Txirrindularitza

Bigarrenez San Silvestre txirrindularitza martxarik gabe

Guaixe 2021ko abe. 14a, 11:15

2019ko azken edizioaren irteera. ARTXIBOA

Altsasu Kirol Elkarteak XXXVIII. Urbasako San Silvestre Txirrindularitza Igoera ez antolatzea erabaki du, pandemiaren egoera dela eta

Altsasu Kirol Elkarteak bertan behera utzi du abenduaren 31ko 12:00etarako antolatua zuen XXXVIII. Urbasako San Silvestre Txirrindularitza Igoera. Pandemiaren egoera nola dagoen ikusita hartu du erabakia Altsasu Kirol Elkarteak. 

Txirrindulariendako proba kuttuna da Urbasako San Silvestre Txirrindularitza Igoera. Altsasutik abiatuta Urbasara igotzea da erronka, urtea ezin hobe despeditzeko aitzakia bikaina. Goian, guztien artean salda beroa dastatu, eta behera jaitsita, oroigarri banaketa egiten du antolakuntzak. Hasiera batean arratsaldez egiten zen martxa, baina eguerdira aldatu zutenetik partaidetzak gora egin zuen nabarmen. Horren isla, azken edizioan, 2019koan, proba ez lehiakorrak errekor guztiak apurtu zituen eta 280 txirrindularik hartu zuten parte 37. San Silvestre txirrindularitza martxan. Tamalez, aurten, joan zen urtean bezala, ezingo da egin, pandemiagatik.