Siriarrendako mantak behar dira

Guaixe 2022ko ots. 10a, 09:09

Ayuda Contenedores erakundeak Sakanako ikastetxeak bilketa puntu bihurtzera gonbidatu ditu. Otsailean egin nahi da bilketa eta bukaeran erakundeko kideak arduratuko dira jasotzeaz. 

Hamaika urte dira Sirian gerra dagoela. Horrek makina bat hildako eta errefuxiatu pila bat eragin ditu. Horretaz aparte, etxerik gabe pertsona pila bat gelditu dira, bonbardaketek suntsituta, edo gatazka armatuaren eraginez etxea utzi eta Siriaren beste tokiren batean egokitu behar izan dutelako. Makina bat pertsona bizi dira gaur egun olanazko kanpin dendetan. 

Egoera horri negu gorriak ekarri dituen elurteekin okertu da. Elurra denden gainean erori eta bere kargarekin dendek behera egiten dute. Hori gutxi ez, eta dendan bizi direnak berotzeko barruan sua egiten dute. Elurrak denda ondoratzean su hartzen du. Horren jakitun, Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) mantak bildu eta Siriara bidali nahi ditu. Otsailean egin nahi du bilketa eta hilabete akaberan kamioi bat beteta bidali nahi dute Nafarroatik. 

Sakandar gehiagorengana iritsi ahal izateko Ayuda Contenedoresek ibarreko ikastetxeei dei egin diete bilketa puntu izateko. Andra Mari ikastolak dagoeneko bat egin du. GKEko kideek azaldu dutenez, ikastetxeetan jasotako mantak hilabete akaberan jasotzera pasako lirateke. Zalantza duenak 635 521 611 telefonora hots egin dezake (Jose Julian). Bestetik, GKEko kideak asteazkenero 10:00etatik 13:00etara, mantak jasoko dituzte Altsasuko Frontoi zeharbideko 14. zenbakiko bajeran.