Altsasu Kirol Elkarteak abenduaren 8an, elurpean, aurkeztu zituen 2021/2022 denboraldiko Altsasu futbol taldeak. Aurten 230 futbolari inguru trebatzen ari dira Altsasuko Kirol Elkartean, 180 gizonezko eta 50 emakumezko inguru, eta aurkezpen ekitaldian 180 inguru hurbildu ziren Dantzalekura. Hotzari eta elurrari aurre eginez, futbolariak banaka atera ziren Dantzalekuko zelaira eta talde argazkia egin zuten.
Hamasei taldeak
Guztira hamasei futbol talde dira, hamahiru gizonezkoenak eta hiru emakumezkoenak. Emakumezkoetan, futbol 8 taldeko entrenatzaileak Jone Grados eta Ainhoa Agirre dira, haurren mailakoak Nerea Arellano eta Beatriz Fernandes eta Lehen Maila Autonomikokoak Joseba Montoya eta Endika Mendinueta. Gizonezkoen taldeetako entrenatzaileak ondokoak dira: aurrebenjamin mailako taldekoa Iñaki Cristobal, benjamin A taldeko entrenatzaileak Nerea Arellano eta Asier Somocurcio, benjamin B mailakoak Julen Barreiro eta Saif, kimuen A mailakoa Javi Morrás, kimuen B mailakoak Aitor Gasanz eta Jon Lopez de Goikoetxea, kimuen C mailakoa Peio Goikoetxea, haurren bigarren mailakoak Tony Juarez eta Alex Morais, haurren lehen mailakoak Gorka Pascua, Goyo Rodriguez eta Garikoitz Moreno, kadeteen bigarren mailakoak Angel Vergara eta Unai Irigoien, kadeteen lehen mailakoak Javier Sevilla eta Kenneth Paulette Vergara, jubenilen bigarren mailakoak Ekai Urkijo eta Ivan Arévalo, jubenilen lehen mailakoak Ivan eta Ander Claver eta Gorka Pascua, eta, azkenik, erregional mailakoak Peio Goikoetxea eta Alberto Barricarte.
Baloreak sustatu
Altsasu Kirol Elkarteko presidentea Jesus Sayas da, idazkaria Josetxo Augusto, diruzaina Maria Eugenia Rosa, bokalak Aitor Gartzia, Rosa Melchor eta Claudia Vales, txirrindularitza ataleko arduraduna Felix Mazkiaran eta futbol koordinatzailea Imanol Lobo. Guztiak aurkezpena bideratzen aritu ziren, neska-mutikoen aurkezpena buru-belarri antolatzen. Imanol Lobok azaldu zuenez, pozik daude, futbolariak gogotsu daudelako eta aurreko denboraldiko geldialdiaren ondoren, aurten emakumezkoen talde nagusia berreskuratu dutelako. Halaber, futbola sustatzeaz gain, kirolaren baloreak sustatu nahi dituztela nabarmendu zuen, behe mailako kategorietan batez ere. “Euren arteko adiskidetasuna sustatu nahi dugu, talde baten parte sentitu daitezela, horrek dakarrenarekin. Taldekideei eta kontrako taldeei eta jokalariei izan beharreko errespetua sustatu nahi dugu. Hori da garrantzitsuena. Baita arbitroei eta gainontzekoei ere” azaldu zuen Lobok.
Une gozoan
Altsasu futbol taldea une oso gozoan dago. Joan zen denboraldian Altsasuko jubenilen lehen mailako taldea Ohorezko Maila Nazionalera igo zen lehen aldiz, eta kategoria berrian lan txukuna egiten ari dira denboraldi honetan. Eta erregional mailan oso ongi dabil Altsasu. Sailkapenean hirugarren dago. Aurten emakumezkoen hiru futbol talde dituzte, lorpen handia, eta nagusien taldea, joan zen urteko geldialdiaren ondoren, itzuli egin da.