Astekaria

"Mundu honek harrapatzen zaituenean, ezin duzu ihes egiten utzi"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 15a, 14:18

Victor Garcia Noguera Ibizako ikuskizun batean. UTZITAKOA

Victor Garcia Noguera Ibizara udako sasoi batera lanera joan zen, eta ordutik ikuskizunaren munduan ari da altsasuarra.

Altsasuko plazan dantza emanaldiak egitetik, Ibizako diskoteka eta hoteletan ikuskizunak eskaintzera. Victor Garcia Noguera ezustean hasi zen dantzaren eta arte eszenikoen munduan. Ibizara zortea bilatzera joan zen, eta lan “handia” eginez bederatzi urte inguru daramatza Balearetako irlan bizitzen. Udan lan sasoi handiena bada ere, neguan ere antzokian musikalak egiten ditu. Urte hau garrantzitsua izanen da altsasuarrarendako: Ibizan gelditu edo Altsasura itzuli erabakiko du.

Nola hasi zinen dantzan?
Altsasun bizi nintzen eta dantzarekiko zaletasuna nuen. Jenni Domingorekin, Nora Gonzalorekin eta Joana Troyanorekin talde bat sortu genuen. Momentu horretan telebistan dantza saio oso ospetsu bat zegoen, eta gustatzen zitzaigun. Dantza egitea gustatzen zitzaigunez ere, dantza egitera gelditzen ginen. Baina zaletasun bat zen. Koreografiak egiten genituen, baina guretako. Garai horretan Txunkaiko festak berreskuratzen hasi ziren, urteak ziren ez zituztela antolatzen, eta laguntza eskatu ziguten. Bertan dantzatu nahi ote genuen esan ziguten, eta Jennik eta biok aurrera egin genuen. Prest genituen koreografiak aurkeztu genituen. Gure lehenengo emanaldia hor izan zen, eta gero beste festa batean, oraintxe zein zen gogoan ez dudana, Foru plazan, beste emanaldi bat egin genuen. Gero Blanki Torres Gazteriko teknikariak Intxostiapuntan dantza klaseak eskaintzeko kontratu ninduen. Hori izan zen nire dantzari ibilbidea Altsasun.

Nola sortzen zenituzten koreografiak?
Musika aukeratzen genuen, gustatzen zitzaizkigun abestiak; abesti bat nik aukeratzen nuen, hurrengoa Jenik… Eta zerotik sortzen genituen koreografiak. Gure artean egiten genituen.

Zein dantza estilo egiten zenuten?
Bereziki comercial dance edo funky bezala ezagutzen direnak. Kolpe indartsuak ematen dira, mugimendu fuerteak.

Zein momentutan erabaki zenuen dantza zure ogibidea izatea nahi zenuela?
Egia esan, inoiz. Ibizara udako sasoia egitera etorri nintzen. Altsasun fabrikak ixten ari ziren eta pixka bat larrituta nengoen ikusten nuelako ez nuela lanik aurkituko. Soldadorea naiz, eta bertako lantoki askotan lan egin dut. Momentu horretan herriko beste lagunb at, Maite Uholde, Ibizara sorosle lana egitera etorri zen eta idatzi zidan esanez bertan ostalaritzan lana zegoela eta udako sasoia egin nezakeela eta horrela herrira diru pixka batekin itzuli. Ibizara iritsi nintzen eta lan bila hasi nintzen. Aurkitu nuen lehenengo gauza dantza eskola batean izan zen. Nahiko barregarria da, egia esan. Haur txikiei dantza ematen nien. Herrian sortutako koreografia horiek erakusten nizkien, batik bat. Ezustean sortu zen lana: dantza eskola batetik pasa nintzen eta nolakoa zen gustatu zitzaidan. Irakaslea kanpoan zegoen eta komentatu nion gustatzen zitzaidala eta berak esan zidan ea dantza egiten nekien. Baietz esan nion, baina ez nintzela profesionala. Estiloagatik galdetu eta funky esan nionean haurrendako irakasle bat bilatzen ari zirela esan zidan. Zerutik jaitsitakoa bezala izan zen.

Eta Ibizan gelditu zinen.
Lan hau nahiko behin behinekoa zen. Nire lehenengo lana hemen izan zen, baina anekdotikoa izan zen. Astean behin joaten nintzen. Ez zen berez lan bat. Utzi behar izan nuen hotel batean zerbitzari hasi nintzelako, eta hortik beste hotel batera pasa nintzen. Ostalaritzan mugitu nintzen, eta gero show-aren munduan beste lan profesionalago bat aurkitu nuen, mundu honetako ateak ireki zizkidana.

Zein zen lan hori?
Santa Eulalian bizi nintzen eta pasealekutik nindoala 1980ko hamarkadan inspiratutako musikal baterako kastina eginen zutela kartel bat ikusi nuen. Garai hori izugarri gustatzen zait, eta kastinean izena ematea pentsatu nuen. Hurrengo egunean zen, eta ez nengoen prestatuta, baina aurkeztuko nintzen. Lanean jai eguna hartu nuen eta kastinera joan nintzen. Akrobaziak egiten zituen mutil baten bila ari ziren. Nik zerbait egiten nuen eta aurrera egitea erabaki nuen. Kastina desastre bat izan zen. Bi neskekin dantza egin behar nuen, orain lagunak direla, baina momentu horretan ez nituen ezagutzen. Biak dantzariak ziren, eta horietako baten gurasoek dantza eskola bat dute. Oso ongi mugitzen ziren. Nik dantza egiten nuen, baina denborarekin egiten nituen gauzak. Hemen bost zortzi markatzen zituzten, eta aurrera! Bi ordutara deitu ninduten galdetzeko ea zein akrobazia egiten nituen. Nesken aldean nik maila baxuago nuela, baina nigan interesa zuten. Ez nekien hartuko ninduten, eta gainera lan egin behar nuen eta lehenengo entseguetara huts egin nuen. Deitu ninduten esateko ezin nuela hainbeste faltatu, baina esan nien etxean entseatuko nuela. Etxean lan handia egiten nuen, eta nirekin pozik zeuden. Musikalean sartu nintzen. Hiru emanaldi egin genituen eta gero bi hilabeteko geldialdia zegoen. Altsasura itzuli nintzen, eta gero Ibizara bueltatu behar izan nintzen beste bi saio egitera.

