Kintoak 2022

Azkenean, kinto dira

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urt. 18a, 11:35

2022ko Altsasuko kintoak.

Urte bat beranduago 2003an jaiotako altsasuarrak kinto izanen dira. Santa Ageda egunean haien ospakizuna hasiko dute, eta otsailaren 9ra arte zortzikoak dantzatuko dituzte, banan-banan, plazan. Horretarako dagoeneko entseguak egiten ari dira.

Altsasuko 2022ko kinta berezia da. Hasteko, 2021eko kinta izan behar zuelako. Hainbeste urte itxoin ondoren, Covid-19 birusak eragindako egoeragatik atzeratu behar izan zuten. Beraz, aurten 19 urte betetzen dituzten gazteak izanen dira kinto. Urte bat beranduago ilbeltzaren 6an, Errege egunean, eta tradizioari jarraiki, kintoak elkartu ziren bi erregeak eta bi erreginak aukeratzeko. Haiek izanen dira bost egunetako ospakizuna prestatzen arduradunak. Baita lehenengo zortzikoak dantzatzen lehenengoak ere. Ez dira bakarrik egonen, beste kintoen laguntza ez ezik, dantza irakasten ariko diren Txetxo Claver, Aitziber Etxaiz eta Maixabel Lopez de Uralderen laguntza izanen dute ere.

Ilbeltzaren 6a, beraz, egun oso garrantzitsua zen 2003an jaiotako altsasuarrendako. Urte bat itxoin ondoren, Santa Ageda ospakizuna gertuago ikusi zuten, eta lehenengo urratsa kintoen buruzagia aukeratzea zen. 57 kinto aurkeztu ziren, 32 mutil eta 25 neska. 2022ko kinta bereziaren bigarren berrikuntza izan zen, egun horretan, ohituraz udaletxearen batzar aretoan egiten den hautaketa Foru plazan, aire librean, egin zelako zozketa. Eta publikoa zenez, jende asko hurbildu zen karten banaketa ikustera. Gehienak kintoen senideak eta lagunak. Batzar aretoan egin ezin dena. Egoerak behartuta egindako aldaketa onerako izan omen da, eta agian datozen urteetan hautaketa plazan eginen du Altsasuko Udalak.

Hautaketa
Kartek aukeratzen dituzte Altsasuko kintoen buruzagiak. Funtzionamendua zera da: Altsasuko alkateak txanpon bat botatzen du eta gurutzea ateratzen bada mutikoekin hasiko da eta aurpegia ateratzen bada, aldiz, neskekin. Aurten gurutzea atera zen, eta lehenengoak, beraz, gizonezkoak izan ziren. Behin aurkeztutako kinto mutilak zirkuluan jartzen direla, alkateak pentsatutako zenbaki bat esan behar dute. Asmatzen duenak jasoko du lehenengo karta. Banan-banan guztiek karta bat jasoko dute, lehenengo erregea atera arte. Ondoren, kartak banatzen jarraituko du, bigarrena atera arte. Neskekin prozedura berdina egiten da.


Banan-banan kintoek karta bat hartzen dute.

Errege eta erreginak aukeratzeko tentsio uneak bizi izan ziren. Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak buelta bat eman zuen, bigarren buelta... Azkenean, Oier Cuerdo Larrazak jaso zuen lehenengo erregea. Ingenieritza elektronikoa ikasten ari da Leioako fakultatean, eta ez zuen espero errege izatea. Bigarren erregea hurrengo bueltan atera zen, eta Unai Calvo Fuentesek atera zuen. Sarrikoko fakultatean ekonomia ikasten ari da, eta nolabait errege aterako zela uste zuen, "zerbait sumatzen" zuen, "oso gafea naizelako". Ixone Rodriguez Sanchezek hartu zuen lehenengo erregea alkateak banatzen zuen lehenengo itzulian. Iruñean aho-hortzetako higienea ikasten ari da, eta harriduraz hartu zuen kargua. Hirugarren bueltara arte ez zen jakin nor izanen zen nesken bigarren buruzagia, eta, azkenean, Ainara Diaz Perezek hartu zuen karta. Biologia ikasten ari da Leonen. Kargua hartu ondoren kintoen izen abizenak jaso zituzten.


2022ko kintoen buruzagiak: Unai Calvo Fuentes, Oier Cuerdo Larraza, Ixone Rodriguez Sanchez eta Ainara Diaz Perez.

19 urte
Duela zenbait urte, kintoen ospakizuna soldaduskari lotuta zegoen. Milia egitera joaten ziren gizonezkoek osatzen zuten kinta, eta 19 eta 21 urte bitarteko gazteak izaten ziren Santa Ageda ospatzen zutenak. Denborarekin, eta derrigorrezko soldaduskaren desagerpenarekin, urtean 18 urte betetzen zituzten gazteak bihurtu ziren kinto. Pixkanaka-pixkanaka eta emakume askoren borrokari esker, nesken presentzia geroz eta handiago izaten joan zen, gaur egun arte, mutilak eta neskak ospakizunaren alderdi guztietan berdin parte hartzen dutelarik.

Kintoen gaztetasuna duela hamar bat urteko eztabaida izan zen. Bi ziren guraso eta irakasleak planteatzen zituzten arazoak: Kinto gehienak adin txikikoak ziren, eta ez ote ziren gazteegiak horrelako ospakizun handian parte hartzeko; eta egun batzuez, klaseetara huts egiten zuten. Azkenean, eztabaida hutsean gelditu zen, eta duela zenbait hamarkadako tradizioa mantendu zen; 18 urterekin kintoak izaten jarraitu zuten. Pandemia iritsi den arte. Derrigorrez, eta iazko pandemia egoeragatik, aurtengo kinto guztiak adinez nagusiak dira.

Ikasketak eta entseguak
Urte bat gehiago duten arren, ez dute uste eraginik izanen duenik ospakizunean. Bai, ordea, prestaketetan. Izan ere, unibertsitate edo goi gradutako ikasleak dira gehienak, eta Altsasutik kanpo bizi dira. Astelehenean hasi zituzten otsailaren 4ra arte eginen dituzten entseguak, eta askok ezinen dute ilbeltzaren bukaerara arte parte hartu ikasi behar dutelako. Kintoen errege eta erreginen kasuan, esaterako, Rodriguezek Iruñean ikasten duenez arazorik ez duela izanen aipatu du. Calvoren kasuan ere Bilbon bizi den arren azterketa garaian daudenez lau egunetan bakarrik joan behar duela aipatu zuen. Cuerdo eta Diaz, aldiz, ostiraletan edo 24tik aurrera egonen dira Altsasun. Hala ere, dagoeneko zortzikoa dakitela aipatu zuten, baita jota eta porrusalda ere. "Alde batetik, unibertsitatean gaudenez nolabaiteko askatasun gehiago dugu, baina, beste alde batetik, ikasi beharra dugu", aipatu du Cuerdok. Urte bat gehiagorekin ospatzeak alde onak eta txarrak ditu.

 

Erlazionatuak