Astekaria

"Niretzat jendearen gixajo begiradak dira okerrena"

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 16a, 15:00

Motorrak Iñaki Mugikaren pasio izaten jarraitzen du. UTZITAKOA

Apirilaren 11n Tierzen izandako moto-kros istripuak Iñaki Mugikaren bizitza irauli zuen. Baina horrek ez dio aurrera egiteko eta beste hamaika egitasmo burutzeko ilusioa kendu

Iñaki Mugika Izagirre mekanikari eta motor pilotuarekin bildu ginen azken eguna 2020ko abendua zen. Eguberrietako oporren aurreko Guaixean erreportajea egin genion, Club Aventura Tuareg taldearekin 2021eko Dakarrera joateko bezperetan. Izan ere, taldeko pilotuen mekanikarietako bat izango zen Dakarrean, eta esperientzia bizitzeko irrikaz zegoen. Urte bat eta bi hilabete pasa dira ordutik eta zeharo aldatu da bere bizitza, baina Dakarra izan dugu abiapuntu. 

Dakarra beste mundu bat dela eta esperientzia bizitzeko irrikaz zeudela esan zenigun zurekin egon ginen azken aldian. Espero zenuena izan zen?
Askoz ere gehiago. Club Aventura Tuareg klubeko mekanikari gisa, pilotuen motorrak puntuan jartzea zen nire lana, motorrek rallyan jarraitzea, eta aldi berean taldearen kamioia eramaten genuen, etapa batetik bestera. Esperientzia oso ona izan zen, espero nuena baino hobea, han egon eta bizi arte ez baitakizu nola izango den. Pandemiagatik burbuilan geunden eta soilik taldeetako kideak geunden bivac-etan: pilotuak, mekanikariak, langileak... Hortaz, beti elkartzen zinen pilotu edo mekanikari ezagun eta ospetsuekin... Jendea ezagutzeko, kontaktuak egiteko eta ikasteko, askoz hobe. 

TIERZ, ISTRIPUA
2021eko ilbeltzean jokatu zen Dakarra eta handik itzulita zure ohiko bizimoduarekin jarraitu zenuen, Altsasun duzun M-86 motor tailerrean lanean, eta zure zaletasunaz gozatzen, motor irteerak egiten eta probetan parte hartzen. Horietako batean gertatu zen ezbeharra. 
Bai, apirilaren 11n izan zen, igandearekin, goizeko 9:30ean gutxi gorabehera, Tierzen (Huesca) moto-kros lasterketa batean parte hartzen ari nintzela. Bezperan iritsi ginen Tierzera neska-laguna, lagunak ditudan bi anai eta laurok. Nik ez nuen zirkuitua ezagutzen eta ikusi nuen zirkuitu erraza zela, baina aldi berean arriskutsua. Zirkuitu oso azkarra zen, eta zirkuitutik kanpoko eremua oso gaizki zegoen. Harri asko zeuden. Zirkuitutik ateraz gero, mina hartuko zenuela seguru. 

Nola izan zen istripua? Zer gertatu zen?
Ez dakit. Entrenamenduan geunden. Lokatz pixka bat zegoen, baina beste munduko ezer. Salto batean pilotu guztiak barrutik sartzen ziren, baina ni konturatu nintzen saltoa kanpotik hartzerakoan denbora irabazten zela. Lehenengo buelta normal egin nuen, bigarren buelta kanpotik egin nuen eta hirugarren bueltan berriro ere saltoa kanpotik egin behar nuenean, saltoa hartzerakoan ikusi nuen sekulako kolpea hartu behar nuela. Eta hurrengoa lurrean esnatzea izan zen. 

Momentu horretan zer pasa zitzaizun burutik? 
Banekien latza izango zela. “Ostia hau sekulakoa izango da” halako zerbait etorri zitzaidan burura. Mina handia hartu behar nuela, ziur. Konortea galdu nuen. Lurrean nengoela esnatu nintzenean banekien lesio larria zela, baina ez nekien non nengoen. Sorbalda erdialdean zerbait bazegoela nabaritzen nuen. Guztiz okertuta nengoen: hankak alde batera eta burua bestera. Eta ezin nintzen mugitu. Hasieran bakarrik nengoen. Kaskoa nik bakarrik kendu omen nuen, baina ez naiz horretaz gogoratzen, esnatu nintzenean jada kaskorik gabe bainengoen. Gero pilotu bat etorri zitzaidan laguntzera. 

