Astekaria

"Konturatu gara ikerkuntza itxaropena eta etorkizuna dela, eta hori gabe ez gara ezer"

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Grados Muñoa 2021ko abe. 22a, 14:55

Aintzane Diaz Mazkiaran ikerketa gunean. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak hamar beka eskaini ditu doktorego tesien ikerkuntzarako. Horietako bat berak jaso du Aintzane Diaz Mazkiaran ikerlariak: "sorpresa ikaragarri bezain garrantzitsua dela” dio etorkizun profesionalari begira "ate asko ireki ditzakeelako”.

Sei urte daramatza biomedikuntza alorreko ikasketak gauzatzen. Euskal Herriko Unibertsitatean lehenengo; biokimika eta biologia molekularra gradua egin zuen. Gero Bartzelonako Unibertsitatera joan eta bidea han jarraitu zuen Ikerkuntza biomedikoko masterra egiten. Bertan onkologian espezializatu eta gero, Nafarroako Unibertsitatean; Medikuntza aplikatua eta biomedikuntza doktoretza hasi zuen, duela urtebete. Geroztik, horretan dabil, CIMA ikerketa taldean odol minbizia ikertzen. Hain zuzen, bere doktorego tesia pertsona helduek pairatzen duten "leuzemia mota” baten inguruko analisian oinarritzen da, eta azken horrengatik Nafarroako Gobernuak eskainitako beka jaso berri du. 

Sei urte biomedikuntza ikasketetan, erraz esaten da. Atzera begiratuta, zerk eraman zintuen eremu honetan hastera?
Biologia beti gustatu izan zait. Batxilergoko bigarren mailan biologiak neure buruan zebilen hainbat galdera erantzuten zituela konturatu nintzen eta argi neukan bide horretatik jarraitu nahi nuela. Institutuko hainbat irakaslek nire etorkizuna ikerketaren esparrura bideratzeko gomendatzen zidaten, etorkizun handia daukan eremua omen zelako. Ahalegin eta lan handia egin nuen unibertsitate publikora sartu ahal izateko. Nota oso altua eskatzen zuten, baina asko ikasi ondoren Euskal Herriko Unibertsitatean sartzea lortu nuen Biokimika gradua egitera. Erronka handia izan zen niretako; ez baineukan argi zer ikasiko nuen bertan. Ez nintzen bat ere kontziente. Karrerako hirugarren mailan Arkaitz Carracedo irakasleari esker onkologiaren arloa ikertzeko grina piztu zitzaidan. Baina, egia esan, banekien zein zen karrera horretan sartzearen helburua: ikerkuntza talde batean lan egitea gaixotasunak eta abar ikasteko. 

Unibertsitatean argi zenuena, oraindik bere horretan mantentzen da: gaixotasunen inguruan ikertu nahi izatea. Horretan ari zara Nafarroako Unibertsitateko doktoretzan, minbizi jakin baten inguruko tesia lantzen. Zer da ikertzen ari zarena?
Gure ikerketa taldeak, CIMAk, odol minbizia ikertzen du, leuzemia mota bat zehazki: leuzemia mieloide akutua. Leuzemia mota asko daude eta horietako bat hori da, pertsona helduek pairatzen dute eta biziraupen tasa baxuko gaixotasuna da. Gaur egun horrekin lotutako tratamendu gutxi daude. Gure helburua beraz, gaixotasuna hobeto ulertzea eta tratamendu zein baliabide berriak sortzea litzateke; gero medikuek paziente hauek tratatzeko tresna gehiago izan ditzaten.

Nola ulertu dezakegu Leuzemia mieloide akutua gaixotasuna? Nola jarduten du horrek pazientearen gorputzean?
Pazientearen gorputzean ematen den minbizia mota hori ulertzeko, sindrome mielodisplasikoaren minbizia azaldu behar da. Sindrome horren ondorioz, pazienteen odol zelulek ez dute bere funtzioa ondo betetzen, egoera goiztiarrean geratzen baitira. Horregatik, atal guztietara oxigenoa garraiatzeaz arduratzen diren globulu gorriak, infekzioei aurre egiteko balio duten globulu zuriak eta plaketak; hiru odol zelula horien faltan daude sindrome hori pairatzen duten pazienteak; eta ondorioz, anemiak, infekzioekiko joera altua, odol jarioak eta abar sufritzen dituzte. Beraz, zein da gure helburua? Paziente horietan odol zelula horiek ez sortzearen arrazoia ezagutzea. 

