Saskibaloia

Alfarotik garaipena ekarri zuen CBASK Jatormanek

Guaixe 2022ko urt. 20a, 12:00

Autonomien Arteko Bigarren maila. Hamabigarren jardunaldia: Atleet CB Alfaro 41 - CBASK Jatorman 79

Asteburuan Autonomien Arteko Bigarren mailako ligako hamabigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuko CBASK Jatorman taldeak Errioxan jokatu zuen, Atleet Alfaro taldearen kontra. Sailkapenaren behealdean dauden bi taldeen arteko lehian, bikain aritu zen talde altsasuarra, nagusitasun osoz 41 eta 79 gailendu baitzen. Talde altsasuarrarendako garaipen garrantzitsua da hau, animoari eutsi eta aurrera egiteko. 

Larunbatean, Zelandin
Asteburuan ligako hamahirugarren jardunaldia dago jokoan eta larunbatean CBASK Jatormanek sailkapenean azkena den CB Cenicero taldea hartuko du Zelandi kiroldegian 18:00etan hasiko den partidan. Ea altsasuarrek garaipenaren bidean jarraitzen duten. 

Senior mailan, gutxigatik baina galdu
Bigarren Senior mailan CBASK Ifuel Selco Electronica izan zuen aurkari asteburuan jokatutako hamaikagarren jardunaldian. Lehia oso estua izan zen eta, bi taldeek izan zuten garaipena lortzeko aukera. Azkenean, eta puntu bakarraren aldearekin, garaipena Azkoienen geratu zen, Selco Electronicak 46 eta 45 irabazi ziolako CBASK Ifuel taldeari.