Astekaria

Osasun publikoaren egoera larriari buruzko azalpenak

Guaixe 2022ko ots. 1a, 09:32

Osasun publikoaren alde Altsasun abenduan egindako kontzentrazioa.

Bihar, 19:00etan, Iortia kultur gunean hitzaldia izanen da Nafarroako osasun plataformak antolatuta.

Behin baino gehiagotan osasun etxeen parean bilkurak egin dira, osasun sistema publikoaren oinarri diren lehen arretako osasun zerbitzuen egoera larria salatzeko. Deialdi horiek Nafarroako osasun plataformak deitu izan ditu. Bere kideen iritziz, “Nafarroan, aspalditik, osasun sistema publikoa hondatzen ari da, eta are gehiago Altsasuko osasun eskualdean. Pandemia dela eta egoera larriagotu da eta prekarietate maila oso kezkagarriraino iritsi gara”. Egoeraren jatorria osasungintzako pertsonal falta dela nabarmendu dute plataformako kideek. Eta gabezia horrek “gure herritarrek behar duten arreta ez jasotzea” dakar. Eta, horrekin batera, “Osasunbideko langileek lan karga gehiegizkoa daukate eta ezin dira herritarren premiak artatu”.  

Errealitatea zein den azaltzeko Nafarroako osasun plataformako kide batek eta Altsasuko osasun etxeko langile batek hitzaldia eskainiko dute asteazkenean. Nafarroako eta Sakanako osasun egoerari buruzko informazioa emanen dute bertan. Plataformatik gaztigatu dutenez, “gizarte bezala, herri bezala, ez bagara mobilizatzeko gai eta ez bagara kapaz gure ahotsa eta protesta administrazioari helarazteko, gizarte ongizatearen zutoin preziatuenetako bat, osasun sistema publikoa, erortzen utziko dugu”.