Saskibaloia

CBASK Jatorman alde handiz gailendu zitzaion CB Cenicerori

Guaixe 2022ko urt. 27a, 11:03

Asteburuan Zelandi kiroldegiko parket berritua mustu zuten CBASK klubeko taldeek. CBASK

Autonomien Arteko Bigarren maila. Hamahirugarren jardunaldia: CBASK Jatorman 90 – CB Cenicero 40

Asteburuan Autonomien Arteko Bigarren mailako ligako hamahirugarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuko CBASK Jatorman taldea aurreko asteburuan Errioxan Atleet Alfaro taldearen kontra irabaztetik iritsi zen jardunaldira, eta garaipenaren xendan jarraitu zuten altsasuarrek, Errioxako CB Cenicero taldearen kontra 90 eta 40 gailendu baitzen larunbatean Zelandin jokatutako partidan. Talde altsasuarrak Zelandin jarritako parket berritua probatzeko aukera izan zuen. Garaipen honi esker sailkapenean hamaikagarren postuan dago CBASK Jatorman (15 puntu), hiru partida gutxiagorekin, Valle de Egües liderretik (23 puntu) 8 puntura. 

Larunbatean, Enerparking aurkari Zelandin
Asteburuan ligako hamalaugarren jardunaldia dago jokoan eta atzera ere etxean jokatuko du CBASK Jatormanek, sailkapenean hirugarren den Enerparking Basket Navarra taldearen kontra. Partida larunbatean jokatuko da, 18:00etan, Zelandin, eta lehia zaila espero dute altsasuarrek. Ea azken bi garaipenek beharrezkoa duten animoa ematen dieten. 

Senior mailan, gutxigatik baina galdu
Bigarren Senior mailan CBASK Ifuel Selco Electronica izan zuen aurkari asteburuan jokatutako hamaikagarren jardunaldian. Lehia oso estua izan zen eta, bi taldeek izan zuten garaipena lortzeko aukera. Azkenean, eta puntu bakarraren aldearekin, garaipena Azkoienen geratu zen, Selco Electronicak 46 eta 45 irabazi ziolako CBASK Ifuel taldeari.