Begiraden indarra

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 8a, 12:41
'Begirada ezberdin bat' erakusketa.

Pobrezia eta gizarte bazterkeria azaleratzeko 'Begirada ezberdin bat' erakusketa sortu zuten, eta orain Sakanara iritsi da. Unai Beroiz fotokazetariak egindako argazkien bidez hamalau bizitza erakusten dira

Pobreziak eta gizarte bazterkeriak hamaika aurpegi ditu. "Jendeak batzuetan uste du pobrezia sufritzen dutenak direla eskean aritzen direnak edo aterpeetan lo egiten dutenak. Baina horrez gain, zure eraikinean bizi den pertsona batek agian ezin du berogailua ordaindu edo ezin du haragia erosi". Hori ere pobrezia dela azaldu du Jaione Eugui Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Nafarroako sareko kideak. "Halakoak egunero gertatzen dira, eta ez ditugu ikusten". Errealitate horiek ikustarazteko sareak Begirada ezberdin bat argazki erakusketa sortu zuen, eta asteazkenean Altsasuko Iortia kultur gunean mustu zuten. Otsailaren 20ra arte egonen da Altsasun, eta ondoren Sakanako herritara eramanen dute: Arruazura, Urdiainera eta Lakuntzara. Unai Beroiz fotokazetariak egindako argazkien erakusketa martxoaren 15era arte egonen da Sakanan, eta ibarrera Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuaren bidez ekarri dute.

Anitzartean zerbitzuak "inklusiorako" lan egiten du. "Sakanara bizitzera etortzen den edonori bideak errazten eta beste begirada batekin aniztasunari aberastasun balioa emanez", azaldu du Bego Zestao zerbitzuko teknikariak. "Sinismen bat dugu: guztiok badugula zer kontatu eta zer eskaini Sakanako gizarteari eta gizarte orokorrari". Sinismen hauek kontuan hartuz, Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren kontrako Nafarroako sareatik Begirada ezberdin bat argazki erakusketa Sakanan egiteko proposamena egin zuten. Hainbat helburu elkarbanatzen dituztenez, erakusketa mustu zuten Sakanan.

Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren kontrako Nafarroako sareak 27 urte daramatza lanean pobreziaren eta edozein motatako gizarte bazterkeriaren kontra. Sarearen barruan mota desberdinetako elkarteak daudela azaldu du Angel Pardo sareko kideak, eta helburua Nafarroan pertsonen "inklusio osoa" lortzea da. Pandemia urtetan, aldiz, pertsonen arteko distantzia ez bakarrik pertsonala baizik eta soziala handitu dela salatu zuen. "Horregatik bizitzak gerturatzeko beste modu bat bilatzea erabaki dugu". Horrela sortu zen Begirada ezberdin bat argazki erakusketa. "Haien begiraden bidez, bere gizatasunaren bidez". Inklusioaren betaurrekoekin "inguruan bizi diren errealitate desberdinak ulertzen hasiko gara".

Argazki erakusketan, beraz, "oztopak eta desberdintasunak topatu dituzten" pertsonen bizitzak agertzen dira, eta ikusleari "enpatia izaten" laguntzen diote. "Begirada berri bat, arazoen oinarrietara iristea lagunduko diguna". Erakusketak eskaini nahi duen beste "begirada" bat da dibertsitatearen aberastasuna, "eta ez mehatxu bezala ikustea". Pardok gaineratu zuenez, erakusketa ez da bakarrik argazki sorta bat, "urrats bat aurrera emateko gonbidapena da". Gizartea "beste begirada batekin" begiratzeko gonbidapena.

Istorioak
Unai Beroiz fotokazetariak egin ditu Begirada ezberdin bat erakusketa osatzen duten argazkiak. Guztira, hamalau istorio kontatzen dira. Raul, Read familia, Belzunce fundazioko kideak, Aby, Manuel, Roel eta Domitila, Silvia, Francis, Brignit, Lantxotegi elkarteko kideak, Antox elkarteko erabiltzaileak, Super-vivientes emakume taldea, Daniel eta Secretariado Gitano fundazioko kideak dira protagonistak. "Gure sarea en titateek osatzen dute, eta batzuetan arriskutsua-edo ikusten zuten pertsonen bizitzak hainbeste erakustea. Baina protagonistekin hitz egin genuenean, baietz esaten zuten", azaldu du Jaione Eugui sareko kideak. "Esaten ziguten haien istorioa kontatuz norbaiti interesgarria iruditzen bazitzaien edo inspirazio izan bazen, egingo zutela". Ideia oso polita iruditu zitzaiela esan du. Nafarroako Parlamentuan mustu zuten, eta guztiak joan ziren. "Pozik zeuden"; baina beldurra ere ematen zien. "Dena dela, argazkiak oso politak dira eta oso artistikoak, errazagoa da".

Haien bizitzak plazaratzea, publiko egitea, argazki baten bidez erretratatzea zen sarearen eta argazkilaren helburua. "Lekura iristen ginen aurretik ezer pentsatu gabe. Beraiekin hitz egiten genuen eta esaten genien ea zer kontatu nahi zuten argazki horrekin". Egileendako garrantzitsua zen protagonistek zer kontatu nahi zuten adieraztea. "Ondoren testuak ere pasatu genizkien, ziurtatzeko esaten zena ongi zegoela".

Orokorrean oso pozik zeudela esan du, baina bereziki "harro" zeuden. "Horrelako istorioak kontatzea oso garrantzitsua dela esaten zuten, aurreiritziak kentzeko. Haien bizitza zaila izan da, baina kontatu nahi dute". Izkutuko istoriak dira, baina hor daude, eta argazkien bidez ikustarazi dituzte.