Astekaria

Osasun publikoaren aldeko Herri Ekimen Legegilea

Guaixe 2022ko ots. 10a, 09:29

Herri Ekimen Legegileare alde sinatzen.

Osasun sistema publikoa berreskuratzeko estatuan 500.000 sinadura (Nafarroan 7.000) jaso nahi dira agorrilerako. Sinadura bilketa asteazkenean hasi zen Altsasun. Ibarreko gainontzeko herrietara ere zabalduko dituzte sinadura orriak .

Osasun publikoaren egoerarekin kezkatuta, Nafarroako Osasun Plataformak urteak daramatza mobilizatzen eta proposamenak egiten. Plataformako kideek jakinarazi dutenez, estatuko Osasun Publikoaren Pribatizazioaren kontrako Koordinakundearen ekimen bati bultzada emanen diote Nafarroan: Osasun unibertsal, %100 publikoa eta kalitatezkoa berreskuratzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL). Koordinadorak lege proposamen bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan eta bidea egin dezan gutxienez 500.000 sinadura behar dira agorrilerako. Nafarroako Osasun Plataforma sinadura bilketan laguntzen hasi da, herrialdean 7.000 jaso nahi dituzte gutxienez. Joan den asteazkenean Altsasun sakandarren aurreneko sinadurak jaso zituzten. Gainontzeko herrietara ere zabalduko dute sinadura bilketa. 

Plataformako kideek azaldu dutenez, HELaren bidez “osasun publikoaren egoerari buruzko ezinbesteko eztabaida kalera eraman nahi dugu, baita nahi eta behar dugun osasun sistema ereduari buruzkoa ere”. HELaren alde sinatu nahi dutenek hauteskunde erroldan izena emanda egon behar dute. Sustatzaileek eskatu dute datuak idazterakoan eta sinatzerakoan tentuz ibiltzeko, sinadura baliogabetu ez dezaten. 

HELaren proposamenak 
Herritarrek sustatutako lege zirriborroak bost proposamen nagusi ditu. Batetik, osasun arloa pribatizatzeko legeak indargabetu eta pribatizatutako zentroak berreskuratzea eskatu dute. Horrela, enpresa pribatuek osasun sistema publikoan sartzea eragotzi nahi dute. Bestetik, estatuan dauden pertsona guztiendako osasun arreta bermatzea eskatu dute, mugarik gabe, haien administrazio-egoera edozein dela ere.

Aldi berean, HELaren sustatzaileek lehen mailako osasun arreta berreskuratzea eta indartzea eskatzen dute: gastu sanitarioaren %25 ematea, bere funtzioak bere gain hartzeko gai izan dadin, horrela espezializatutako arreta deskargatuz eta osasun gastu orokorra murriztuz. Horrekin batera, eskatu dute adinekoen zentroetako osasun arreta sektore publikoaren esku egotea. “Kalitatezko osasun arreta bermatu behar da adinekoen eta mendekoen zentroetan, beharrezkoak diren lehen mailako osasun arretako eta arreta espezializatuko profesionalen parte hartzearen bidez, eta hori plantillak nabarmen handituta baino ez da posible izanen”. Azkenik, farmaziako eta osasun produktuetako sistema publiko bat sortzea eskatu dute. Batetik, funtsezko sendagaien, txertoen eta osasun produktu estrategikoen fabrikazioa bermatzeko, eta, bestetik, multinazionalekiko dependentzia saihesteko.