Astekaria

Eraldaketarako mugarrien berri ematera

Guaixe 2022ko ots. 9a, 12:57

Sakanako ordezkariak Mikel Irujo Amezaga kontseilariarekin elkartu ziren. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroan barna eginen duen informazio saioen errondan, Mikel Irujo Amezagak, Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariak, aurreneko geldialdia Sakanan egin zuen hilaren 1ean. Topaketan izan ziren Altsasuko Dendarien Elkartea, Bidelagun Turismo Elkartea, Sakanako Enpresarien Elkartea, Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia eta hainbat udaletako ordezkariak. 

Informazio saioaren ardatzak bi izan ziren: Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuaren aurtengo estrategia ildoak azaltzea batetik, eta, bestetik, eginen dituen diru laguntza deialdien berri ematea. Topaketan Next Generation EU funtsetara sartzeko eta Europak hurrengo urteetarako ezarritako mugarriak betetzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen Irujok. Pauso horiek trantsizio ekologikoaren eta digitalaren ingurukoak dira, eta epe argiak dituzte: 2030 eta 2050. 

Eraldaketa
Kontseilariak esan zuenez, “jasangarritasunaren, zirkulartasunaren eta eraldaketa digitalaren konbinazioak egungo eredu ekonomikoaren eraldaketa osatzen du, funtsezkoa baita enpresen eta eskualdeen lehiakortasuna hobetzeko”. Horrekin batera, nabarmendu zuenez, “Nafarroako Gobernuak tinko eusten dio lurraldearen ekonomia eta gizarte garapenarekiko konpromisoari, eta, horri esker, Nafarroako produkzioaren lehiakortasuna indartu daitekeela, gizarte, ingurumen eta lurralde iraunkortasunaren ikuspegitik”.

Departamentuaren Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Iraunkorrerako Estrategia berriak, S4k,  “ikuspegi bat ematen dio Nafarroari 2030erako, Europan erreferentziazko eskualde gisa, ekonomia iraunkor, digital eta lurraldearekin eta pertsonekin konprometitutako baterako trantsizioan”, azaldu zuen Irujok, gaineratuz: “S4ren helburua da jasangarritasuna hobetzea berrikuntzaren bidez, susperraldi jasangarria bilatuz, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin koherentea izango dena, eta, horrela, 2050ean emisioetan Europa lehen kontinente neutroa izateko helburuan laguntzea”. Kontseilariak gaineratu zuenez, “S4ak lehiakortasun faktoreak sartzen ditu, lurraldearen produktibitateari eragiten dioten baldintza eta baliabide multzo bat, eta enpresen jarduerarako testuingurua eta gaitasunak hobetzea ahalbidetzen du”.


Mikel Irujo Amezaga, 
Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariaren adierazpenak jarraian. 

Zehazki, zertara etorri zara gaur Sakanara? 
Urte garrantzitsuan sartzen ari gara. Alde batetik, Nafarroako estrategia, S4 deitzen duguna, abenduan onartu genuen. Hor argi gelditzen da bi ardatz direla nagusi: trantsizio ekologikoa eta trantsizio digitala. Hori da Nafarroak behar duena. Europak eskatzen diguna ere bada. Ildo bakoitzean zer nolako tresnak ditugun hori bultzatzeko eta laguntzeko, hori azaldu dugu. 

Munduan lerrokatze berdea eta digitala daude. Ekonomia garatzeko beste erronka batzuk ere badaude, ezta? 
Ekologiarako trantsizioan argi izan behar dugu ez ditugula tresna guztiak berriak behar. Baita ere. Baina egokitu behar ditugu ditugun tresnak. Esaterako, inbertsioa. Duela hainbat urte Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen inbertsio lerroek kontzeptuak bere baitan sartu behar dituzte, esate baterako zirkulu ekonomia. Enpresek ikusteko, laguntzeko eta garatu ahal izateko. Edo energia eraginkortasuna; nola handitu, nola egokitu… Gainera, gaur egun dituen prezioekin. Hainbat tresna ditugu, ez bakarrik diru laguntzak, zerga dedukzioak, estrategiak eta garatzen diren bestelako ekintzak. 

Merkatu gero eta globalagoan laguntza ematea merkatu berriak emateko? 
Ekologiarako eta digitalerako trantsizioa egiten ez duenak ez du gerorik, 2030era ez da heltzen, enpresa eta gizarte gisa. Hori ez da bakarrik nahi dugulako, baizik eta behar dugulako egin behar dugu trantsizioa. Hori garbi esan behar dugu. Askotan gogorarazten dut: Europan munduko biztanleriaren %6 bizi gara bakarrik. Oso txikiak gara. Beraz, edo indartzen ditugu bi lerro horiek, kontinente bezala lehiakor izateko, edo akabo. Bestalde, ekologiarako trantsizioa egin nahi dugu gure seme-alabei planeta on bat uzteko. Digitalerako trantsizioa behar dugu gure ongizatea handitzeko. Bi ardatzek bat egiten dute, eta, esan bezala, departamentutik hainbat lerro bulkatzen ari gara. 

Herriko denda txikia, ostalaritza establezimendua, landetxea, enpresa handia… Guztiak egokitu behar dira? 
Horrela da. Esandako guztia autonomo bati edo enpresa handi bati aplikatzen zaio. Guztiok gaude lerro horretan. Denok ikusi behar dugu zer nolako lehentasunak ditugun. Esaterako, merkataritza txikia laguntzeko hainbat lerro ditugu. Turismo eta merkataritza garatzeko aurten Next Generation funtseko bultzada handia heldu da: 21 milioi euroko aurrekontua izanen dugu. Erronkak baditugu. Momentua historikoa da. Aurten eta heldu den urtean oso aurrekontu garrantzitsuak izan behar ditugu.