Kintoak 2022

"Bozketa egin eta ez atzeratzea erabaki zen"

Guaixe 2022ko ots. 4a, 14:29

Ainara Diaz Perez eta Ixone Rodriguez Sanchez.

Pandemia ez zabaltzeko Nafarroako Gobernuaren murrizketen luzapen eskaera onartu zuen epaitegiak joan den ostiralean. Testuinguru horretan erabakiak hartzea egokitu zaie joan den urtean kinto ospakizunik gabe gelditu ziren 57 gazteei, 32 mutil eta 25 neska.

Aurtengo kintoek aspaldi dituzte Santa Ageda egunean, bihar, jantziko dituzten jantziak. Emakumezkoek oinetan artilezko galtzerdiak eta zatak izanen dituzte. Koloretako baserritar soinekoak jantziko dituzte. Soinekoetan, nahi izanez gero, gogoko irudiak brodatzen dituzte. Soinean atorra eta kortsea janzten dute. Lepotik zintzilik zapi bat eramaten dute, nahi bezala pertsonalizatuta dagoena; gogoko irudiekin normalean. Hotza kentzeko, kaikua. Jantzi hori, galtzerdiak eta zatak dira emakumezkoen eta gizonezkoen janzkerak berdina dutenak. Azken horiek  praka eta atorra txuria janzten dute. Mutilek bi zapi eramaten dituzte soinean gurutzatuta. Bat haiendako da eta pertsonalizatuta dago, eta bestea dantzara aterako duten pertsonari emanen diote. Gizonezkoek eskutan makila eramanen dute. Hura edertzeko zintak norberaren gustuko irudiekin pertsonalizatzen dituzte, marrazkien bidez, edo brodatuta. 

Ixone Rodriguez Sanchez eta Ainara Diaz Perez Altsasuko kinto buruzagiak dira; beste biak, Oier Cuerdo Larraza eta Unai Calvo Fuentes, elkarrizketa egiteko garaian Bilbon ikasten zeuden eta ezinezkoa zuten egon.

Erregeak eskuetan erre egiten du? Zer moduz 2002ko kintoen buruzagi karguarekin? 
Ixone. Inpresioa. 
Ainara. Momentuan zeinen gaizki pasa nuen. Baina, gero, ez da hainbesterako. 

Zein dira zuen egitekoak?
I. Antolatu behar ditugu bazkariak, udalarekin hitz egin…
A. Apaizarekin hitz egin, katering enpresa batekin, larunbatean bazkaltzeko toki bat eskatu behar dugu… 
I. Txistulariekin hitz egin beraiek jotzeko eta entseguetan aritu daitezen.
A. Eta dirua bildu, kontatu, astoarekin egon, astoarendako zakutoak ere hartu behar ditugu… 

Zuena kinta berezia da, urte bateko atzerapenarekin ospatuko baita. Zer sentitu zenuten joan den urtean ospakizuna bertan behera gelditu zenean?
A. Alde batetik, gaizki sentitu nintzen. Koronabirusagatik Santa Ageda ez ospatzea pena handia izan zen. 2004ko kintoekin hitz egin genuen, atzeratzeko. Haiei ere kostatuko zitzaien atzeratzea. Azkenean, urte bat atzeratuko genuela adostu genuen. Hasieran disgustua, baina hurrengo urtean eginen genuela ikusi genuenean, hobeto.  

Saiatu zineten joan den urtean bertan festa egiten? 
I. Ez. Gauzak oso gaizki zeuden. Pandemiarekin ezin zen. Jende asko eta …

Luze egin zaizue urtea?
I. Pixka bat. Batzuetan urduri jartzen nintzen. 
A. Niri ez. 

Zeren aurten Altsasun Santa Ageda ospatuko da, ezta?
I. Bai, bai. 

Nola?
I. Ez da izanen beti bezala, murrizketa eta hori guztia dagoelako. Baina dugunarekin moldatuko gara.

Behar bada beste urte bat atzera zitekeen…
A. Beste urte bat, ez. Pentsatu genuen bi aste atzeratzea. Baina bozketa egin genuen eta ezetz atera zen. Nik uste hori onena izan zela, etorri ezin zitekeen jendea zegoelako. Dantzatuko dugu, eta gero juerga eginen dugu, ordu bata arte. Eta gero ikusiko dugu zer egiten dugun. 

Zer sentitzen da ospakizunaren bezperan? 
A. Ni urduri nago, oso urduri. 
I. Nik ez dakit nola esan.
A. Gainera Ixonek lehenengo dantzatzen du. Ni bigarrena. Eta hori, kontuz!
I. Tontakeria bat da, baina zuk sentitzen duzu… ez dakit.
A. Jende guztia begiratzen, zu hor dantzatzen, jendea animatzen… 

Nola aukeratzen da zeinek dantzatuko duen lehenengo? 
I. Entsegu batean irakasleak txanpon bat airera bota zuen eta gurutzea atera zen, beraz, neskak hasi behar dugu dantzan.

Bakarren batek pentsa dezake urte bat atzeratzean entseatzeko denbora gehiago izan duzuela eta dantzari apartak zaretela. Hala da? 
A. Ez da hala. Ni 24an etorri nintzen aurreneko entsegura. Aurretik banekien, baina erritmoa eta hartzea kosta zitzaidan. 
I. Ni pixkanaka joan naiz ikasten.

Txikitatik plazan kintoei dantzatzen ikusten egoten zarete. Gutxi gorabehera jakinen zenuten? 
A. Bai, baina horretarako ditugu Maixabel eta Aitziber, erakusteko nola dantzatu behar dugun. Badaudelako batzuk dantzariak direnak, esaterako, Oier (buruzagia). 

Pasa den urtean plazan zortziko bat dantzatu zenuten, ezta? 
A. Bai, kar, kar, kar. 

Noiz aterako zarete plazara? 
I. 19:00etan, gutxi gorabehera. Eta egunero denak dantzan egonen garela uste dut. Baina jendea ikusten egon daiteke, edo ez dakit. Egunero hamarren batek dantzatuko dugu zortzikoa, larunbatetik asteazkenera. 

Larunbaterako dena prest? 
I. Bai. Larunbatean zazpiak, edo zerbait lehenago denok gosaltzera joaten gara. Ondoren kintoak eskatzera geldituko dira eta gu astoarekin geldituko gara. Eta opilak saltzera joanen gara. Eta esker onez dantza eginen diogu erosleari.

Kinto bakoitzak saltzeko opil bana eginen du?
A. Batzuk bikoteak osatu dituzte eta opila bien artean salduko dute. 

Aurten zeinek eramanen du ardo zahatoa? 
I. Urkok eta Ainitzek.