Aurten Altsasuko Udalak 8.502.322,87 euroko aurrekontua du, joan den urtean baino 444.907,87 euro gehiago. Aurrekontuan udala, Aita Barandiaran egoitzaren patronatua eta Udal Musika eta Dantza Eskolaren patronatua sartuta daude. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “pandemiak sortutako aparteko beharrei aurre egiteko gastua handitu zen. Horregatik, joan den urteko aurrekontuan udaleko zerbitzuen programei aplikatutako %10eko aurrekontu doikuntza aurtengo aurrekontuan birbideratzen da. Era berean, 2021ko aurrekontutik desagertu ondoren, 2022ko aurrekontuak berriro aurreikusten ditu festa, ospakizun eta ferietarako diru saila”.
Aurtengo aurrekontuak Geroa Bairen aldeko eta EH Bilduren kontrako botoekin aurrera atera ziren. Oposizioko koaliziotik adierazi zutenez, “aurrekontuan betiko diru sailak mantentzen dira, kopuru txikitan handitzen direnak. Aurrekontuak Altsasuren garapenari ez dio ekarpenik egiten. Etorkizuneko proiektuekin aurrera egiteko saiakerarik ez dago. Esaterako, udal eraikinetan energia autokontsumorako azpiegiturak jartzea”.
Langileak eta erakunde autonomoak
Udalak aurten langileak ordaintzera aurrekontuaren %42,36 bideratuko ditu, 2.879.486,31 euro. Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordainsariak %2 igo da. Ollok gogorarazi du joan den urtean udalaren “langile gastuak nabarmen egin zuen gora, batez ere pandemiak sortutako ezohiko egoeraren ondoriozko udal-eraikinen garbiketa indartzeko”. Alkateak jakinarazi duenez, garbiketa errefortzu hori “pandemiaren egungo egoeraren esparruan bereziki sentikorrak diren udal eraikinetan soilik mantenduko da: Zelandi eskola publikoan, Txirinbulo udal haur eskolan eta Aita Barandiaran adinduen egoitzan”. Azkenik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 45.000 euroko dirulaguntzarekin, eta Altsasuko Udalak jarriko duenarekin, zortzi langabetu kontratatuko ditu urte erdirako.
Aita Barandiaran adinduen egoitzaren patronatuak 1.329.867,03 euroko aurrekontua izanen du. Kopuru horretatik 277.866,75 euro udalak jarritakoa da, %2 gehiago. Egoitzaren aurrekontu zati handiena, 565.000 euro, erabiltzaileen tasen bidez lortzen da, eta aurrekontua Nafarroako Gobernuaren 487.000,28 eurorekin osatzen da. Bestetik, Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 378.714 euroko aurrekontua izanen du. Haietatik 246.824,14 euro udalak jarriko ditu, 96.890,62 euro ikasleen kuotetakoa izanen da eta 32.000 euro Nafarroako Gobernuarenak.
Udal zerbitzuak
Kultura, festak eta ospakizunen zerbitzuak 225.272 euroko aurrekontua izanen du aurten. Dirua honako diru sailetan dago banatuta: kultura jarduerak 78.000 euro (9.000 gehiago), euskararen arloko jarduerak 5.000 euro (2.000 gehiago), festetako jarduerak 80.000 euro (20.000 gehiago), peñen batzordearendako 9.000 euro (250 gehiago), abeltzaintza azoka 18.000 euro, txistularien kaleko emanaldietarako 5.224 euro, Altsasuko Gaitariak elkartearekin kontratua 2.500 euro, Haize Berriak bandarekin hitzarmena 22.000 euro eta arte erakundeendako diru laguntzen deialdia 5.548 euro. Gizarte ongizate zerbitzura 32.400 euro bideratu ditu udalak. Lau diru sail daude: irabazi asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntza deialdia 8.000 euro (1.000 gehiago), garapenerako lankidetzako proiektuendako dirulaguntza deialdia 7.000 euro, La Union erretiratuen eta pentsiodunen elkartearendako dirulaguntza 13.900 euro eta DYA Navarrarekin kontratua 3.500, euro.
Gazteria eta kirol zerbitzuak hamaika bat kirol klubekin kirol eskolak kudeatzeko hitzarmenak sinatuak ditu Altsasuko Udalak. Haur eta gaztetxoen artean kirola sustatzeko udalak 138.495 euro bideratuko ditu, joan den urtean baino 10.349 euro gehiago. Dirua horrela dago banatuta eskolen artean: futbola 32.300 euro, saskibaloia 20.000 euro, gimnasia erritmikoa 13.100 euro, pilota 13.000 euro, taekwondo 12.780 euro, irristaketa 10.200 euro, txirrindularitza 9.895 euro, tenis 8.770 euro, atletismoa 8.600 euro, yoseikan budo 7.300 euro eta igeriketa 2.550 euro.
