria ere izan zara.
1991ean etorri nintzen, eta esan zidaten Eskola Kontseilurako pertsona bat behar zutela eta hobe Sakanakoa bazen. Altsasuarra nintzenez, barrura sartu nintzen. Hurrengo urtean, nire institutuko bigarren urtean, zuzendaritza taldean sartu nintzen, ikasketa buru. Zuzendaritzan hamabost urte eman nituen hainbat postutan, eta gero zuzendari izan nintzen. Ondoren, ikusi nuen urte asko neramatzala eta klaustrorako hobe zela aldaketa egotea, eta zuzendaritza utzi nuen. Sei edo zazpi urte ondoren berriz pertsona bat behar zen, eta beste zortzi urtez aritu naiz. Guztira, 23 urte eman ditut zuzendaritza taldean, eta hamazazpi zuzendari.

Institutuko arima edo bihotza zarela esan daiteke?
Erantzule nagusia, behintzat, bai. Erantzukizuna nik neukan.

Zuzendari izan nahi zenuen?
Ez zen nire helburua. Gainera, lehenengo urtean praktikak hemen bukatu berri izan zen. Orain pentsatzen dut, eta a zer nolako fundamentua nola sartu nintzen ikasketa buru. Baina garai horretan klaustroa askoz txikiagoa zen, eta D ereduko norbait behar zen, altsasuarra… Bada, aurrera. Gainera, normalean zuzendaritzarako jende gutxi egon ohi da. Barruan sartuta nengoenez, esperientzia nuen.

Irakaslea izatearekin uztartu duzu.

"Zuzendaria izateko ezinbestekoa da ikasleekiko eta klaseekiko kontaktua izatea"

Niretako hori funtsezkoa zen. Bazegoen aukera klaseak ez emateko, baina klaustro batetik tira egin behar baduzu, ezinbestekoa da. Ikasleekiko kontaktu hori ezinbestekoa da gero nahi duzuna transmititzeko. Zuzendariok ez dugu agintzen; klaustroa konbentzitzen saiatu behar dugu, klaustrotik tira egiten. Horretarako geletan zer gertatzen den ezagutzea ezinbestekoa da: zer baliabide dauden, zer falta den, nondik joan… Niretako osagarria da. Ezin dut ulertu klaserik gabeko zuzendari bat.

Nola aldatu da institutuaren mundua hiru hamarkada hauetan?
Gizartea aldatu den bezala. Duela 30 urteko gizartean pentsatzen badugu, eta gaur egungoa ikusten badugu, ikusiko dugu ez dutela zerikusirik. Globalizazioaren kontu horrekin guztiarekin, digitalizazioarekin eta abarrekin. D eredua momentu horretan gutxiengoa zen, eta orain beste muturrera pasa da eta A eredua gutxiengoa da. Eta ikasleak? Ikasleak gizartearen isla dira. Aldatu dira, jakina.

Eta hezkuntza sistema aldatu da?

"Institututaren bizitza gizartearekin batera aldatu da"

Hamaika lege izan dira. Ez naiz gauza esateko zenbat lege bizi izan ditugun, zenbat promozionatzeko irizpide desberdin, zenbat irakasgai antolaketa… Sisteman aldaketa nagusia egon zen ni etorri nintzenean, gazteak lau urte egoten ziren institutuan. 14-15 urterekin etortzen ziren. DBH indarrean sartu zenean, bi urte lehenago etortzen hasi ziren. Heldutasunean pila bat nabaritzen zen. Gogoratzen naiz lehenengo urteetan ez genekien nola tratatu. Maisu- -maistrak etorri ziren, beraiek erreferentzia hori bazutelako: nola tratatu, mezuak nola eman eta abar. Aldaketaren hasierako urte horietan gogoratzen naiz koloretako boligrafoen harira ez dakit zer azalpen ematen ari nintzela, txapa botatzen, eta mezua sinplea zen: bakarrik boligrafo urdina erabil zezaketela. Orduan nahaste handia sortzen zen: "baina orduan berdea ez? Eta gorria? Arkatza erabil dezakegu?". Adin horretara egokitzeko prozesu bat egon zen, mezuak motzago helarazten ikasteko… Niretako hori aldaketarik nagusiena izan zen. Gero, taldeak oso anitzak dira. Lehen homogeneoagoak ziren. Bere gauza onekin eta txarrekin.

