Susana Anguiano Aguado

"Haurrak leihoan begiratzen liluratuta gelditzen dira"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 16a, 14:05

Susana Anguiano Aguado marrazkilaria.

Zumalakarregi plazako kioskoan prentsa eta aldizkariak saltzen zituzten. Txutxeriak ere saldu izan dituzte eta orain, Susana Anguiano Aguado marrazkilariak bere lanak erakusten ditu. 

Bere estudioa bihurtu nahi du ere bai.

1. Noiz hasi zinen marrazten?
Txititatik dator. Leku guztietan marrazten nuen. Ez ziren izugarrizkoak, baina asko gustatzen zitzaidan. Oroitzapen asko ditut .Eskolan ez nintzen ikasle ona, baina marrazketan ona nintzen. Asko betetzen ninduen. EGB bukatu nuenean, arte eta ogibide eskolan, batxilergo artistikoa existitu aurretik, dekorazioa ikasi nuen, gaur egun barrualdeko diseinua izanen zena. Nire amonak kioskoan tebeoak saltzen zituen. Gogoan dut hor, iskinean, nire amona saltzen ari zen bitartean eta arratsaldetan konpainia egitera etortzen nintzenean, tebeoak irakurtzen egoten nintzela. Liburuekin eta irakurketarekin ez dut zaletasun handia izan, baina irudiek eta ilustrazioek betidanik atentzioa deitu dizkidate, koadroak baino gehiago; museo batean ere asko disfrutatzen dudala... Baina, bereziki, marrazkiak gustatzen zaizkit.

2. Marrazten jarraitu duzu?
Egia esan, duela gutxi hasi nintzen berriz. Etxean denbora neukan, familian gaixotasunak gertatzen dira eta barruan dagoena ateratzeko modu bat da. Marrazketak izugarri lagundu zidan. Harrigarria izan zen. Lagun bati esker ilustrazio tailerretara joaten hasi nintzen. Ilustrazioaren munduan ezagunak direnen tailerretara, esaterako, Iratxe Lopez de Munain edo Noemí Villamuza. Bertan asko inspiratzen nauen jendea ezagutu nuen, pikatu nintzen, eta jarraitu nuen. Ikaskide baten aholkua jarraitu nuen; marrazketa blok bat erosteko esan zidan, eta egunero pixka bat marrazteko.

3. Zertan inspiratzen zara? Zer marrazten duzu?
Bereziki, animaliak egiten ditut. Gehienak animaliak dira. Pertsonaiak ere sortzen ditut. Marrazketa gustatzen zait, margotzea ez. Marrazkilaria naiz. Bozetoak egitea asko gustatzen zait, eta marrazketa azkarra miresten dut. Margotu ere egiten dut, dena jartzea da. Baina ez dut nahiko pazientziarik. Margotzen duen jendea asko baloratzen dut, baina ez da niretako. Niri arkatza gustatzen zait.

4. Zumalakarregiko kioskoan jarri dituzu zure lanak. Nola sortu zen ideia?
Kioskoa familia negozio bat izan zen. Orain itxita zegoen, eta nire izeba, nire lanaren lehenengo zalea denez, hemen erakustea proposatu zidan. Hasieran lotsa ematen zidan. Baina azkenean animatu nintzen. Zergatik ez? Orain ezin dut oso hotz delako, baina aurrerago estudio txiki bat jarri nahi dut hemen. Udaberrian eta udan. Noizbehinka hemen egoten naiz, baina orain hotz handia egiten du. Gehien gustatzen zaidana haurrak leihoan itsatsita gelditzen direnean da. Liluratuta begiratzen dute. Liburuak dekorazio moduan jarri ditut. Haurrak fijatzen dira, eta niri gustatzen zait.

5. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi?
Gordeta ditudan lanak jartzen ditut eta bi hilabetero aldatzen ditut. Pixka bat denetarik jartzen dut: pertsonaiak, animaliak, collageak, hau da, marrazkiak koloretako paperekin nahasita… Normalean egiten dudana da. Oso denbora gutxi daramat. Hau bigarren txanda da. Ez dut orden jakin bat jarraitzen, ez dut ezer aurretik pentsatzen; ateratzen den moduan. Agian egunen batean egin berri dudan marrazki bat gustatzen zait, eta beste batengatik aldatzen dut.

6. Kanpotik ikus daiteke, eta barrutik?
Barrutik ez. Jendearendako entretenimendu bat izatea nahi dut, besterik gabe. Galeria txiki bat; pertsonala.

7. Lanak eros daitezke?
Bai. Jendeak eros ditzake, eta baten bat saldu dut. Sare sozialen bidez ere kolaborazioak egin ditut. Jendeak haien poemetan erabiltzeko baimena eskatzen dit edo istorioak irudikatzeko eta baietz esaten diet. Zure lana erakusteak asko asebetetzen zaitu.

8. Sortzen jarraitzen duzu?
Hori ez da inoiz amaitzen. Nire estilora fidela naiz. Ez dira marrazki imajinatiboak edo fantastikoak. Normaltasunetik aldetzen badira paperei esker da, hau da, collage-i esker.

9. Zure garapena nabaritu duzu?
Bai. Block-a erosteko eta egunero pixka bat praktikatzeko esan zidan lagun horri esker asko hobetu dut. Sudurrak, begiak eta abarrak askoz hobe ateratzen dira.

10. Zeure buruari erronkak jartzen dizkiozu?
Egunero marrazkiak egitea. Batzuetan etxera iristen zara eta ez duzu marrazteko gogorik, baina zertxobait egiten duzu. Sareetan batzuetan erronkak egoten dira ere: tintarekin egiteko, arkatzarekin egiteko… Haiek hitz bat jartzen dute, eta zuk horri buruzko zerbait marraztu behar duzu. Horietan parte hartzen dut ere. Gustatzen zait. Asko laguntzen dute. Horretarako sareak oso ongi daude.

11. Beraz, egunero marrazten duzu?
Saiatzen naiz. Egunero, egunero… Lana ere hor dago. Denboraldiak daude. 2016an tailerrekin hasi nintzen eta hasieran egunero egiten nuen zerbait. Askotan egindakoa ez du balio, baina behintzat praktikatu duzu. Konstantea izan naiz, edo saiatu naiz.