Mundu horretan aurrera egiteko aukera bat bezala ikusten zenuen?
Momentu horretan ez nuen ikusten lan aukera bat bezala. Ilusioa egiten zidan harrigarria zelako hainbeste pertsonendako aritzea. Herriko festetan aritzetik 800 ikusleko antzoki batean aritzera pasatzera, ekipo handi batekin, ikuskizun batek dakarren guztiarekin… Horrek guztiak ihes egiten zidan, baina pixkanaka harrapatu ninduen.

Nola egin zenuen saltoa?
Memoria ariketa bat egin behar dut, urte asko pasa direlako. Musikal horretan hasi nintzen eta, esan daiteke, maitasuna sortu zela. Musikala amaitzerakoan bertan lan egiten zuen mutil batekin gelditzen hasi nintzen. Nik aurretik ez nion arreta jarri, eta gainera bikotekidea zeukan, baina ondoren pixkanaka hasi ginen eta konturatzerako Ibizan nengoen, udako eta neguko ikuskizunak egiten. Dagoeneko ez gaude elkarrekin, baina berak ikuskizun enpesa bat du eta ni laguntzaile izatera pasa nintzen: koreografiak sortu, dekorazioak, jantziak… Haizeak mugitzen duen host bat naiz, eta edozer gauzara modaltzen naiz. Egia esan, lan handia egin dut zortzi urtez.

Orain zertan zabiltza?
Enpresa honetan lan egiten jarraitzen dut eta udan zenbait enpresekin lan egiten dut ere. Diskoteketan lan egiten dut, zankotan ikuskizunak, aire akrobaziak… Moldatu behar zara. Lan bat eskaintzen didatenean nik beti egiarekin aurretik joaten naiz eta inoiz ez badut egin esaten diet. Baietz esaten badidate saiatzen naiz.

Udako sasoiko lanak izan ohi dira, ezta?
Udan turismo asko dago, eta lan aukera gehiago daude. Enpresa asko daude ikuskizunen munduan lan egiten dutenak. Leku pila batetan behar dituzte dantzariak, performancerrak, akrobatak… Ni mugitzen joan naiz. Udan lan asko dago. Baina lan egiten dudan enpresa honetan ere neguan antzoki batena lan egiten duug. Ikuskizun pribatu bat egiten dugu, Imsersoko jendearendako. Urte luzez lan egin dugu pandemia etorri arte. Pixka gaizki pasa dugu antzokiaren alokairua oso altua delako, bestelako gastuak daudelako… Oso zaila izan da. Igande honetan lehenengo ikuskizuna eginen dugu eta azken entseguekin ari gara. Lana badago, eta ongi lan egiten baduzu ahoz ahokoak asko laguntzen du. Lan asko egin behar duzu ere, ezin zara gelditu.

Bizitzeko ematen dizu?
Ez da hainbeste irabazten. Jendeak uste du dantza egiten dugula, oso ongi pasatzen dugula eta gainera asko irabazten dugula. Ez da horrela. Gainera, entseguak eta sortze lana dago, eta horretan ez duzu ezer irabazten. Asko sufritzen da. Ongi ez zauden egunetan irribarre batekin atera behar zara. Batzuetan ekonomikoki zaila izaten da, baina behin harrapatzen zaituenean, ez duzu ihes egitea nahi.

Zer egingo duzu etorkizunean?
Egia esan, garai zaila izaten ari da. Bikotekidearekin utzi nuen, eta ez da maitasun sufrimendua, baizik eta aldaketagatik sufrimendua da. Azkenean, bikotean bizi nintzen, gastuak elkarbanatzen genituen… eta orain beste herri batera bizitzera etorri behar izan naiz. Nire mundu hau mugitu dit, eta ikuskizun guztietan jarraitzen dut, baina beste lan bat bilatu behar izan dut ere. Urte hau froga moduan hartu dut, probatu nahi dut ea zer moduz egiten dudan aurrera. Ondoren, erabakiko dut zer egin. Altsasun gauzak errazago ditut, anaiarekin pisu bat dut, eta fabriketan lan egin dezaket.

Eta hemen ikuskizunaren munduan jarraitu?
Izugarri gustatuko litzaidake, eta pentsatu dut. Baina han ez dago ezer. Gosez hilko nintzen. Udalari zerbait proposatzea pentsatu dut, inauterietan, esaterako, zerbait egitea. Baina ez dago hainbeste lan, ezingo nuke honetaz bizi. Gainera, materiala ere behar duzu, eta gordetzeko toki bat. Beraz, beste lan bat behar duzu aurrera egiteko, eta lan horrek sortzeko denbora kentzen dizu. Pentsatu izan dut, baina oso zaila da.