Saskibaloia

CBASK Jatormanek Alfaro izango du aurkari

Guaixe 2022ko urt. 13a, 14:00

Autonomien Arteko Bigarren mailako hamabigarren jardunaldian sailkapeneko postua dute jokoan bi taldeek

Eguberrietako etenaldiaren ondoren, martxan da Autonomien Arteko Bigarren mailako liga. Asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatu zen, baina Altsasuko CBASK Jatorman eta Decam Clavijo taldeek jokatu beharreko partida apirilaren 13ra atzeratu egin da. 

Sailkapenean San Ignacio da liderra (20 puntu) eta CBASK Jatorman hamahirugarren postuan dago (11 puntu). Jokatutako hamaika jardunaldietatik zortzi partida ditu talde altsasuarrak eta beste hiru jokatzeke ditu, atzeratuta. Asteburuan hamabigarren jardunaldia dago jokoan eta CBASK Jatorman taldeak sailkapenean hamabigarren postuan dagoen Atleet Alfaro izango du aurkari larunbatean 18:00etan Alfaroko Gonzalo de Berceo kiroldegian jokatuko den partidan. Aurkari zuzenen arteko partida da, sailkapeneko postua dago jokoan, eta, beraz, lehia estua espero da. 

Senior mailan, garaipena
Bigarren Senior mailan CBASK Ifuel taldeak abenduaren 22an jokatu zuen azken jardunaldia, hamargarrena, Navasket taldearen kontra, Zelandin. Bi arerio zuzenen arteko partidan talde altsasuarra gailendu zen, 67 eta 59, eta garaipen horri esker sailkapenean gora egin zuen CBASK Ifuelek. Mendillorri Egües da Bigarren Senior mailako liderra (16 puntu) eta CBASK Ifuel zazpigarren da (13 puntu), bi partida gutxiagorekin.  Larunbatean Selco Electronica taldea izango du aurkari CBASK Ifuelek, 18:30ean, Azkoienen. 

Emakumezkoen Junior mailako taldeak galdu
Emakumezkoen Lehen Junior mailan jokatzen duen CBASK Albeniz taldea Eguberrietako geldialdiaren ondoren lanera itzuliko da. Larunbatean Aranguren Mutilbasket B taldea izango du aurkari, 20:00etan, Irulegi kiroldegian. Emakumezkoen Lehen Junior mailako liderra Aranguren Mutilbasket A taldea da lider (20 puntu) eta CBASK-Albeniz zortzigarren da (13 puntu).