Joan den urtean bezala, erremontea sustatzeko 3.000 euroko diru saila dago. Horretarako, udalak hitzarmena sinatuko du Euskal Jai Berri fundazioarekin, E-Remonte enpresarekin eta Pilotajauku klubarekin. Bestetik aurten 75 urte betetzen dituen Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin hitzarmen bat sinatuko du udalak, eta 3.000 euroko ekarpena eginen du. Haren bidez Altsasu Erriberri, Lizarra eta Iruñearekin batera junior mailako Espainiako saskibaloi txapelketako egoitza izanen da. Gainera, kirol elkarte eta klubendako dirulaguntzen deialdiak 20.000 euro izanen ditu. Azkenik, Gazteria Batzordearen 22.000 euroko aurrekontua izanen dute, aurrekoan baino 2.000 euro gehiago.
Ekonomia garapena eta mendia zerbitzura 32.200 euro bideratu ditu udalak, horrela banatuta: bideen mantenua egiteko 15.000 euro, baso lanen eta abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko proiektu bana idazteko 6.200 euro (diruzaintzako gerakinarekin eginen ditu lanak udalak), ekintzailetza sustatzeko 4.000 euro bideratu ditu, Basoen Batzordearen jarduerek 3.000 euroko aurrekontua izanen dute eta ekonomia garapenekoak 4.000.
Hirigintza zerbitzuari dagokionez, Altsasuko Udalak eraikinetan inguratzaileak birgaitzeko jarduketak egitea sustatzeko ordenantza du. Haren bidez joan den urtean 8.000 euroko dirulaguntzak eman zituen. Horrelako lanak egin eta eraikinak termikoki egoki isolatzeko lanak egiteko bigarren plan orokorra eginen du udalak eta, horretarako, 3.000 euro inguru erabiliko ditu. Horrekin batera, hirigintza plana idazteko diru sailak ere jasoak daude udal aurrekontuan.
Inbertsioak
Udalaren aurrekontuan hainbat inbertsio zehaztuta daude, baina, Ollok jakinarazi duenez, inbertsio gehiago eginen ditu udalak. “Inbertsio plan bat egingo da ilbeltza bukatu baino lehen, eta hango inbertsioak diruzaintzako gerakinarekin finantzatutako dira”. Alkateak aurreratu duenez, inbertsioak eginen dira esaterako: udal haur eskolan, Amandrea plazan, kirol instalazioetan, kaleak konpontzean, bideak berritzean, industrialdeak hobetzean… Bitartean aurrekontuan jasotako zazpi inbertsio nabarmentzen dira, haietako hiru gauzatzeko baldintza badute ere.
Pergola
Geroa Baik herrialdeko aurrekontuei zuzenketa aurkeztu eta gero, Nafarroako Gobernuak Altsasuko Udalari 300.000 euroko transferentzia eginen dio. Diru hori kultur guneko zabalgunean 40 metro luze eta 18 metro zabalerako pergola eraikitzeko izanen da. “Gizarte, ekonomia eta kultura sare garrantzitsua duen udalerri bati dagozkion jarduera ugari garatu eta udalerria dinamizatzen lagunduko du”, azaldu du alkateak. Ollok azaldu duenez, “proiektua egin aurretik, ideia lehiaketa bat eginen da. Profesionalek aurkeztutako proposamenetan udalak aldez aurretik zehaztutako premiak jaso beharko dira. Parte hartzeko prozesu baten bidez (bozketa) proiektua idazteko behin betiko ideia aukeratuko da, eta haren egileak izanen du hura egiteko ardura”. Gobernuak transferentzia egin bitartean, “udalak ideia lehiaketa arautzen dituen oinarriak onartuta ditu eta udal zerbitzu teknikoek beharrezko txostenak egiten dituztenean, oinarriak onartu eta prozesua martxan jarriko da” gaineratu du alkateak. Dirulaguntza arautzen duen gobernuaren ebazpenean zehaztuko da lanak noizko egon beharko duten bukatuta eta justifikatuta. Ollok gogorarazi du aurreko urteetan azaroaren 30a izan dela.
Beheko ur hornidura berritzeko plana
Altsasuko Udalak plan bat eginen du beheko ur hornidura sarea berritzeko. Planean lehentasunak zehaztuko dira. Horretara 10.000 euro bideratuko ditu. Udalaren asmoa da urtero sarea berritzeko lanak egitea, eta, horrela, zuntz-zementuzko hodiak ordezkatzea, eta sare osoa sektoreka banatzeko. Azken horrek sor daitezkeen ur ihesak errazago atzematen lagunduko du. Lan horiek udalak berak edo Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen bidez finantzatuko dira.