Zuzendari gisa, zer proiektu sustatu dituzu?
Nik egia esan ezer gutxi bultzatu dut. Nik, pertsonalki, ez. Talde bat behar da. Zuzendaritza talde on batekin egiten dira gauzak. Baita klaustroarekin sortzen diren taldeekin elkarlanean ere. Horiek laguntzen dute eta bultzatzen dute pila bat. Ezin da klaustro baten aurka ezer egin. Zuzendaritzako lehenengo urteetan, batez ere, gatazken konponbide baketsuarekin hasi ginen ikasleekin, gurasoekin eta abarrekin. Horrekin batera gelako araudiak eta gelako giroa nola kudeatu ere landu genuen. Nafarroan aitzindari ez dakit izan ginen, baina nahiko prestigioa lortu genuen. Bigarren epealdian hasita zegoen proiektuarekin jarraitu genuen: Ahozkotasuna. Proiektu horrekin bai aitzindaria izan dela institutua. Digitalizazio prozesu guztiarekin ere jarraitu dugu. Ikasleen formakuntza ikasle laguntzaile gisa proiektua egin dugu. Beti bizikidetzaren gaiarekin izan dugu kezka. Lantzen ari garen azken gaia, ez dakit noraino iritsiko den, kanpotik etorritakoa, baina guk bat egin duguna ere, kulturarteko bizikidetza da. Horretarako diagnosi bat egin dugu, eta proiektua aurkeztu behar da. Lana dakar. Gero eraikinean egindako berrikuntza guztiak: aretoa, gimnasioa, liburutegia…

Zer izan da irakasle eta zuzendari izatetik zailena?
Momentu gogorrak bizi izan ditugu. Une jakinetan izan dira. Hildakoak izan dira; irakasleak, ikasleak, gurasoak… Irakasleen kontrako erasoren bat edo beste ere izan da. Gauza puntualak izan dira, baina momentu horietan oso gogorrak izan ziren. Azken garai honetan pandemiaren eta horrek ekarri duen aldaketa guztia. Bereziki harro nago nola erantzun duen institutuak. Ostegunean, martxoaren 12an, jaso genuen mezua esanez ostiralean hobe zela institutura ez joatea. Bildu ginen eta erabaki genuen ezin genuela askoz gehiago egin. Asteartean bildu ginen, eta orduan plataforma bat jarri genuen martxan. Zerbaitetaz egon behar badut harro, lan taldeek egiten duen guztiaz da; baina bereziki institutuak nola erantzun zuen.


Casteigen azken eguna izan zen astelehenean; ikasleek agurra egin zioten. @IES_ALTSASU_BHI

Eta momentu onak bizi izan dituzu?

"Egunerokotasuna zaila da, baina askoz gehiago izan dira momentu onak"

Asko. Egia esan, egunerokotasuna zaila da. Eguna salbatzea zaila da. Baina askoz gehiago izan dira momentu onak. Ez dakit ospatzeko momentuak direla esan daitekeen, baina ikasleekin pasatako une on guztiak hor daude. Gauza bat da ikasleak taldea eta gela batean egotea, eta beste bat ateratzen garenean eta banakako harreman horiek normalean oso sanoak izaten dira. Institutura aurretik ezagutzen ez duten irakasleek oso ongi baloratzen dute ikasleen izaera. Bere gauza guztiekin, jakina. Talde bat kudeatzea zama handia da, baina gero harreman horiek oso onak dira.

