Eskolako argindar instalazioa berrituko du udalak

Guaixe 2022ko urt. 31a, 09:27

Udan berritu zuten eskolako patioa.

Aurreneko faseko lanek 80.000 euroko aurrekontua dute. Ikastetxeko instalazio elektriko guztia berritzeko bigarren fase bat beharko da, heldu den urtean eginen dena.

Eskoletan ikaslerik ez dagoen garaia erabiltzen dute udalek beraien jabetzakoak diren eskola publikoetan berrikuntza lanak egiteko. Horretarako, normalean, Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza dute, aurrekontuaren %65. Laguntza jasotzeko eskatu eta proiektua aurkeztu behar da aurretik. Eta horretarako epea gaur despeditzen da. Horregatik, Altsasuko Udalak hilaren 19an egindako bilkuran 5.000 euroko aurrekontu aldaketa onartu zuen eskolan egin beharreko lanen proiektua egiteko. 

Udalaren asmoa da Zelandi eskolako argindar instalazioa berritzea. Aurten lan horren lehen faserako 80.000 euro bideratu ditu udalak aurrekontuetan. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “proiektuak instalazio elektriko guztia berritzea aurreikusiko du, beraz, segur aski bigarren fase bat egonen da, hurrengo urtean eginen dena. Horrela eskola osoko instalazio elektrikoa berritu arte”. Alkateak gaztigatu duenez, “kontutan hartu behar dugu momentu honetan eskolan dagoen instalazio elektrikoa eskola eraiki zenekoa dela, hau da, 1977. urtekoa”. 

Udalak azken urteetan Zelandi eskola publikoan lanok egin ditu: beheko solairuko komunak berritu (2016), lehen solairuko komunen berritu (2017), ateak aldatu segurtasun araudira egokitzeko (2018), barruko argiteria berritu LED argiak jarri (2018), beheko solairua margotu (2019), eskolaren teilatuko zati bat berritu (2020), lehen solairua margotu (2021) eta patioa berritu (2021).

Kontratuak eta lanak
Berriki Altsasuko Udalak bi kontratu eman ditu. Alde batetik, ur kontadoreak irakurtzeaz pertsona bakarreko Aranconta Metering sozietate mugatua arduratuko da. Egiteko horrengatik Altsasuko Udalaren 15.525 euro jasoko ditu urteko. Bestetik, orain arte bezala, Jorge Cordon Villar arduratuko da Iortia kultur guneko teknika eta bestelako zerbitzuez. Udalak 32.120 euro ordainduko dizkio urteko. 

Bestalde, udalak emandako bi lan despeditu dituzte. Alde batetik, Garbitokia eraikinean igogailu berria dago. Orona enpresak jarri du igogailu elektriko berria eta, horregatik, 21.200 euro kobratu ditu. Eta, bestetik, Intxostiapunta gazte txoko ondoan dagoen skate pista berritu du udalak eta, dagoeneko, erabilgarri dago. 2009an jarritako moduluak kendu eta Roig i Fills Associats enpresak porlanezkoa egin du. Lanagatik 22.900 euro (BEZ kanpo) jaso ditu.