Amiantoak hildako baten alargunari alarguntza pentsioa onartu diote

Guaixe 2022ko urt. 25a, 11:46

Sunsundegui lantegiko bulegoak.

Sunsundeguin lan egindako gizonezko gipuzkoarrari erretiratu ondoren diagnostikatu zion Osakidetzak biriketako mesotelioma, eta 2021eko ilbeltzaren 1ean hil zen.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak Sunsundeguiko langile erretiratu baten alargunaren erreklamazioa onartu du, eta, ondorioz, amiantoak sortutako gaixotasun profesionalaren ondoriozko alarguntza pentsioa onartu diote. Gizarte Segurantzak onartzen du langilea amiantoaren eraginpean egoteagatik hil zenez, lanbide gaixotasunaren ondoriozko alarguntza pentsioa jaso behar duela alargunak.

ELAko kideek zehaztu dutenez, hildako langilea Sunsundeguiko txapa atalaren arduraduna izan zen 1991ko ilbeltzetik 2000ko apirilera. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2021ko apirilean egindako klinika eta lan txostenean jasotzen denez, Sunsundeguiren Altsasuko instalazioetan “barrutik amiantoz estalita zeuden tren bagoiak eraberritzen ziren”, eta ondorioztatzen du “ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik, esposizio irizpidea dutela bai latentzia denboragatik (30 urte inguru), bai eta pairatzen duen patologiagatik (pleurako mesotelioma)”.  Sindikatuak azaldu duenez, “orain hildakoaren alargunak zein senideek aukerak dituzte segurtasun neurri gabeziengatik prestazioen errekargua eskatzeko, edota erantzukizun zibilaren arloko ekintza abiatzeko”.

ELAko kideen iritziz, “amiantoa ondorio dramatikoak dituen laneko pandemia da, enpresaburuen eta administrazioen mespretxuaren ondorio”. Sindikatuak erakunde publikoei eskatu die “langile klasearen osasunerako eskubidea eta eragindako kalteen ordaina modu eraginkorrean bermatzeko beharrezko baliabideak eslei” ditzatela, “eta lantokietatik minbizia eragiten duten produktuak ezabatzeko konpromisoa berresten du”. ELAtik, azkenik, dei egin diete “amiantoak kaltetutako langile eta senideei euren eskubideak erreklama ditzaten, gaixotasunak amiantoaren eraginpean egon eta urte askotara agertzen baitira”.