Izaskun Fernandez Rubio eta Julian Saez-Lopez Santamaria El Patio antzerki konpainiako kideak dira. Haien antzezlanen formatua berezia da, txikia, intimoa. Ikus-entzuleak gertu egon behar dute, "gaur egun pandemiak uzten duen neurrian, noski", azaldu du Fernandezek. Fernandezen bi aitonak eta bi amonak bizirik daude, ia 93 urte dituzte. Saez-Lopezek, aldiz, ez du aitona-amonik.
Fernandezen familiarena ez da ohikoena, eta horregatik egun batean esan zion bere kideari: "Hiltzen direnean hileta erritu hori gutxiegi irudituko zait. Gustatuko litzaidake nire aitona-amonen buruzko antzezlan bat egitea nire maitasuna erakusteko". Hil arte ez itxoiteko esan zion Saez-Lopezek, "orain, bizirik daudela, egiteko". Egin zuen eta Conservando Memoria deitzen da lana. Ilbeltzaren 21ean, 19:00etan, Iortia kultur gunean izanen da, Josefina Arregi klinikako lagunak elkartearen eskutik. Sarrerak kultur guneko txarteldegian edo webgunean eros daitezke.
Aitona-amonen bizitzen inguruan jakin nahian, Fernandezek elkarrizketak egin zizkien. "Itxuraz bizitza eta istorio oso xumeak ziren. Xumeak direlako, baina gauza asko kontatu zidaten; dena ez da obran ateratzen, baina hortik abiatu ginen". Iortiako areto txikian izanen da Altsasuko emanaldia, "oso intimoa". Objektuekin lan egiten dute, "kontserbekin". Fernandezen aitona-amonen memoria "gordetzen" dituzten ontziak.
Conservando Memoria antzezlana egiten konturatu dira, "gutxi gorabehera aitona-amona guztiek antzeko zerbait bizi izan dutela: pobrezia, landa lana…". Fernandezen kasuan haren lau aitona-amonak Aresekoak dira, "laurak; esan nien ez ote genuen Ameriketan edo senideren bat eta baietz esan zidaten, Obekurin izeba bat genuela! Obekuri Arabako mendialdean dago, Arasetik, Nafarroatik, oso gertu". Historia pertsonaletik unibertsalera joan nahi izan dute. "Nire aitona-amonaren historia da, baina belaunaldi batekoa da". Maitasun adierazpen bat: "Jakinduria, bizimodu edo mundua ikusteko modu hori galtzen ari da, eta ez diogu behar duen garrantzia ematen".
Kontatzen dituen gauzak ez direla "handiak" azaldu du Fernandezek. "Lokalera iritsi nintzen leher eginda eta Juliani esan nion nire aitona-amonen bizitzan ez zegoela aparteko istoriorik. Ez ziren inoiz herritik atera, ez zuten inoiz bidaiatu… Berak esan zidan adi egoteko, belaunaldi horretan antzeko bizitzak hori zela ohikoena, eta bizitza horiek beraiek apartekoak zirela".
Adineko jendearen bizitzak apartekoak izan dira, gaur egungo ikuspegitik xumeak iruditu arren. "Balorean jarri behar ditugu, kasu egin behar diegu".