Saskibaloia

CBASK, bide onetik

Guaixe 2022ko ots. 4a, 09:27

Altsasuko saskibaloi taldeko hiru talde nagusiek –Autonomien Arteko Bigarren mailako CBASK Jatorman, Bigarren Senior mailako CBASK Ifuel eta Emakumezkoen Lehen Junior mailako CBASK Albeniz taldeek– garaipen garrantzitsuak lortu zituzten asteburuan

Autonomien Arteko Bigarren mailan dabilen CBASK Jatorman taldearen bolada onak segida du. Talde altsasuarrak larunbatean Enerparking Basket Navarra talde nafarra hartu zuen Zelandin eta ikusgarri aritu zen. Partida lehiatuan, tartea atera eta azkenean 20 puntuko aldearekin nagusitu zen CABASK Jatorman (74 eta 54). 

Valle de Egües taldea da Autonomien Arteko Bigarren mailako lider (24 puntu). CBASK Jatorman bederatzigarren postura igo da (17 puntu). Asteburuan hamabosgarren jardunaldia jokatuko da baina CBASK Jatormanek ez du partidarik jokatuko, jardunaldi honetako partida aurretik jokatu baitzuen, Avia Zizur Ardoiren kontra. Partida oso estua izan zen, borrokatua, azkenean tanto bakar baten aldearekin erabaki zena, Avia Zizurren alde (46 eta 45).  

Senior mailan, beste garaipen bat
Bigarren Senior mailan CBASK Ifuel taldeak Gazte Berriak izan zuen aurkari igandean Antsoainen jokatutako hamahirugarren jardunaldiko partidan. Partida borrokatua izan zen, bi taldeak parez pare aritu baitziren. Azkenean talde altsasuarrak abantaila hartu zuen eta zazpi tantoren aldearekin garaipen garrantzitsua lortu zuen (52 eta 59). Sailkapenean Mendillorri Egües da liderra (21 puntu) eta CBASK-Ifuel zazpigarren postuan dago (17 puntu). 
Astebururan hamalaugarren jardunaldia jokatzekoa da, baina CBASK-Ifuelek eta Noainek jokatu beharreko partida apirilaren 24ra atzeratu dute. 

Emakumezkoen junior taldeak ere irabazi
Emakumezkoen Lehen Junior mailan hamahirugarren jardunaldia jokatu zen eta CBASK Albeniz taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen, Larraona Claret taldeari 42 eta 57 irabazi baitzion. Aranguren Mutilbasket A taldeak jarraitzen du Emakumezkoen Lehen Junior mailako lidergoan (26 puntu) eta CBASK-Albeniz zortzigarren da (17 puntu). Asteburuan Burlata A taldearen kontra jokatzekoak dira altsasuarrak.