"Saltoa hartzerakoan ikusi nuen sekulako kolpea hartu behar nuela"

Ez ziren zu mugitzera ausartuko.
Banekien ezin nituela hankak mugitu, sorbalda erdialdean sentsazio arraroa nuela, hezur bat puskatua bezalakoa. Eta ezin nuen arnasa ongi hartu. Zortzi saihets puskatuta nituen, baina momentu horretan ez nekien. 

Sekulako oinazeak izango zenituen…
Mina bai, baina ez pentsa horrenbesterako zenik. Uste dut nire gorputza kolpeetara ohituta dagoela. Gero bai, zulotik ateratzerakoan esan zidaten ohatilara indartsu heltzeko eta nik esaten nien: “heltzeko moduan nago, ba”. Anbulantzian bai, oinazeak sentitu nituen. Nik saihetsak apurtu nituelako mina nuen, baina Guttman Neuroerrehabilitazio Ospitalean egon nintzenean askok esaten zuten sorbalda hautsita ez zutela minik ez ezer sentitzen. 

Istripua gertatu eta ospitaleraino eramatea asko kostatu zitzaien. Hiru ordu luze. Zergatik?
Nik uste dut gertatutakoa oso handia egin zitzaiela. Lasterketa batean hau gertatzea ez da gauza batere normala, ezta Munduko Txapelketa batean ere. Nik uste dut ez zirela ausartzen. Esan zidaten ordu eta erdi egon zirela ni zulotik ateratzeko, eta beste ordu eta erdi anbulantzian mugitu arte. Helikopteroa eskatu zuten eta ordu bat egon ziren zain, azkenean erantzuteko helikopteroa ez zela etortzen euria edo haizea ari zuelako. Azkenean, hiru ordu Zaragozako ospitaleraino iritsi nintzenerako. 

Ospitaleraino ailegatzeko hiru ordu luze horiek zure osasun egoeran eragina izan dute? Ala ez dugu inoiz jakingo?
Ba ez dakit. Nik ez dut horretan pentsatzen, zeren… Helikopteroa garaiz etorriko balitz, ba ez dakit. Ezingo dugu jakin. 

"Ospitaleraino heltzerko hiru orduek lesioan eragina izan ote zuten? Ezingo dugu jakin. Nik ez dut horretan pentsatzen"


DIAGNOSTIKOA
Zaragozako Lozano Blesa Unibertsitateko Ospitale Klinikora eraman zintuzten. 
Gogoratzen dut hara ailegatu eta pelikuletan bezala gertatu zela: mundu guztia nire gainean. Bazekiten iristen nintzela eta prest zeuden. TAC proba egin zidaten eta esaten zutenarengatik, serioa zen. Medikuek argi hitz egin zidaten: laburbilduz, zortzi saihets apurtuta nituen eta horietako bat birikan sartu zitzaidan. Bizkarrezur-muinean arazoren bat zegoen eta ondorioz bi hanken mugikortasuna galdu nuen. Eta hortzak galdu nituen ere. Goiko ia hortz guztiak apurtu zitzaizkidan. 

Zaragozan bertan ebakuntza egin zizuten. 
Bizkarrezur-muinean hautsi ziren hezurrak kentzeko ebakuntza egin zidaten, bizkarrezur-muina deskonprimatzeko. Ondoren beste ebakuntza bat egin beharra nuen, baina hau ez ziren Zaragozan egitera ausartu. Bigarrena Badalonan egin nuen, Guttman Neuroerrehabilitazio Ospitalean. Kontua da bi bizkarrezur-muin hautsita nituela, hobeto esanda, bat hautsita zegoen eta bestea guztiz lehertuta. Hori guztia garbitzeaz gain, bost bizkarrezur-muin finkatu behar ziren. Baina saihets batengatik birika zulatua nuenez, ezin nintzen buruz behera egon arnasa hartzeko eta ebakuntza hori egiteko buruz behera egon beharra nuen. Hortaz, Zaragozan bizkarrezur-muineko garbiketa egin zidaten eta bigarren ebakuntza, bost bizkarrezur-muin finkatzearena, Badalonan. 