Esparru honen inguruan jakintzarik ez dugunoi zaila egiten zaigu horrelako gaiak guztiz konprenitzea, baina urrun harrapatzen gaituzten gaiak ere asko interesatzen zaizkigu, horretarako gaude. Nola egiten duzue zelulen analisi hori eta zer nolako prozesua da?
Pazienteen odol zelulak ez sortzearen motiboak ezagutzeko zelula prekurtsore edo aitzindari batzuetara jotzen dugu. Zer dira zelula aitzindariak? Aipatutako odol zelula horiek sortzen dituzten zelula amak dira. Aitzindari horietatik hain zuzen edozein zelula mota sor daiteke; bai globulu gorriak zein zuriak, adibidez. Gakoa zelula aitzindariak aztertzean datza, esan bezala globulu gorriak, zuriak eta plaketak zelula horietatik jaiotzen baitira. Eta sindrome mielodisplasiko egoeran odol zelulek ez dutenez ondo funtzionatzen, jatorrian dauden zelula ama horiek, hau da, aitzindariak analizatzea ezinbestekoa da. Jatorrizko zelula ama horietan dago arazoa; informazio genetikoan aldaketak jasaten dituztenean. Aldaketen ondorioz, odol zelulak (globulu gorriak, zuriak eta plaketak) ez dira ondo sortzen. Behin identifikatuta pazienteen zelula aitzindarietan aldaketak ematen direla, beharrezko tresnak sortuko ditugu hala gerta ez dadin. Zelulen informazio genetikoan aldaketak ekidin lehen aipatutako pazienteen sintoma horiek ekiditeko.

Konponbide hori topatzeko, nola egiten duzue lan? 
Analisia konputazionalki egiten da, ordenagailu baten bitartez. Niretako guztiz berria den alderdia da, orain arte nire ikasketak biologikoak izan baitira. Biologia konputazionala deritzona ordenagailuaren bitartez datu kantitate handi batetik informazio biologikoa ateratzean datza; guri interesatzen zaigun informazioa zehazki. Hori egitea ahalbidetzen digute ordenagailuek, algoritmoek eta oso metodo konplexuek. Datu kantitate handi horretatik, metodo estatistikoen bitartez, paziente osasuntsuen datuak eta paziente gaixoen datuak atera eta konparatzen ditugu. Horri esker, gure pazienteetan gaizki dauden geneak ikusi ditzakegu (gene hautagaiak deiturikoak). Gene hautagaiak gero biologikoki konprobatzen ditugu zeluletan zer nolako funtzioa daukaten ikusteko. Eta zeluletan probatzea ez da nahikoa, beraz, organismo bizidun batean probatzera jotzen dugu; arratoietan esaterako.

Urtebete daramazu hiru urterako tesia garatzen, nolakoa da egun bat doktoretzan? 
Gora behera askokoa. Egun batean hasi naiteke oso ondo, gero ikusten dut emaitzak ez direla ateratzen eta behera etortzen naiz. Doktorego tesia oso prozesu gogorra da; gorabehera asko daude tartean. Nik urtebete daramat baina jada konturatu naiz emozionalki ondo ez bazaude oso zaila dela aurrera egitea. Lan ordu asko dira; ez bakarrik tesia garatzeko, bestetik klaseak eman behar dira unibertsitatean, master bateko irakasgai batzuk ere egiten ditut… gauza asko dira. Eskerrak nire kideak oso jatorrak direla eta asko laguntzen nautela. Alde horretatik, oso pozik nago, giro polita baitago. Zientzia oso frustragarria da; gauzak esperotako moduan ateratzen ez zaizkizunean haserretu egiten zara, baina ateratzen direnean… a ze motibazioa. 

Lankideak aipatu dituzu… Odol minbiziaren inguruko CIMA ikerketa taldean zenbat zarete? Zer nolako harremana duzue nazioarteko unibertsitateekin?
Biologia konputazionalean orain lau doktoregai gaude. Ni, esaterako, onkologian oinarritutako biologia konputazionalean nago eta lankideak beste minbizi mota batzuen inguruan ikertzen, beste departamentu batzuetan. Bakoitzaren profila desberdina da. Ni lanean dihardudan proiektua atzerriko unibertsitateen artean hitzartuta dago. Nazioarteko proiektua da eta finantzazioa baita ere. Horrek ere tesian zehar atzerrian estantzia bat egitea ahalbidetzen digu; bertan aurrera eramaten diren tekniken inguruan ikasteko edota norberak bere ezagutzak atzerrira ere eramateko. Profesionalki eta pertsonalki esperientzia aberasgarria litzateke. 

