Filmotekari Iortian harrera ona egin zaio

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko ots. 8a, 09:55

Jendea Iortia kultur guneko areto txikian. ARTXIBOA

Udazkeneko hiru astelehenetan ikus-entzunezkoak ikusi eta zuzendariekin hizketatzeko aukera izan du publikoak. Nafarroako Filmotekak Altsasuko kultur gunean zikloak programatzen segituko du

Hezkuntza, osasuna, langabezia, etxeen zaharberritzea… Oinarrizko zerbitzuez aparte, Nafarroa izenlaguna duten gainontzeko zerbitzu publikoak Iruñean zentralizatuta daude. Horien artean dago Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Mendebaldea auzoan egoitza duena. 2011ko martxoaren 1etik bere egoitzan programazio jarraitua eskaintzen du Nafarroako Filmotekak.

Foru administrazioaren kultur azpiegiturak bere jarduna Iruñetik kanpo atera du udazkenean Filmoteka Nafarroan zikloaren bidez. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, filmotekak herrialdeko hainbat toki erakunderi programazio-sare batean parte hartzeko gonbita egin zien. Beti ere, proiekzio baldintza tekniko jakinak betetzen bazituzten. Eta, horrela, estreinakoz, Nafarroako Filmotekaren programazioa Lizarra, Leitza, Tafalla, Corella eta Altsasura iritsi zen udazkenean.

Aipatu zikloaren barruan Iortia kultur guneak Nafarroako hiru zuzendariren hiru ikus-entzunezkoen emanaldiak hartu zituen lastaila eta abendua bitartean: Jaime Murciego eta Pablo Iraburu Cholitas, Angel Garroren Esculpiendo la historia. Joxe Ulibarrena eta Oskar Alegriaren Zumiriki. Emanaldiez aparte, ikus-entzunezkoen zuzendariak ere izan ziren Altsasun, publikoak galderak egiteko aukera izan zuen, zikloak forum formatuan antolatu baitzen.

Harrera ona
Altsasuko kultur teknikari Betisa Anda Arruabarrenak jakinarazi duenez, hiru astelehenetan, guztira 205 pertsona izan ziren filmotekaren emanaldietan. Kultur Zerbitzuak zikloaren balorazio "oso ona" egin du, "aukera polita da zinemagileak ezagutzeko, publikoa sortzeko eta Sakanara beste kultur instituzio batzuk gerturatzeko, haiek ezagutu eta lankidetzan aritzeko". Teknikariak jakinarazi duenez, jendeak zikloari harrera "ona" egin dio, "jendeak zuzendarien azalpenak asko eskertu ditu" zehaztu du Andak.

Filmoteka Nafarroan zikloko arduradun Cristian Ruiz Carrerak esan duenez, zikloak harrera onena izan duen herria Altsasu izan da. "Oso pozik gaude Altsasuko emanaldiekin, publikoaren erantzuna eta azaldu duen interesa oso ona izan baita". Ruizek azaldu du bi emanaldietan zuzendariak etorri zirela (Cholitas eta Zumiriki) eta ikusleen parte hartzea bietan oso ona izan zela. Filmotekako arduradunak gaineratu duenez, "proiektatutako filmen zuzendariendako emanaldiak positiboak izan dira, baita beraien lanak Filmoteka Nafarroan zikloan eskaintzea ere".

Filmotekaren eta Altsasuko Udalaren Kultur Zerbitzuaren arteko elkarlanak segida izanen du. "Filmotekaren presentzia mantendu eta indartu nahi dugu Altsasun. Kultur koordinatzailearen esku geldituko da hura egutegian islatzea" azaldu du Ruizek. Andak zehaztu duenez,emakumezko nafarrek zuzendutako ziklo bat hartuko du Iortia kultur guneak otsailean eta martxoan. Eta udazkenean beste ziklo bat izanen dela jakinarazi du.

Ruizek argitu duenez, ekimenaren helburua "Nafarroako geografiako hainbat txokotara iristea da, eta baliabide mugatuak ditugu. Hala ere, ez legoke arazorik Sakanako beste udal batzuk ekimenera batzeko. Udalei eskatu dieguna da aretoek proiekzioak kalitate gorenean emateko ekipoak izatea, egileekiko eta ikusleekiko errespetu gorena izateko".