Gorputzarekin adieraztea. Hori da Ander Chamorro Aldasoro altsasuarraren helburua. Aktore izan nahi zuela bazekien, baina "beldurragatik" ametsa alde batera uztea ere pentsatu zuen. Agertoki baten gainean zegoela jakin zuen zein zen bere ibilbidea. Madrilera bizitzera joatea ere ez zen nolanahi hartutako erabaki bat. Bertan arte eszenikoen mundua handia da. SCAENA-Carmen Roche arte eszenikoen eskolan antzerki musikaleko graduko bigarren maila egiten ari da orain.
Zergatik antzerki musikala ikasi?
Galdera zaila da. Klaseko lehenengo egunetan beti egiten digute. Txikitatik jakin izan dut artea nire bizitzan egotea nahi nuela. Asko gustatzen zait eta nire gorputzarekin, nire hitzekin, jendeari zerbait transmititzea gustatzen zait. Ni ikustea eta haien buruan klik bat egitea. Hori da nire helburua.
Zertan datza ikasketa hori?
Hiru diziplinak batzen ditu: interpretazioa, kantua eta dantza. Ohikoena gero musikal batean lan egitea da. Baina ateak irekiak daude dantzaria izateko, telebistako aktore, antzerkia, baita kantua ere. Ekoizlea eta abar ere izan zaitezke. Ikasketa osoak dira. Ikuspuntu orokor bat ematen dizu. Zortea izan dut hiru diziplinak asko gustatzen zaizkidalako.
Aktore izan nahi duzu?
"Dantzak eta interpretazioak neure buruarekin konektatzen naute"
Betidanik jakin izan dut aktore izan nahi nuela. Baina ikasketak aukeratu behar nituenean itsas biologia, matematika, enpresa administrazioa eta horrelakoak egitea pentsatu nuen. Azkenean, Altsasu herri txiki bat da, eta ez daude aktore izateko aukera asko. Baina zergatik ez? Nire gorputza eta benetan zer nahi nuen entzun nuen, eta antzeztu nahi nuela pentsatu nuen. Lehenengo gauza Iruñean arte eszenikoetako batxilergoa ikastea izan zen. Bertan musikal bat egin nuen, eta eszenatokian nengoenean esan nuen: “Hau da nire bizitzarako nahi dudana”. Hor inflexio puntua izan zen. Interpretazioa ikasten hasi nintzen, baina gero antzerki musikalera aldatu nintzen.
Nolakoa da zure ikas egun bat?
Eromen handia da. 07:00etan jaikitzen naiz eta klasera 08:00etan sartzen naiz. Bertan egun osoa pasatzen dut; 19:00ak arte. Ballet, jazz, kantua, interpretazioa, akrobazia, esgrima… Irakasgai teorikoak ere baditugu literatura eta dramaturgia, adibidez. Bertan bazkaltzen dut, noski. Burua oso ongi zaintzea ezinbestekoa da. Zure gorputzarekin lanean ari zara, eta gorputzari etengabe gehiago eskatzen. Ander oso desberdin bat naiz ate horregatik sartu nintzen lehenengo egunetik gaur egun arte.
Probak egin zenituen? Zer behar da bertan ikasteko?
Probak saiatzeagatik egin nituen, eta zortea izan nuen. Nik uste garrantzitsuena jarrera dela. Gogoa izatea. Horrelako proba batzuetara aurkezten zarenean, oso ongi jakin gabe non sartzen ari zaren, ilusioa eta gogoa nabaritzen dira.
Zein diziplinarekin gelditzen zara?
Aurreko egunean ikaskide batekin honetan aritu ginen. Egia da ni hobeki sentitzen naizela dantzatzen eta antzezten, abesten baino. Dantzak eta interpretazioak neure buruarekin konektatzen naute, eta helarazi nahi ditudan mezuak hobeki islatzen ditut. Oso fisikoa denenean asko gustatzen zait. Interpretazioan beste pertsonaia batzuei ahotsa emateak badauka zure burua ezagutzeaz asko, zure emozioetan bilatu behar duzu. Horretarako erraztasun handia daukat. Askoz erosoago sentitzen naiz.
Eta etorkizunean, beraz, zer nahi duzu izan?
Etorkizuna… Oraintxe bertan, badakitahal dudan guztia ikasi eta jaso nahi dudala. Bai unibertsitatean bai bizitzan. antzerki musikalaren mundu honetan sartzen ari naizenez, saiatuko naiz ahal dudan guztia ematen, ahalik eta aldakorrena izaten. Azkenean, ez dakizu nondik joko duzun, eta horregatik hobe ahalik eta tresna gehien hartzea. Zer espero dudan? Noski, musikal batean lan egitea edo. Egia esan, ez dakit dantzatzen, antzezten edo abesten izanen den, baina eszenatoki baten gainean ikusten dut neure burua.
