Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitateari ordaindu beharrekoa joan den urteko 613.632,63 eurotik aurtengo 734.319,66 eurotara pasa da. 120.687,03 euroko aldea. Udal teknikarien txostenetan oinarrituta, Altsasuko Udalak Mank-en aurrekontuei alegazioak aurkeztea erabaki zuen astelehenean. Alkatetza duen Geroa Baik alde bozkatu zuen eta EH Bilduk kontra. Altsasuko Udalaren ustez, “igoera hori ez dago behar bezala justifikatuta”. Horregatik, alegazio bidez Mank-i eskatu dio bere aurtengo aurrekontua berraztertzeko. Alkateak gogorarazi zuen ibarreko erakundearen aurrekontua onartzeko bilera deialdia egin zenean eskatu zuela Mank-en aurrekontu onarpena gai ordenatik kentzea, kontuak Mank-en eta udalaren artean berraztertzeko.
Altsasuko Udalak aurkeztutako alegazioetan argudiatzen du, batetik, “Mank-ek udalen ekarpenak finkatzerakoan, bakoitzak atxikita dauden zerbitzuengatik zenbat ordaindu behar duen ezarri behar dute, baita zerbitzu horiei egotz dakizkiekeen gastu orokorren zati proportzionala zehaztu ere”. Ibarreko erakundearen aurtengo aurrekontuetan aldaketa izan dela nabarmendu du Altsasuko Udalak. Eta, horretarako, Mank-en kontu hartzailetzak 2022ko aurrekonturako egindako txosten ekonomiko finantzarioan oinarritu da: “diru sarreren atalean, zerbitzu orokorren gastua lehenago Mank-eko zerbitzu guztien artean banatzen zen, zerbitzu bakoitzari gastu orokorraren zati proportzionala esleituz. 2022ko ekitaldi honetan, ur-zerbitzuari eta berdintasun-zerbitzuari dagokien zatia baino ez da bereiziko”. Altsasuko Udalaren iritziz, “ekarpenen aurrekontua egiteko modu horrek urratu egiten du Estatutuen 37.2 artikulua; izan ere, ez du zerbitzu orokorren gastua Mankomunitateko zerbitzu guztien artean banatzen, ur eta berdintasun zerbitzuetarako baizik”.
Zerbitzuez
Altsasuko Udalak Mank-en aurtengo aurrekontuan zerbitzuen sarreren eta gastuen zerrenda ikusi du orekatua dela. Baina “hor ikusten da gastu orokorrak ez direla banatu”. Gaineratu duenez, “Ur Zerbitzuko diru sarreren soberakina finantzaketa defizita duten zerbitzuak finantzatzen ari da. Gauza bera gertatzen da hondakindegiarekin, nahiz eta Mank-eko Kontuhartzailetzaren txostenean ohartarazten den industria tasek hondakindegia ixteko sortu behar den funtsa finantzatu beharko luketela, eta, berez, hondakinen zerbitzuaren defizita finantzatzen ari direla”.
Aldi berean, Altsasuko Udala Mank-en Ur Zerbitzuari erreparatu dio: “udalerri bakoitzari fakturatutako metro kubiko kopurua da aplikatutako gastuak banatzeko irizpidea. Irizpide hori mantentze gastuen banaketari aplika dakiokeen arren, ez litzateke inolaz ere aplikatu behar finantza eta inbertsio gastuei, gastu horiek ez baitaude fakturatutako kontsumoaren mende”. Udalak gaineratu duenez, “Estatutuetan ez da inon jasotzen metro kuboen kontsumoa Ur Zerbitzuan dauden udalerrien artean banatzeko irizpidea denik”.
Azkenik, Altsasuko Udalak alegazioetan argudiatu duenez, “udalek zerbitzu bat finantzatzeko egiten dituzten ekarpenetara jotzea azken aukera izan beharko litzateke; izan ere, estatutuetan aurreikusten denez, udalek Mank-en zorrak ordaintzeko betebeharra izanen dute soilik beren baliabide propioak nahikoa ez direnean”. Gaineratu duenez, “Mank-en aurrekontuaren espedientean agertzen den dokumentazioan aitortzen da ez direla tasak igoko, eta, beraz, Mank-ek baliabide propioak izan ditzake udalen ekarpenak handitu beharrik gabe”.