Astekaria

"Laba euskarazko kultur proiektu bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urt. 25a, 13:30

Erkuden Aldasoro Errea, Laba Sareko partaidea. UTZITAKOA

Iruñeko Gaztelu plazan Laba Sareak espazioa mustu du. Sarean Altsasun sustraiak dituen Erkuden Aldasoro Erreak parte hartzen du

Laba lokal bat baino gehiago da, pixkanaka garatzen ari diren kultur proiektu bat da. Gaur, ilbeltzak 25, 19:00etan, ideiak "borborka" jartzeko deialdi irekia egin dute. Bihar, 19:30ean, Iñigo Astiz eta Larraren errezitaldi musikatua izanen da, eta ostegunean, 16:00etatik 18:00etara, Euskalerria irratiaren zuzeneko emisioa eginen dute Labatik. 

1. Zer da Laba?
Askotan eskatu digute definizio bat, baina egia esan ez dago guztiz definituta. Euskara tresna duen kultur proiektu bat dela esango nuke. Gauza batzuk definitu dira, batez ere zer den. Momentuz, kafetegi eta kultur gune bat da. Baina hor gertatuko diren gauza asko irekita ditugu. Oraindik zerbait eratzeko bidean dago, eta jendea parte hartzera gonbidatuta dago.

2. Nortzuk osatzen duzue proiektua? Nork parte har dezake?
Parte har dezake nahi duen orok. Nahiko talde anitza gaude. Orain arteko ibilbidean 40 edo 50 bat lagunek parte hartu dugu. Adinak denetarikoak dira, gazteenak 18 edo 19 urte ditu eta zaharrenak 60 urte baino gehiago. Profilaren aldetik ere oso anitza da. Gauzak egiteko gogoa duen edonork parte har dezake. Hor gauden jende askok ez genuen aurretik elkar ezagutzen, eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Gauza kulturalak antolatzen ari den jendea dago, eta beste batzuk, esperientzia gutxi baina gog asko dutenak dira. Nahasketa hori oso interesgarria da.

3. Nola sortu da proiektua?
Karrikiri elkartera kultur proiektu bat egiteko gonbidapena iritsi zen eta hiriko jendeak gonbidapena luzatu zuen. Euskararekin lotura duen familia baten lokala da, eta bertan kultura euskaraz sustatzeko zerbait egiteko eskaera iritsi zen. Gonbidapen nahiko zabala izan zen. Hor hasi zen ideia, lantegi bat, ea zer egin zitekeen eta pixkanaka forma hartzen eta definitzen joan da.

4. Nolakoa izan da prozesua?
Pixka bat zaila izan da. Pandemiarekin elkartzeko aukera gutxi zeuden. Gorabeheratsua izan da. Bestalde, alde batetik zer gustatuko litzaiguke egitea, zer den posible egitea eta lokalaren arabera zer egin daitekeen definitzen joan gara. Lokala handia da gauza batzuetarako, baina txikia beste gauza batzuetarako. Iruñeak oraindik ez zeukana edo dauden proiektuekiko gehigarria izango zen zerbait definitzen joan gara. Espazioa auzolanean egin dugu. Baziren egin ezin genituen obra batzuk, baina altzariak eta horrelakoak guk egin ditugu.


Gaztelu plazako espazioa auzolanean egin zuten. UTZITAKOA

5. Zergatik parte hartu duzu?
Orain irakasle lanetan ari naizen arren, arkitektoa naiz, eta espazioaren antolaketa kontuan lagundu ahal ote nuen interesatzen zitzaidan.Gero asko ikasi dut beste gauza askotatik ere. Ez nuke jakingo esaten zehazki zer ikasi dudan, baina asko ikasi dut.

6. Espazioa Iruñean dago. Irekia da, ezta?
Bai, guztiz. Gainera, kokapena estrategiakoa da. Gaztelu plazan dago iruindarron eta nafarron egongela kontsideratzen dena. Guztiz irekia dago nahi duenarentzat.

7. Zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Egunez, kafetegi bat da. Aldi berean elkartzeko modu baten gisa planteatzen dugu ere. Oholtza bat dauka bertan kultur ekitaldiak antolatu ahal izateko. Momentuz, hori da. Orain arte espazioa definitzen aritu gara, eta hemendik aurrera proiektuen alde kulturala definitzen ari gara. Oraindik irekia dago. Bertan denda bat egotea ere pentsatu dugu, bertako produktuei bideratuta. Baina hori plangintzan dago oraindik.

8. Kultur egitarauak prestatuko dituzue?
Nolabaiteko ildo batzuk prestatzen ari gara. Ekitaldi solteak antolatzen ari gara, baina epe luzerako edo behintzat ildo bat jarraituko duten proiektuak ere antolatu nahi ditugu, eta hori definitzen ari gara.

9. Nola finantzatzen zarete?
Elkarte asko hasten diren bezala hasi ginen, bazkidetzarekin. Gero crowfounding zabal bat egin genuen lokalak marko legalera egokitzeko obrak behar zituelako, elbarrientzako komuna eta horrelako egokitze batzuk behar zituen, eta crowfounding baten beharra ikusi genuen. Hemendik aurrera gure asmoa da bazkidetza zabaltzea, bazkide gehiago lortzea, eta beste diru iturri gehiago bilatzea. Baina bazkidetza izango da gure oinarria.

10. Zerbait hartzera joan ez ezik, nola parte har dezakete sakandarrek?
Sare sozialetatik edo webgunean dugun korreoaren bidez gurekin harremanetan jarriz.

11. Zergatik Laba izena?
Proiektuarekin hasi ginenean izenak pentsatzen aritu ginen eta ikusi genuen euskal gauzetan asko zirela urarekin eta euriarekin zerikusia zuten izenak. Guk hortik urrundu nahi genuen. Sumendiarena eta labarena metafora polita iruditu zitzaigun esateko poliki gatozela, baina bagatozela. Ahoskatzeko erraza izatea nahi genuen ere, bai euskaldunentzat bai erdaldunentzat. Justu, garai horretan, La Palmako sumendia izan zen. Bat egin zuen.