Ekain Alegre Bertsoaroan

Guaixe 2022ko ots. 17a, 11:44
Ekain Alegrek (taularen gainean ezkerrean) Bertsoaroa zikloan parte hartuko du. ARTXIBOA

2022ko Iruñeko bertso zikloa otsailaren 10ean hasi zen, eta hilaren 24ra arte izanen da. Sakanko bi bertsolarik parte hartuko dute: Alegre eta Lazkoz.

Iruñean bertsoaren mundua sustatzeko helburuarekin antolatzen dute urtero Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Bertsoaroa zikloa. Nafarroako Antzerki Eskolan, Kondestableko Civivoxean, Katakraken eta Txantreakok Salesianas zentroan formatu desberdinetako sei bertso saio eginen dituzte, otsailaren 24ra arte.

Gaur, otsailak 17, osteguna, 19:00etan, Gazteen bertso saioa eginen dute Katakraken. Beñat Astizek, Ekhiñe Zapiainek, Gorka Pagonabarragak, Haira Aizpuruak, Naia Arrizabalagak eta Ekain Alegre altsasuarrak parte hartuko dute. Gai jartzailea Ainhoa Larretxea izanen da. Sarrera librea da, edukiera bete arte.