Bazterretik

Hiru irakurketa proposamen

Helduendako: ARRIETA, Bertol. Gezurra berdaderoa (Elkar, 2021): Liburu honen atzeko azalean
zera esaten du: Nobela bat idazteko eszedentzia hartuta zeukala, bere betiko andregaiak utzi egingo du Koldo, ganora eta konpromiso faltagatik, eta horra non, 44 urterekin, pizzak banatzen hasi behar duen lanean eta pisu konpartitu batean bizitzen. Bakarrik egoten etsi ezinik, norbaitekin nahiko luke endredatu, edonorekin kasik, eta dantzan ibiliko da hiru emakumeren bueltan: Nagore bere pisukide eder, gazte eta malenkoniatsua, Frida artista bizizale eta misteriotsua, Ester bere betiko neska lagun amultsu eta zentzuduna. Euskal literaturan gutxitan dastatu ahal ditugun ezaugarriak ditu Bertol Arrietaren estreinako nobela honek: orriz orri darion umorea, han-hemen nabarmentzen diren erotismo printzak eta guztia blaitzen duen bizipoza.

Gazteendako: ALONSO, Manuel L. Beldurrik gabe (Begiko, 2021): "Ezberdina" izateagatik baztertua, Bittor beldurrez bizi da, besteengan pizten duen etsaitasuna dela eta. Horregatik, Leonen lagun egitean, edozertarako prest egongo da bien arteko adiskidetasunari eusteko. Istorio ausarta, egiazkoa, nork bere mugak gainditu eta hazteari buruzkoa: "Bizitza ez da erraza besteak ez bezalakoak garenontzat. Baina ez dut uste bizimodu errazena aukeratu behar dugunik, geure buruarekiko zintzoena baizik". Liburu hau gaztelaniaz 2014. urtean argitaratu zen, Manuel L. Alonsok idatzita, eta Iraitz Urkulok euskaraz itzulita 2021.ean.

Haurrendako: ARRATIBEL GOÑI, Monika (Testua) & ETXANIZ ULAZIA, Xabi (Irudiak). Laino txiki, egizu negar poliki (Erein, 2020): Nahiz eta haurrendako zuzenduta egon, edozein adinetarako ere, historia polit eta mamitsu hau txoko honetan ezagutarazi nahi dizuegu, Xabi Etxanizen irudi zoragarriekin, Etxarri Aranazko Monika Arratibelek idatzita. Handiena izan nahi eta malkoak irensten zituen laino baten istorioa da. Laguntasuna, zaintza, umiltasuna baloreak balioan jartzen dira. Nork bere burua onartu eta besteak errespetatuz, elkarrekin koloretako mundu bat sortzea amesten duten lagunen gorabeherak.