Cl@ve eskuratzeko bidea

Guaixe 2022ko ots. 15a, 11:09

Altsasuko herriaren etxea. ARTXIBOA

Asteazkenaz geroztik Gure Etxea eraikinean eskuratu daiteke identifikazio elektronikoko sistema. Horretarako, aldez aurretik 948 012 012 telefonoan hitzordua eskatu behar da.

Administrazio publikoekin mantendutako harremanetan identifikazio elektronikorako sistema da Cl@ve. Haren bidez herritarrek administrazio publikoen zerbitzuetara Internet bidez sartzeko aukera dute. Sisteman izena eman beharra dago sarbide datuak eskuratzeko. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, Gure Etxea eraikinean dagoen udal erregistroan Cl@ve eskuratzeko aukera dago asteazkenaz geroztik. Cl@ve identifikazio elektronikoko sistema eskatzeko herritarrek identifikazio agiri bat beharko da (nortasun agiria, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela). Horrekin batera, telefono mugikor baten zenbakia eman behar da (bakarra erabiltzaile bakoitzarendako) eta e-posta helbide bat. 

Cl@ve erabilita eta Altsasuko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez hainbat izapide telematikoki egiteko aukera izanen da, besteak beste: eskabideak aurkeztu; jakinarazpenak jaso; norberaren espedienteen izapidetze egoera ezagutu; ordainagiriak, erroldako datuak, katastroko datuak eta abar kontsultatzea; errolda eta katastro agiriak deskargatu;  erreziboak ordaindu eta haien ordainagirien kopiak deskargatu. Beste administrazioetarako sarbidea ematen du ere Cl@avek, eta haietan tramiteak egin daitezke: osasun karpetan sartu, ogasunean tramiteak, lan bizitzaren agiriak eta abar.