Otadiako 3. sektoreko euri uren irteera sistema berritzeko proiektua idaztea
Sektorearen Plan Partzialean jasota badago ere, urbanizazioa egin zenean ez zen euri uren sareko hodia Arakil ibairaino eraman. Hori egin beharrean, CHEren baimenik gabe, euri urak ur sare bateratu zahar batera isuri ziren. Baina sare horretako hodi zaharra ez da nahikoa Otadiako 3. sektoretik datorren euri ur guztia hartzeko eta uholdeak sortzen dira. Hori konpontzeko 7.000 euro bideratu ditu Altsasuko Udalak, diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko duena.
Iortia kultur etxearen fatxada iragazgaiztea
2011tik, gutxienez, fatxadatik ura sartzen da. Urik ez sartzeko fatxada garbitu, irekita dauden harrien arteko junturak birbatu eta kolorerik gabeko hidrofugozko bi esku emanen dira. Lanek 20.000 euroko aurrekontua dute.
Liburutegiaren itxitura akustikoa
Goiko solairuan ikasteko erabiltzen dute hainbat gaztek. Areto nagusian sortzen den zaratatik isolatzeko goiko partea itxiko du udalak. Horretarako, beirazko baranda eta kristalezko tabike modulu sistema jartzea aurreikusten da, aluminio lakatuzko arotzeriaz eta 5+5mm-ko segurtasun beiraz osatua, 34Db-ko isolamendu akustikoa sortzen duena. Lan horietara udalak 12.000 euro bideratuko ditu.
Autokarabanendako zerbitzu gunea
Autokarabanen erabiltzaileek ur garbia hartzeko, ur beltzak eta grisak husteko zerbitzugunea prestatu nahi du udalak. Gainera, eremua behar bezala seinaleztatuko da, bai tokian bertan, bai hiriguneko hainbat puntutan. Horretara udalak 16.000 euro bideratuko lituzke. “Autokarabanismoa urtetik urtera goraka doan turismo praktika da, potentzial ekonomiko ertaina edota altua duten pertsonek egiten dutena, hiri eta herrietako merkatutan, tabernetan eta abarretan gastatzen duena. Guneak erabiltzaileendako funtsezko zerbitzu bat eskainiko lieke, pertsona horiek Altsasura gehiago etorriko liratekeela aurreikusten da”, azaldu du alkateak. Gaineratu duenez, “asmoa da karabana gunea herrian egotea”. Bi aukera aztertzen ari dira udalean: Aminanespila kalea, Zelandi kirol gunearen ondoan, eta Otadia ingurua. Inbertsio hori eta aurreko biak egin ahal izateko, Altsasuko Udalak San Pedro A-2 taldean duen etxebizitza enkante publikoan saldu beharko du.
Erraldoi berriak erosi
Altsasuko erraldoi konpartsak lau irudik osatzen dute kinta, kintoa (2019an erosiak), momotxorro eta sorgina. Azken bi horiek XX. mendeko 90eko hamarkadan erosi ziren eta hondatuta daude. Irudiak dantzarazten dituztenen proposamenari segituz, udalak horiek ordezkatzeko bi erraldoi berri erosi nahi ditu eta, horretara, 12.000 euro bideratu ditu. Udalaren ideia da aurtengo festetan mustutzea bi erraldoiak.
Sarrerak
Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (ICIO) bidez 110.000 euro jasotzea aurreikusten da. Bestetik, zuzeneko zergengatiko sarreren aurreikuspena 2.162.464,60 eurokoa da. Horien barruan daude: landa-eremuko lurralde-kontribuzioa, hiri-lurraldeko kontribuzioa, ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zerga, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga eta ekonomia-jardueren gaineko zerga. Bestalde, tasa, prezio publiko, trafiko-isun eta antzeko beste kontzeptu batzuengatik diru sarreren aurreikuspena 881.620,60 eurokoa da.
Transferentzia arruntetatik Altsasuko Udalak 3.125.244 euro jasotzea espero du. Horien artean dago Toki Ogasunen Funtsarena. Udal finantzaketarako eredu berria indarrean sartzearen ondorioz, Altsasuko Udalak 2.700.000 euro jasoko ditu. Horretaz aparte esaterako honako transferentziak jasoko ditu Altsasuko Udalak: etxerik gabeko pertsonentzako aterpe zerbitzua, udal haur eskolagatik, kirol eta gazteria jarduerengatik, Estatuak Indarkeriaren aurkako Ituna, Euskarabidea…
Aurrekoarekin batera, urtero moduan Altsasuko Udalaren asmoa da Zelandi eskola publikoaren instalazio elektrikoaren zati bat berritzea udan. 80.000 euroko inbertsioa aurreikusten du eta, horretarako, Hezkuntza Departamenduaren dirulaguntza aurreikusi du (%65ekoa). Azkenik, San Pedro A-2 taldean dagoen udalaren jabetzako etxea enkante publikoan saltzeagatik 48.011,88 euroko diru-sarrerak aurreikusten dira. Diru-sarreren aurreikuspen horrek inbertsioei buruzko gastua baino ezin du finantzatu. Etxea salduz gero udalak hiru inbertsio eginen ditu.