Zaragozan zenbat egon zinen?
Zainketa Intentsiboen Unitatean aste bat eta gelan bizpahiru egun, Badalonara bidali arte. Nik uste dut gehienetan sedatuta egon nintzela, une horietaz ez baitut oroitzapen gehiegirik. Uste dut familia sartzen zenean medikazioa jaisten zidatela, une horietaz gogoratzen naizelako, baina besteez ez. Gogoan dudana da ospitaleko langile asko zeudela bueltaka, baina ezin nuen hitz egin, ezin bainuen arnasa ongi hartu. 

Familiarendako ere kolpe latza. 
Bai. Eta gainera etxetik kanpo, Zaragozan egon behar. Baina egoerari aurre egin behar, ez dago besterik. 

"Egoerari aurre egin beharra dago, ez dago besterik. Ni errehabilitazioan hasteko irrikaz nengoen"

Badalonara iritsi eta berehala egin al zizuten bigarren ebakuntza?
Ez, astebete pasa egon ziren nik berez arnasa ongi har nezan itxoiten eta saihetsak bere onera egin zezaten esperoan. Une horietan arreba, bere mutil laguna eta nire neska laguna zeuden eta medikuek argi esan zieten, nire kabuz atera beharra nuela hortik. Ezin zela ezer egin. Ezin ninduten intubatu ere egin, birika lehertzeko arriskua zegoelako. Hortaz, arnasa ongi hartu arte ez zidaten ebakuntza egin. 

Bizkarrezur-muina finkatzeko ebakuntza egin eta noiz hasi zinen errehabilitazioan?
Nik sekulako gogoa nuen errehabilitazioan hasteko. “Ea bizpahiru egunetan aulkira jaisten hasten naizen” esaten nien, baina ez ba. Ebakuntza ondoko egunetan oinazeak izan nituen, baina pixkanaka hobetzen joan nintzen. Bi aste egon nintzen gurpildun aulkira jaitsi nindutenera arte. Egutegi batean data guztiak ditut jasota. Hasieran pixkanaka goratzen hasteko esan zidaten, ia hilabete bat etzanda baineraman. Oheko goiko aldea pixka bat jaso, eta hasieran sorbaldan min handia nuen eta zorabiatzen nintzen. Baina pixkanaka ohean eserita egotea lortu nuen eta esan zidaten gimnasiora jaisteko unea iritsi zela. 


ERREHABILITAZIOA
Errehabilitazioan arlo fisikoa eta psikologikoa aldi berean lantzen zenituzten?
Bai, guztia aldi berean. Terapia integratua zen. 

Gimnasioan hasteko irrikaz zeundela esan duzu. Halako egoera gogor bati aurre egiteko jarrera hori oso garrantzitsua da, hanken mugikortasuna galdu izanagatik jende asko ere sekulako beheraldian egongo delako, gurpildun aulkia ikusi ere nahi ez duena.   
Egoerari aurre egitea oso garrantzitsua da. Ezinbestekoa. Badalonako errehabilitazioan jende heldua edo jende gaztea zegoen. Jende gaztearendako, jakina, gogorragoa da halako egoera gogor bat barneratzea eta aurre egitea. Baina aurrera egin beharra dago. Ni kirola egitera ohituta nago, eta pixkanaka hasi nintzen. Hasieran kostatu zitzaidan, baina ohitura hartzen hasi eta konturatzeko martxan nengoen. 

Halako egoeran soilik COVID-19 gaitza hartzea zen falta zitzaizun bakarra. 
Ba hartu nuen, Badalonan (kar, kar…). Gimnasioan errehabilitazioan pixka bat gogor hasi nintzenean izan zen. Gogotsu nengoen, baina bat-batean indar gutxiago nuela sumatzen nuen. “Saiatzen naiz, baina ze gorputz ahula dudan, ze pattal” pentsatzen nuen. Bi egun zorabiatuta bezala nengoen, indar gutxirekin eta gauean sukar pixka batekin, baina munduko beste ezer. Odol eta pixa analisiak egin zizkidaten, eta dena ongi atera zen. Hiruzpalau egunetara pasa zen eta ez nion kasu gehiago egin. Nire neska laguna katarroarekin hasi zen, COVID-19 proba egin, eta positibo atera zen. Eta horrela konturatu ginen nik COVID-a pasa nuela, zorionez, konturatu gabe. 

