Murtzian dagoen Mar Menor aintzira “Espainiako ingurumen atentatu handienetako bat jasaten ari da, eta dagoeneko 'ekozidio-krimena' aipatzen da”. Hala uste du Mar Menor herri plataformak, Murtziako Unibertsitate Publikoko kideek, talde ekologistek eta herritarrek osatzen dutenak. Eta kideek gaineratu dutenez, “erasoak bereziki agerian geratu dira 2016 eta 2019ko eutrofizazio-gertakariekin, aintzira mantu berde batez estali baitzuten, zopa berdea, eta hondartzak hilzorian edo hildako milaka arrainez erein zituzten”.
Europako aintzira gazi handienak bizi duen egoera larriaz kezkatuta dagoen Mar Menor Bizirik herri ekimen legegilea sustatu du. Haren bidez Diputatuen Kongresuari eskatu nahi dio aintzirak eta bere arroak Nortasun Juridikoa izan dezala eta, horrela, babesteko eskubide propioak izan ditzala. Neurri hori hartzera honako arrazoiek bultzatu dituzte: Mar Menor aintzira eta bertako biztanleek gizarte, ingurumen, ekologia eta humanitate arloan bizi duten krisi larria, baita egungo babes sistema juridikoa nahikoa ez izatea, ezta azken 25 urteetan bata bestearen atzetik etorri diren tresna arautzaileak ere. Beharrezko diren miloi erdi sinadura bildu dituzte dagoeneko, zehazki 639.826 sinadura aurkeztu zituzten, haietako 15.000 bat Euskal Herrian jasoak.
Gizadiak naturarekiko harreman orekatua izan dezan sustatu nahi dute ekimen horren bidez. Boliviak eta Ekuadorrek ireki zuten bide hori beraien konstituzioan ezarriz ama lurrarekiko errespetua. Murtziako Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Natura Eskubideen Katedrako zuzendari eta ideiaren bultzatzaile nagusi Teresa Vicente Gimenezek gogorarazi du badaudela munduan berezko eskubideak dituzten natur guneak, esaterako: Kolonbiako Atrato ibaia edo Zeelanda Berriko Whanganui ibaia. Figura juridiko horrekin, Mar Menor aintzira zuzenbideko subjektu izatera pasako litzateke, irabazi asmorik gabeko helburu sozial bat betetzeko, eta herritar guztiek erantzuleei eskatu ahal izanen diete epaitegietan aintziran izandako kalteen konponketa.
Argazki erakusketa hilaren 28an, 12:00etan, mustuko dute. Han izanen dira Iruñeko Mar Menor Bizirik taldeko Rakel Meyers eta Arkaitz Sainz.