Etxerako egur loteak eskatu daitezke dagoeneko

Guaixe 2022ko ots. 22a, 11:24

Lizarragan sutarako egurra traktorean eramaten. ARTXIBOA

Horretarako 948 012 012 telefono zenbakira hots egin behar da. Martxoaren 4an despedituko da epaitzak eskatzeko epea.

Altsasuko Udalak jakinarazi du dagoeneko eskatu daitezkeela etxerako egur loteak. Familia unitate bakoitzak eskaera bat egin dezake. Baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopurua jakindakoan, Altsasuko Udalak epaitzak markatuko ditu. Hala ere, gehienezko 150 loteak banatuko ditu aurten. Bakoitzak 3.000 kilo inguru izanen ditu gutxi gorabehera, eta haiengatik ordaindu beharrekoa 20 euro izanen da. Loteak markatu ondoren, baldintzak betetzen dituztenei Altsasuko Udalak jakinaraziko die, ordainketa egin dezaten. Ordainketa egiten dutenei esleitutako lotearen dokumentazioa bidaliko zaie posta elektronikoz. Zozketa ekitaldi itxian eginen du udalak. 

Udal ordenantzari jarraituz, eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Batetik, adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea. Bestetik, Altsasun erroldatuta egon behar du, gutxienez hiru urteko antzinatasunarekin. Horrekin batera, epaitza eskatzen duenak Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizi behar du. Gainera, ezinbestekoa izanen da Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea. Aurretik ordenantza ez betetzeagatik baso aprobetxamendua eskuratzeko eskubidea galdu badu, ezin izanen du epaitzarik jaso. Azkenik, eroritako zuhaitzak eskuratu dituztenak aurten ez dute aukerarik izanen epaitzarik eskatzeko.