Astekaria

Javi Gasanz, hobetzen jarraitzeko ilusioa

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 22a, 14:30

Javi Gasanz Elgoibarko Nazioarteko Muguerza Krosean, atzean Ivan Sobredo 'Triki' eta Sergio Garcia de Eulate taldekideak dituela. UTZITAKOA

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko korrikalari eta monitorea ilbeltzaren 30ean Espainiako Kros Luzeko Txapelketan aritu zen Nafarroako selekzioarekin. Mendi lasterketen denboraldia hasteko irrikan dago, eta Dantzaleku Sakana kluba indartzea da bere nahia

Javi Gasanz Barragan korrikalari todoterrenoa da, baina bereziki mendi lasterketak ditu gustuko. Jokin Bereziartu bere lagun minarekin batera hasi zen. “Duela lauzpabost urte Jokini proposatu nion ea zergatik ez ginen mendian korrikan hasten. Eta horrela hasi ginen” dio. Ordutik ibilbide polita egin du, ilbeltzaren 30ean Espainiako Kros Luzeko Txapelketan parte hartzearekin borobildu duena.
Aurten 22 urte beteko dituen altsasuarrak aipatu duenez, bere lehen mendi lasterketa Tolosakoa izan zen. Hurrengo lasterketa luzea izan zen, lehendabiziko Tritoiena. “Oso motibatuta hasi ginen. Baina atzera begiratuta ohartzen zara 16 urterekin sekulako palizak hartzen genituela. Altsasutik atera, Gurutzea igo, San Adrianera heldu, hura jaitsi, Beriain igo… gehiegi zen. Ero moduan hasi ginen” oroitzen du. Ordutik, beste hamaika lasterketa etorri ziren, bata bestearen atzetik. Sakanako probak, Nafarroakoak, eta baita Gipuzkoakoak ere.

2019an Zegama-Aizkorri Maratoian aritu zen, proba ezaguneko azkeneko edizioan. Zozketan egokitu zitzaion bertan aritzeko txartela. “Aitarekin lanean nengoen eta lagun baten mezu bat iritsi zitzaidan, Zegaman aritzea egokitu zitzaidala esanez. Nik ezinezkoa zela erantzun nion. Baina egia zen” oroitu du. Orduan 19 urte zituen, eta maratoia gogorra egin zitzaion, “ez adinagatik, hanketan kilometro gutxi nituelako baizik. Baina esperientzia hori nirekin eramango dut beti” aitortu du. "Maratoia bost orduren bueltan despeditzea espero nuen, baina beroarengatik oinetan babak atera zitzaizkidan eta azkenean 5:49:13-koa izan zen nire denbora. Kontentu, proba bukatu nuelako. Gero babak infektatu ziren, sukarra izan nuen, makuluekin ibili behar izan nuen… baina hori ere pasa zen” gogoan du. Aurten ez du bertan aritzeko zozketan parte hartu. “Ez ditut maratoiak egingo. 20-30 kilometroko probak nahiago ditut” argi du.

Bi garaipen ditu Gasanzek: Hiru Mendi Trail, Binaka, Bereziarturekin, eta Esteribar Sansilbestrail"

Pandemiak 2020ko ia lasterketa guztiak bertan behera utzi zituen, eta Javi Gasanzek eta Jokin Bereziartuk erronka berezia egin zuten irailaren 4an: 24 ordutan Bargagainera elkarrekin zenbatetan igotzeko apustua. Axio Aranburu zenak zuen errekorra, 16 ordu pasatxotan 11 aldiz igo baitzuen Bargagain. Gasanzek eta Bereziartuk 12 aldiz igo zuten, 21 ordu eta 33 minututan. “Niretako egun hori kirolean bizi izan dugun orain arteko egun bereziena izan da. Kuadrillako jende guztia igo zen gu animatzera, behean ere herriko jende pila zegoen, eta giro polita sortu zen. Egun elegantea izan zen, oroimenean gordeta dudana” aitortu du.

2021eko garaipenak
2021 urteko ekainaren 20an Javi Gasanzek eta Jokin Bereziartuk Atarrabiako Hiru Mendi Trail lasterketa irabazi zuten bikotekako modalitatean. Aurretik, 2018an Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketako ibilbide motzean hirugarren izan zen Gasanz, baina podiumaren gorena Atarrabian ezagutu zuen. Hala ere, Dantzaleku Sakanak 2021eko irailaren 4an lehenengoz antolatutako Bargagaingo Igoeran parte hartu ez izanaren pena du. "Udan beste behar batzuetan ibili nintzen. Entrenatzen hasi nintzenerako, ezin martxa hartu eta ezin izan nuen aritu. Etxeko proban aritzea izango da aurtengo helburuetako bat “ azaldu du.