Errehabilitazioan zer lantzen duzue gehien? Gorputz enborra?
Gehien lantzen nuena, niretzat garrantzitsuena zena “core” deitzen dena da, gune abdominala. Gorputzean oreka izateko, eguneroko gauzak egiteko eta tente mantentzeko gune hori asko lantzen genuen. Hankak eskuekin bakarrik mugitzen ditut. Guztiz tente errehabilitazioan jartzen naiz, aparailu berezi horiekin. 

"Medikuek diote ezin dela hobetu, nire lesioa osatuta dagoela. Orain helburua gorputz enborraren kontrola izatea da"


BUELTA
Badalonako ospitaleko errehabilitazioa bukatuta, urriaren 9an Altsasura etorri zinen eta Iruñean jarraitzen duzu errehabilitazioan. Hobetzeko aldea baduzu? Zer diote medikuek?
Medikuek diote ezin dela hobetu, nire lesioa osatua dagoela. Etxera etortzerakoan Imarkoaingo Neuroerrehabilitazio Arreta Gune Integralean hasi nintzen, errehabilitazioan jarraitzen eta lehendabiziko egunean galdetu zidaten zein den nire helburua. Eta nik esan nien gorputz-enborraren kontrola izatea dela nire helburua, oreka ahalik eta gehien berreskuratzea. Izan ere, edozertarako ezinbestekoa baita: edalontzia hartzeko, bazkaltzeko, arropa biltzeko… Ondo dagoen pertsona bat ez da konturatzen, baina tokatzen zaizunean konturatzen zara zein garrantzitsua den gorputzaren oreka izatea. 

Errehabilitazio saioak gogorrak izaten dira?
Egunero noa errehabilitaziora. Saioak zorrotzak dira. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 9:00etatik 12:00etara eta asteartetan eta ostegunetan 9:00etatik 11:00etara aritzen naiz. Hasi nintzenetik hobekuntza nabaria izan dut eta pozik nago. 

Zure etxea gurpildun aulkian egoteko prestatua al zegoen?
Lehenengo solairuan bizi naiz, eta igogailua dugunez komuna bakarrik aldatu behar izan nuen. Gutxika, gainontzeko gauzak moldatzen ari naiz nire beharretara. Momentuan konturatzen zara gauza horietaz. Eta zenbait espaloi dauden, edo eskailerak…

Espaloiak aipatu dituzu. Gure herrietan ditugun oztopo arkitektonikoak handiak dira?
Bai, uste baino gehiago. Esaterako, Altsasuko plazan dagoen galtzadarria. Hortik ezin naiz pasa, aurreko gurpilak zirrikituetan trabatzen direlako. Oztopo asko daude herri eta toki gehienetan, oro har. Jatetxe eta tabernetako komunetako ate asko oso estuak dira eta ezin naiz sartu, edo denda askok goiko pisuetan dituzte ikusi beharrekoak eta ez dute igogailurik… halakoak. 

"Jendea normal hurbil dadila niregana, ongi nagoelako. Erruki begirada horiek mindu dezakete"


BEGIRADAK
Herrira iritsi eta kalera gurpildun aulkian ateratzeko pauso hori gogor egin zitzaizun? 
Nahi eta nahiez atera nintzen kalera, herrira etorri nintzen egunean lagunek sekulako ongi etorria egin baitzidaten tailerrean.  Tailerrerantz gindoazenean, auto pila ikusi nituen eta pentsatu nuen: ze arraro horrenbeste kotxe... eta han nituen lagun guztiak eta pilotu asko zain, ongi etorria egiten. Oso polita izan zen. 

Zure kabuz atera zinen lehen aldian zer sentitu zenuen?
Nik ez dut inolako arazorik aulkian ateratzeko. Ez naiz etxean geratu behar beldurrez. 

Agian kaleko jendeak okerrago pasatzen du ez dakielako halako egoera batean zuregana nola zuzendu?
Niretzat begiradak dira okerrena. Mundu guztiak begiratzen dizu “ai, ze gaixoa, ze zoritxarrekoa” begirada horrekin. Uste dute gaizki nagoela. Ondo ez gaude, baina begiratzen gaituzte gixajo begiradarekin. Eta hori gogorra da. 

Hortaz, zuregana normal zuzentzen direnean hori eskertzen duzu. 
Bai, normal etor daitezela, lasai asko. “Pixka bat baxuago nago, baina normal nago” esaten diet.

