Futbola

Berdindu eta gero, Altsasuri ihes egin zion partidak

Guaixe 2021ko abe. 22a, 09:35

Emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren multzoa. Hamalaugarren jardunaldia: Altsasu 1 – Universidad de Navarra 2

Altsasuko neskek Universidad de Navarra taldekoak hartu zituzten Dantzalekun. Sailkapenaren behealdean dauden bi taldeen arteko lehia estua izan zen Altsasun jokatu zena, eta bi taldeak nor baino nor aritu ziren. 17. minutuan Universidad de Navarra taldea aurreratu zen, eta Iruñeko unibertsitatekoak abantailarekin joan ziren atsedenaldira. Baina Altsasuk ez zuen etsi, aukerak sortzen jarraitu zuen, eta bigarren zatia hasi eta berehala Elene Anduezak sartutako golak banakoa jarri zuen markagailuan. 

Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, eta, azkenean, Universidad de Navarrak lortu zuen helburua, 55. minutuan bigarren gola sartu baitzuen, garaipenekoa. 

Mulierrek jarraitzen du Emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoko lider (36 puntu). Altsasu hamargarren da, azkena, punturik gabe. Gabonetako geldialdiaren ondoren, ilbeltzaren 9ko asteburuan Mutilbera taldea izango du aurkari Altsasuk.