Berehala berreskuratu zuen sasoia, 2021eko abenduaren 19an Esteribar Sansilbestrail lasterketa motza (8 km) irabazi baitzuen (35:28). “Eukeni Goikoetxea, Ivan Sobredo “Triki”, Axi Estarriaga, Sergio Garcia de Eulate eta taldekideekin serie motzak entrenatzen asko ibili ginen sasoi horretan, eta Zubirira joatea erabaki nuen. Lasterketa hasieratik taldetxo bat jarri ginen aurretik, hirugarren kilometrorako korrikalari pare bat geunden bakarrik, eta gero tira egin nuen. Lasterketa ongi kudeatu eta helmugara bakarrik iristea lortu nuen. Irabaztea polita izan zen. Familiakoek eta lagunek txantxetan esaten zidaten lasterketaren bat irabazteko garaia bazela, eta pozik” aipatu du.

Javi Gasanz: "Lasterketetan azkarrago ibiltzea… horrek lan handia du atzetik"

Espainiako Kros Txapelketa
Ordutik krosean aritu da orain arte Javi Gasanz, emaitza onekin. Ilbeltzaren 9an 78. Muguerza Nazioarteko Oroimenezkoan parte hartu zuen, Elgoibarren, Triki eta Sergio Garcia de Eulate taldekideekin batera. Eguraldi petrala, baina beraiek “oso gustura” ibili ziren. “Lehendabiziko krosa izan zen. Ez genuen lasterketa amaitzea lortu, lehendabizikoek bikoiztu gintuztelako, baina helmugatik metro gutxira izan zen. Seigarren kilometrorako bikoiztuko gintuztela espero genuen, baina azkenean 8 kilometro eta erdi baino gehiago egin genituen. Altsasuko Kroserako nahiko ongi etorri zitzaigun” azaldu du Gasanzek.

Ilbeltzaren 16an jokatutako Altsasuko Krosa Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa zen, eta lehendabizikoek sari ederra zuten: ilbeltzaren 30ean Jaenen jokatu zen Espainiako Kros Luzeen Txapelketan parte hartzea. Javi Gasanz 22. postuan sailkatu zen (35:19), eta Nafarroako Atletismo Federazioak 23 urtez azpiko Nafarroako selekzioan aritzeko hautatu zuen. “Altsasuko Krosa Trikirekin batera egin nuen, biok antzeko maila dugulako. Gehienbat Triki joan zen tiraka, baina azken bueltan ni ere tiratzen ibili nintzen eta biak batera iritsi ginen helmugara. Ez nuen 23 urtez azpikoan sailkatzea espero, baina lortu nuen” aipatu du.

Entrenatzailea, bai ala ez
Javi Gasanz eta Izaskun Beunza olaztiarra izan ziren Jaengo Espainiako Kros Luzeko Txapelketan aritu ziren sakandarrak. 23 graduko tenperaturarekin jokatu zuten proba, alde nabaria. “Eguraldiak eragina du, baina azken finean agintzen dutenak hankak dira. Hankak fin badituzu berdin du eguraldiak” dio Gasanzek irribarrez. Berehala konturatu zen Jaenen zeuden korrikalariek maila handia zutela. “10 km eta 200 m pasatxokoa zen proba eta ni 72. sailkatu nintzen (35:30). Hori nahiko azkar korrika egitea da, baina azkarrago joateak kristoren lana du atzetik: prestatzaileak, elikadura, material hobeak… denetatik” argi du Gasanzek.

Gasanzek Maisutza ikasketak egiten ditu, tarteka aitarekin lan egiten du, eta bere kabuz aritzen da entrenatzen. Ez du entrenatzailerik, baina hurrengo urteari begira aztertzen ari da, "zure kabuz entrenatzea oso zaila baita. Norbaitek esaten badizu: orain gelditu pixka bat, kasu egingo diozu, baina zuk bakarrik agian ez duzu behar hori ikusten. Lasterketa bat ongi prestatu nahi duzu, baina agian gehiegi entrenatzen duzu eta probaren egunean ez duzu zure %100a ematen. Horregatik hurrengo urtean entrenatzaileren bat hartzea ari naiz aztertzen, maila hauetan lehiatzeko norbaitek zure ibilbidea gidatzea garrantzitsua izan daitekeelako” azaldu du.

