ETAk Arroyo hil zuela 42 urte

Guaixe 2022ko urt. 10a, 13:53
Sebastian Arroyo Gonzalezen autoan tiro arrastoak. UTZITAKOA

Atzoko egunez hil zen. Igartex enpresan arduradun lanean ari zen; han lan egiteko hamar urte lehenago Guardia Civiletik atera zen.

Sebastian Arroyo Gonzalez guardia civila zela iritsi zen Altsasura. Hura utzi eta eskularruak egiten zituen Altsasuko Igartex enpresan lan egiten hasi zen; sekzioko burua zen eta hamar urte zeramatzan enpresan lanean. 1980ko ilbeltzaren 8an, 19:30ean, enpresatik irten zen bere autoan etxera joateko. Beste auto batean zihoazen ETAko zenbait kidek metrailatu egin zuten, eta, ondorioz, Arroyok autoaren kontrola galdu eta errepidetik atera zen. Autoa errepidetik irten zela konturatu ziren suhiltzaile batzuk eta gidaria laguntzera joan ziren. Arroyok sei tiro jaso zituen, eta suhiltzaileek Altsasuko sorospen etxera eraman zuten lehen mediku arreta jasotzeko. Ondoren, Nafarroako Ospitalera eraman zuten eta hurrengo egunean hil zen, ilbeltzaren 9an. 

Sebastian Arroyo Gonzalez Sobradillokoa (Salamanca) zen eta 53 urte zituen. Ezkonduta zegoen eta lau seme-alaba zituen. Altsasun 30 urte zeramatzan bizitzen. Altsasuko Udalak hilketa gogor gaitzetsi zuen. ETA militarrak hartu zuen atentatua bere gain. 

Nafarroako Gobernuak argiratu zuen Nafarroan heriotzak eragin dituzten ETAren atentatuen egoera prozesala txostenean jaso denez, Arroyoren kontrako atentatua partez argitua dago. 1981ean eta 1985ean epaiketak izan ziren eta bi epai izan ziren: zelatatzeagatik konplize bat zigortu zuten eta nahikoa frogarik ez zelako bi prozesaturendako absoluzio epaia eman zen. Epaitegiak 1999an behin betiko largesteko autoa eman zuen eta auzia preskribatua dago.