Horregatik joan zinen Madrilera?
Nik banekien Madrilera etorri behar nuela. Hemen mugitzen da dena. Norbaitek ezagutzen bazaitu, beste bati esango dio eta… Hasieratik Madrilera etorri nahi nuen, baina askoz aurretik; agian zortzi urte nituenetik.
Familiak zer esan zizun?
Zorte handia izan dut. Hasieratik babestu naute. Ez didate baina bakar bat atera. Ekonomikoki ere zorionez aukera izan dut. Jende askok ezin du egin, ekonomikoki ezin duelako, eta oso tristea iruditzen zait. Batzuetan agian honi buruz hitz egiten dudanean ez dute oso ongi ulertzen zer ari naizen egiten, baina pixkanaka ulertuz joanen dira. Oroitzapen oso polit bat daukat, hasieran nire amak bakarrik hemen eta hor mina nuela entzuten zidala, eta esan zidan: “Baina zerbait ona izan beharko du, ezta?”. Erakustaldi batera etorri zen, eta bukatzerakoan negarrez niregana etorri zen eta besarkatu ninduen. Niretako hori ongi egiten ari naizenaren seinale zen. Beraiei dena zor diet.
Honetan lan egin duzu?
Bai. Orkestra batean dantza egin dut, musikal ikuskizun bat zen. Iragarkiak ere egin ditut. Pixkanaka bidea egiten ari naiz. Azkenean, saiatua bazara eta lan egiten baduzu, gauzak iristen dira. Ez dut presarik, baina pixka bat frustragarria bada.
Galdera oso ohikoa izaten da, eta irteerak?
Irteerak baditu, eta asko. Badirudi mundu itxi bat dela, eta egia da zaila dela. Baina gauza bat da irteerak ez izatea eta beste gauza bat da zaila izatea. Txalupatik jaisten den jende gehiena izaten da oso zaila delako. Baina etengabe ari dira gauzak sortzen, beti egonen da telebista, iragarkiak, antzerkiak, areto asko daude… Kultura etengabe mugitzen ari da. Bertan egon behar zara. Sakoneko lasterketa bat da. Kastinak egin, ordezkari bat bilatu, zer edo zer egin.. Konstantzia behar da, eta orduan gauzak ateratzen joaten dira. Nik ez naiz hemendik bizi, baina konfiantza badut; ezagutzen dudanagatik posible ikusten dut.
Kastinak egin dituzu?
Bai, pixkanaka ari naiz. Artistek dugun beste gauza bat iruzurtiaren sindromea da. Inoiz ez naiz prest egonen pentsatzea. Artistekin bizi naiz, eta eguneroko elkarrizketa izan ohi da: Eta noiz izanen da? Etengabeko trebakuntza prozesu bat da. Gehiago ikasiko dut, gehiago prestatuko naiz, itxoingo dut… Baina ez. Ez da itxoin behar. Aurreko egunean irakasle batek esan zigun lanik ez badago, guk sortu behar dugula. Artistak gara sortzen dugulako. Obra bat sortu, zerbait txikia bada. Hasieran inbertitutakoa galduko duzu, baina pixkanaka irabaziko duzu. Rosaliari erreferentzia eginez, berak esaten du diru asko utzi zuela eta berearekin zerikusirik ez zuen gauzetan lan egin zuela inbertitu ahal izateko, eta hasieran galtzen zuen, baina orain begira non dagoen. Seguruenik denak ez gara Rosalia izatera iritsiko, baina gutxienez jatekoa izanen dugu. Nik nahiago dut honetaz bizi, gustura egon, eta aberatsa ez izatea, poltsikoak beteta izatea baina gustatzen ez zaidan beste edozer gauzatan lan egitea baino.
Beste estereotipo bat da lehiakortasun gogorra da. Egiazkoa da?
Zoritxarrez, ezetz esatea gustatuko litzaidake, estereotipo bat dela. Baina, bai, egiazkoa da. Jende gaiztoa dago, eta jende oso ona dago ere. Lagunartekotasuna ere badago. Dena bezala da. Leku guztietan egonen da jendea hondoratzen saiatuko dena. Baina azkenean bizitzaren beste oztopo bat da. Eramaten zaila da are gehiago eskola giro batean. Ikasten ari zara eta bertan lehiakortasuna egoteak ez du laguntzen. Hobe elkarrekin lan egitea, eta norbaitek nola dantzatzen duen gustatzen bazaizu, galdetzea edo saiatzea hobetzen. Gero nahiko lehiatu beharko dugu. Hau ikasten ari diren pertsonei ematen diedan aholkua da elkar zaintzea. Gaizki eramaten zaren pertsona horrekin agian bi urtetan ekoizpen batean elkartuko zara, eta elkarrekin lan egin beharko duzue.