Autonomien Arteko Bigarren Mailan asteburuan bederatzigarren jardunaldia jokatu zen eta CBASK Jatormanek sailkapenaren goi aldean dagoen Valle de Egües taldea hartu zuen larunbatean Zelandin. Partida estuan, parez parte ibili ziren bi taldeak, baina Valle de Egües aldea ateratzen hasi zen eta azkenean 71 eta 86 gailendu zen, 15 puntuko aldearekin.
Sailkapen orokorrean Decam Clavijo taldea da lider (16 puntu), San Ignaciorekin eta Valle de Egüesekin puntutara berdinduta. CBASK Jatorman hamahirugarren postuan dago (9 puntu) bi partida gutxiagorekin. Igandean, 12:15ean, talde altsasuarrak sailkapenean zortzigarren den Aranguren Mutilbasket izango du aurkari Irulegi kiroldegian jokatuko den partidan.
CBASK Ifuelek ere galdu
Bigarren senior mailako CBASK Ifuel taldeak Marcilla Basket Club taldearen kontra jokatu zuen eta altsasuarrek 54 eta 45 galdu zuten. Mendillorri Egües da lider (14 puntu) eta talde altsasuarra zazpigarren postuan dago (11 puntu), bi partida gutxiagorekin. Asteazkenean, abenduak 22, CBASK Ifuel taldeak puntu berberekin zortzigarren den Navasket taldea hartuko du 20:00etan Zelandin jokatuko den partidan. Arerio zuzenen arteko lehia izanen da.
Emakumezkoen junior taldeak Valle de Egüesekin ezin
Emakumezkoen Lehen Junior Mailan jokatzen duen CBASK Albeniz taldeak ere Valle de Egües taldea izan zuen aurkari larunbatean jokatutako partidan, eta kasu honetan ere altsasuarrek galdu egin zuten, 63 eta 43, 20 puntuko aldearekin. Navarro Villoslada da liderra (16 puntu) eta CBASK-Albeniz zortzigarren da (12 puntu). Igandean, goizeko 10:00etan, Altsasuko neskek sailkapenean laugarren den Aranguren Mutilbasket izango dute aurkari, Irulegi kiroldegian.