Zer behar da irakasle izateko? Eta zuzendari izateko?
Nik ez daukat ezaugarri berezirik. Ni langile bat naiz. Lan egin behar izan dut. Aparteko dohainik ez daukat. Baina sartu naizen gauza guztietan horretarako lan egin dut, eta gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz beti. Bakoitza den bezalakoa da, eta izaerak asko markatzen du. Ikasleekin gelako giro lasaitu bat izaten saiatu naiz. Hor ere mugak daude. Baina ikasteko giroa erlaxatua izan behar du. Erlaxatua, bere tentsio puntuarekin eta lanarekin. Ez mehatxupeko giro bat. Interesa izatea ere garrantzitsua da. Formakuntza jasotzen ere jarraitu dut, zer behar dauden eta nola lagundu jakiteko, besteak beste. Zuzendari izateko, lehenengo etapako akatsik handiena izan zen dena kontrolatu nahi izatea. Ez da posible. Bakoitzari bere erantzukizuna eman behar zaio; delegatzen ere jakin behar da.

Zer eman dizu irakasle izateak?
Esan dezaket bizitza profesional guztia hemen eman dudala. Institutuari nire bizitza profesional osoa eman diot. Hamaika harreman on jaso ditut, eta gaur egun ateratzen naizenean ikasle ohiak ikusten ditut leku guztietan; eta agurtzen ditut. Baten baten izena ez dut gogoratzen, baina zein taldetan egon zen kokatzen dut, gutxi gorabehera. Irakasleekin ere harreman oso onak eman dizkit. Lagunak ere egin ditut. Ni pozik nago. Gustura egon naiz. Ez dut berebiziko presioa izan jubilatzeko. Nahi dudalako egin dut; momentua iritsi dela badakit, eta bukatu da.

Eta orain zer?
Ez dakit. Baina gauza batzuk egingo ditudala bai badakidala. Amarengandik gertuago egon beharko dut. Ongi dago, baina berarekin egotea merezi du. Familiarekin ere bidaiaren bat egiteko nahia hor dago. Egoera honekin ez dakit noiz izango den, baina garbi egingo dugula. Badut lanen bat edo beste bukatzeko nire material guztia biltzen ari naizela, nahiko aurreratuta dago, baina findu behar dut. Orain abenduan sartu gara, zubia, eguberriak… Urtarrilean ikusiko dugu zer egin.


Casteigen azken egunean institutua agurtu zen. @IES_ALTSASU_BHI

Institutuaren falta sumatuko duzu?
Egunero pasa dut honekin bueltaka. Ez dakit buruan neuronak geldituko zaizkidan edo ez. Harremana mantendu nahiko nuke. Esan diet laguntza behar badute badakitela deitzeko aukera dutela. Zuzendaritza talde oso indartsua geldituko da. Oso gai da. Orduan, nire laguntza ez dut uste beharko dutenik. Gauza puntualen bat behar badute, badakite nirekin kontatu dezaketela. Baita matematikaren arloan ere. Laguntzeko prest nago.

Institutuaren etapa berri bat hasiko da.
Zuzendaritzan nirekin egondakoak gelditzen dira. Iñaki Mundiñanok hartu du gidaritza, eta taldean nirekin egondakoak gelditzen dira. Jon ere sartu da. Oso ongi dago, poz-pozik joango naiz.

Zure falta nabarituko da?
Ez dut uste. Gainera, hau berehala ahazten da. Heldu den urtean agian norbaitek esango du "halakoak esaten zuen…". Hemen dena da horrela. Honek guztiak aurrera egiten du, eta iragana atzean gelditzen da.


Javier Casteig Barandiaran Altsasu institutuko liburutegian.

Irakasle berriendako aholkuak?
Bakoitzak bere bidea jorratu behar du, eta ikusi ondoan zer dagoen. Gela batean sartzen zara, ikasleei begira, eta zure gauza guztiek baldintzatzen dute: zure janzkerak, orrazkerak, izaerak, agurtzeko moduak… Bakoitzak ikusi behar du nola kudeatu. Esperientziak esaten dit beste gauzen artean talde batean funtzionatzen duenak ez duela zertan ondoko taldean funtzionatu behar. Orduan, ikusi behar da eta etengabe hausnartu behar da. Ni saiatu naiz ikasleei laguntza ematen. Laguntzea ongi ulertuta; ez oparitzen. Bide batetik edo bestetik aurrera egiteko aukerak ematen. Nik oraindik ere esperientzia guztiarekin gela batetik ateratzen nintzen eta esaten nuen: "Baina zer ordu eman didaten!". Baina hurrengo klasea primerakoa izan zitekeen.