Torturatuendako aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatu zituzten

Guaixe 2022ko ots. 18a, 12:00

Tortura salatzen. UTZITAKOA

Sakanan 149 tortura kasu egiaztatuta dituzte Sortuk eta Ernaik. Nafarroako Gobernuari tortura ikertzeko eskaera egin diote.

Sortuk eta Ernaik deituta 93 pertsonak torturaren kontrako elkarretaratzean parte hartu zuten Altsasun larunbatean. Deitzaileek jakinarazi zutenez, “Sakanan 1960 eta 2014 artean 149 tortura kasu  daude erregistratuta, kreditatuta, salatuta. 20.000 biztanle dituen bailaran. 149 esperientzia latz bezain ahaztezin. Tamalez, oraindik ere, gehiago izanen dira ziurrenik”. Horrekin batera, “torturapean jasotako testigantzen ondorioz gaur egun espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politiko guztiei eta, bereziki, Sakanakoei besarkada beroa” bidali zieten. 

Torturatutako pertsonek benetako erreparazioa izateko “tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago.  Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikus araziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin. Militante politikook eta inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun”. Horregatik, beste behin, Nafarroako Gobernuari torturaren errealitatea “lehenbailehen iker dezan” eskatu zioten. Bide batez, Nafarroako Torturatuen elkarteari ongi etorria egin zioten, eta tortura “iluntasunetik argitasunera” ateratzeko “antolatzea ezinbestekoa” dela nabarmendu zuten.