Haize Berriak bandaren ipuin magikoa

Guaixe 2021ko abe. 14a, 10:44
Haize Berriak bandaren kontzertua Iortia kultur gunean. ARTXIBOA

Sakanako musika bandak Belen Otxotorena aktorearekin batera 'Katius, la niña del arroyo' ipuina eskainiko dute larunbatean, Iortia kultur gunean. 

Katius arropa garbitzaile gazte eta alai bat da. Okin marmarrti eta bihozgabe baten diruzalekeriak eraginda arazo batean sartu da. Herriko bizilagunen maitasunari eta eskuzabaltasunari esker korapiloa konpontzea lortuko dute, Katiusen irribarria berreskuratuz. Belen Otxotorena aktoreak kontatuko du istorioa, Haize Berriak bandak soinu banda jartzen duen bitartean. Abestiek ez dute ipuinaren argumentuarekin inolako loturarik, baina modu xarmangarrian lortzen dute istorioan sartzea: Jacob de Haanen Oregón, Richard Sherman El libro de la selva, Pablo Sorozábalen Katiuska, la mujer rusa, Jen Pendersen Anniversary Marcha-chá, Willy Hautuasen Los Beatles in concert eta Ferrern Ferránen Consuela Císcar abestiek osatzen dute errepertorioa. David Sánchez bandako zuzendariak zuzenduko du emanaldia.

Katius, la niña del arroyo Ikuskizuna abenduaren 18an, larunbatean, 18:00etan, izanen da, Iortia kultur gunean. Sarreak 6 eurotan eros daitezke Iorti kultur gunearen webgunean edo txarteldegian. Haize Berriak bandako bazkideendako sarreren prezioa 5 eurokoa da.