Basoitxi bizirik ekimenak Altsasuko basoko dermio horretan aurreikusitako amerikar haritzen eta pinuen “mozketa masiboa gelditzeko” eskatu du, “gaia handia eta komunitate osoarendako ondorio erabakigarriak dituelako”. Behin geldituta, zuhaitzen mozketei buruzko “eztabaida hasi eta horri buruzko herri-kontsulta egitea” eskatu du. Basoitxi bizirik ekimeneko kideen iritziz, “amerikar haritzak moztea mendiarendako onuragarria dela suposatuta, badaude basoa pixkanaka birsortzen duten modu organikoak”
Udalaren 2020-2021 baso aprobetxamendu eta hobetze planean jasotakoari segituz, aurten Basoitxiko bi sailetako haritz amerikarrak moztu dira. Basoitxi bizirik taldeak azaldu duenez, “dirudienez amerikar haritz eta pinu guztiak erabat kentzea jasotzen du udal planak. Horrek 27 hektareako baso landareria ezabatuko luke. Aditu batzuen arabera, dena ondo badoa, gutxienez 25 urte itxaron beharko genituzke zuhaitzak ikusten hasteko”. Kritiko dira “arraseko” mozketekin, “prozedura zorrotz eta behin betiko” horrek “oihanpean eta gainerako ekosisteman izan ditzakeen ondorio kaltegarriak kontuan hartzen ez dituelako”.
Herritik gertu dagoen parajea da Basoitxi. Jendeak han paseatzen du, “leku enblematikoa da jende askorendako. Zuhaitzen hostozabaltasunak, edertasunak, hurbiltasunak eta irisgarritasunak naturaz gozatzeko leku ezin hobea egiten dute”. Ekimeneko kideek gaztigatu dutenez, “izaki bizidun askoren biziraupena haien arteko loturen araberakoa da, zuhaitz zaharrenek gazteei eskaintzen dieten babesa ezinbestekoa zaie hazteko”.