Jendeak ez du asmo txarrez egingo, baina halako egoera baten aurrean asko blokeatu egiten dira. Zuri pasatu zaizuna oso gogorra da, eta askok ez dute jakingo zuregana nola zuzendu. 
Baina ni normal nagoela ikusita... Aurpegi txarra banu, ala negarrez egongo banintz, baina ni normal nago. Ni ikusten nauen jendeak beti ongi ikusten nau. Ongi nagoelako, hain zuzen ere. 

Hortaz, zuretako okerrena erruki begirada horiek dira. 
Bai, eta etengabe jendeak laguntza eskaintzea, denetarako. Jendea beti gainean egote hori. Agian espaloi bat igotzen nago eta “laguntza behar duzu?” etortzen zait jendea. Nik bakarrik igotzen dut, ahal bada, eta bestela moldatuko naiz. Esan nahi dut, laguntza eskaintzea normala da, baina etengabe… Dena den, egia da egoera asko baretu dela. Hasieran mundu guztia etortzen zitzaidan, eta orain normalagoa da harremana. Ezagutzen ez zaituen jendean bai nabaritzen duzula erruki begirada hori. Badakit ez dela nahita egindakoa, baina konturatu gabe jendea mindu daiteke. 

"Uste baino oztopo arkitektoniko gehiago daude. Aulkian zoazenean konturatzen zara"

Zure egoeran zein beste alor zaindu behar dituzu? Zuretako arriskutsuagoa da katarro bat edo ez du zertan?
Guztia da arriskutsuagoa. Hotza oso arriskutsua da, hankak ez sentitzean hankak hozten direlako eta infekzioak har ditzakezulako. Bi izan ditut. Gure kasuan infekzioak hartzea arriskutsua da, eta hartuz gero, ongi zaindu behar dira. 

Beraz, beroarekin hobe?
Bai. Nik hotza asko nabaritzen dut. Eguraldi hotzerako aldaketak datozenean, aiton-amonek bezala, guztiak nabaritzen dut. 


MOTORRAK PASIO IZATEN JARRAITZEN DU
2016an zabaldu zenuen zure motor tailerra, M-86, Altsasun, motorrendako Sakanan dagoen tailer bakarra. Orain bajan zaude, baina moldaketaren bat eginez gero tailerrean lan egiten jarraitzeko aukera ikusten duzu?
Oraindik ez dut burua horretan jarri, baina agian nik uste dut egin daitekeela. Denborarekin saiatuko naiz eta ikusiko dugu. 

Aurreko elkarrizketan esan zenuen txiki-txikitatik motorra zela zure bizitza, zure pasioa eta zure lanbidea. Istripua eta gero motorrarekiko halako maitasun-gorroto sentipena al duzu? Ala motor probak eta bestelakoak jarraitzen segitzen duzu?
Bai, eta bueltatuko naiz. 

Quadak hor daude.
Quadak ez, ni bi gurpiletan beti. Badago modalitate bat, egokitutako motorrena. Handy deitzen da eta zirkuituko modalitatea da. Motorrak dira, baina mando guztiak eskutan dituzte, heldulekuan. Motorrera igotzeko eta jaisteko laguntza behar da beti baina gero mando guztiak heldulekuan daude. 

Ui ui ui... saltseatzen ari zara, ikusten zaitut. 
Bai (kar, kar…). 

"Motorren munduan jarraitzen dut. Bueltatuko naiz. Egokitutako motorrak badaude"

Club Aventura Tuareg taldekoek zer diote?
Lasterketetara joateko animatzen naute. Aurten Dakarrera eraman nahi ninduten, baina ezetz esan nien, aurten ezin nuela. Baina gogotsu nago. Eta joango naiz. Aurten ez, baina datorren urtean saiatuko naiz. Beste lan mota bat egingo dut, baina ahal denean laguntzera joateko gogoz. 

Halako ilusioak izatea ez dago gaizki. 
(Kar, kar...) Ilusioez bizi behar da, bestela, gaizki. Arazoak bakarrik etortzen dira, bilatu gabe gainera. 

Hurrenean Dakarrean zer moduz ibili zaren galdetzera etorriko gara zurera. 
Ea datorren urtean den! (kar, kar).