Zure profilak eta zure proiektuaren tesiak arrakasta izan dute. Hain zuzen Nafarroako Gobernuak eskainitako hamar beketako bat jaso baituzu. Oker ez banago, 96 beka eskaera egon ziren, eta hamar aukeratu zituzten. Zu horien artean… 
Prozesua gogorra izan zen. Beka eskaeraren lehenengo atalean curriculuma, graduan lortutako bataz besteko nota eta lortutako merituak hartzen dira kontuan. Merituen barne sartzen dira hizkuntzak, aldizkari zientifikoetako argitalpenak, kongresuetara joatea eta abar. Nire kasuan pandemiak une kritiko batean harrapatu ninduen. Bartzelonako Unibertsitatean nengoen masterra egiten, IRB Barcelona ikerketa zentroan eta momentu aproposa zen publikazioren bat lortzeko; karreran zehar ez bainuen aukerarik izan. Baina ez zen posible izan. Horregatik, eta beka lortzeko kontuarekin loturik, pentsatzen nuen publikaziorik izan ezean ez zidatela beka emango eta ez nintzela lehenengo fasetik aurrera igaroko. Baina izan liteke beste hautagaiek arazo berdina izatea, zeren azkenean, ezustez, bigarren fasera igaro nintzen. Agian notak, hizkuntzak edukitzea, kongresuena… lagundu zidan, batek daki. Ez nuen batere espero. Bigarren fasean ordea nire tesi proiektua idatzi eta nire ikerketa taldearen informazioa pasa behar izan nuen. Egia esan, ikerketa taldea ona bada, fase honetan puntuazio gehiago edukitzeko aukera gehiago dituzu; eta nire kasuan, ikerketa taldea oso ona da. Azken bost urteetan hainbat publikazio zituen eta historial zientifikoa oso ona da. Horretaz aparte, nik aurkeztutako proiektua interesgarria iruditu zitzaien, eta beno, azkenean bigarren fasea igaro eta hamar horien artean sailkatu nintzen. Egia esan, sorpresa ikaragarria izan zen. Oso garrantzitsua da beka publiko bat lortzea, ate asko ireki ditzake etorkizunean eta lan taldeari ere primeran datorkio, beka jaso duenak bere burua finantzatzen baitu, nolabait esateko.

Nola ikusten duzu zure ikerketa tesiaren etorkizuna? Zer ekarriko dio biomedikuntzari zure tesiaren garapenak?
Ez dakit noraino emango nauen nire proiektuak. Egiten ari naizena ikerketa basikoa da: gaixotasuna hobeto ulertzea. Uste dut horretan geratuko dela. Gero ikerketa traslazionala legoke, hau da, tresnak edo farmakoak garatzea pazienteen sintomak hobetu edo tratatzeko. Baina geratzen den horretan ezagutza emango dio alorrari. Gaixotasunen jatorria non dagoen ikerlariok ikertzen dugu; eta gaixotasun bat ez bada ondo ezagutzen ezin da behar bezala tratatu. Guk hori eman diezaiokegu medikuntzari pazienteak gero eta hobeto tratatzeko eta medikuntza pertsonalizatuan sakontzeko; paziente bakoitzak dituen ezaugarrien arabera tratamendu bat edo beste bideratzeko, minbizi mota asko baitaude eta guztiak ez baitira berdinak. 

Horretarako zuen ikerketa eta garapena funtsezkoak dira honen aurrerapenean baina… ikerketaren esparrua zaintzen al da?
Pandemiak agerian utzi du ikerkuntza beharrezkoa dela gure gizartean. Espainiar Estatuan zientzian inbertitzen den barne produktu gordinaren ehunekoa %1,5ekoa da gutxi gorabehera. Europako beste herrialde batzuetan, Alemanian, esaterako, %3koa. Hau aldatu beharra dago, ikerlariok ezin baitugu prekarietate baldintzetan lan egin. Ikerkuntza beste osasun arlo bat balitz bezala kontsideratu beharko litzateke, merezi duen finantzazioa emanez. Ikerlariok baliabideak behar ditugu eta ez gaituzte behar bezala zaintzen. Konturatu gara ikerkuntza itxaropena eta etorkizuna dela, eta hori gabe ez garela ezer.