Jaenera agenda eraman zuen, “ikusten nituen gauza guztiak apuntatzeko. Guztiek entrenatzaileak zituztela eta elikadura oso ongi zaintzen zutela konturatu nintzen. Pentsa, Pirinioetan kontzentrazioak egin zituzten, altueran. Beste maila batean zeuden. Guk Dantzaleku Sakanan ezin dugu hori egin, talde txikia garelako eta ez dugulako ahalmen hori, baina pixkanaka aurrera joango gara” dio.

Gasanzek argi du ez dela baliabide gehiago dituen beste klub handi batera joango

Dantzaleku are gehiago indartu
Gasanzek argi duena da bere ibilbidea jarraitzeko ez dela baliabide gehiago dituen beste klub handi batera joango. "Guztiak klub handietara joango bagina, ez litzateke berdina izango. Dantzaleku Sakanan jarraituko dugu lanean, ea guztion artean aurrera ateratzen dugun. Aurten talde polita dugu, eta ea beste klubetan dauden korrikalari sakandarrak gurera etortzea lortzen dugun, guztion artean talde elegante bat egiteko” espero du Gasanzek. Hori litzateke bere nahia, baina kontziente da Iruñeko klub handietan hamaika erraztasun eskaintzen dituztela eta Dantzalekuk ezin duela horren kontra lehiatu. “Hori norberaren erabakia da, baina Dantzalekutik gainontzeko klubetan dauden sakandarrak erakartzen saiatuko gara” gaineratu du.

Aurten 60tik gora neska-mutikok eman dute izena Dantzalekuko atletismo eskolan. Fermin Azkargorta, Javi Gasanz, Aitor Mendoza eta Ekhi Olabide dira monitoreak. Gasanzek txikienak trebatzen ditu, 6 urtetik 9 urtera bitartekoak, eta beraiekin “oso gustura” dagoela aitortu du. “Gaztetxo asko daude eta horrek sekulako poztasuna ematen du. Kirol hau gustuko dute eta oso polita da eurekin lasterketetara klub gisa joatea, sentsazio bikaina. Aspalditik ez ginela Dantzalekutik horrenbeste korrikalari lasterketetara joaten, eta, gainera, maila polita dute. Gurasoei hasieratik esan genien aurtengo helburuetako bat lasterketa ahalik eta gehienetara joatea zela, haurrek lasterketen xarma hori barneratzeko, eta lortzen ari gara” dio, pozik. Gasanz jakitun da kluba aurrera ateratzeko oraindik lan asko dagoela egiteko, “baina pixkanaka guztion artean egingo dugu” espero du.

Joan zen urtean 30 gaztek eman zuten izena Dantzaleku Sakanako mendi lasterketen taldean. Sekulako arrakasta izan zen, baina pandemiagatik sortutako booma izan zen, aurten taldea ez baita atera. "Dena den, gazte asko kirolean hastea lortu genuen, eta euren kabuz kirola egiten jarraitzea. Alde horretatik kontentu gaude” azaldu du Gasanzek.

Mendi lasterketetara buelta
Mendi lasterketa denboraldiari ekingo dio Gasanzek. Ekainean jokatuko den Berga Trail Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa du begiz jota. Atletismo Federazioak mendi lasterketa taldea osatuko du eta 23 urtez azpikoan hautatua izatea nahiko luke. Horretarako martxoaren 27an Lerinen jokatuko den trailean aurreneko postuetan sailkatu beharko luke. “Ea horrela den. Aurten Nafarroako Txapelketako proba gehienak egin nahiko nituzke. Dena den, orain lasterketak ez dira nire lehentasuna. Lasterketa hau edo hori egitea. Gehiago gustatzen zait nolako bilakaera izan dudan ikustea. Gorputzean hobekuntza nabaritzea, eta gorputzak estimulu horri nola erantzuten dion ikustea. Lehen bakarrik lasterketetan zentratzen nintzen, baina orain bilakaerari ematen diot garrantzia” dio. Tritoiena, Uharte Arakil Beriain Km Bertikala eta Bargagaingo Igoera egin nahiko lituzke, sasoian badago. Sakanako proba politena Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa da berarendako, “hor irabazi nuelako lehendabiziko edo bigarren kopa, gaztetxoa nintzela. Beti dut gogoan” aipatu du.

Eukeni Goikoetxearekin asko entrenatzen du. “Eukeni martxoan Espainiako Km Bertikalen Txapelketara joango da, Extremadurara, eta klub gisa harro egoteko modukoa da. Eukeni sekulako makina da” dio, taldekideaz harro. Pozik dago Gasanz, “korrikan hobetzeko ilusio hori beti dudalako”. Korrika egiteak asko ematen dio, “ez dakit nola esan, agian lasaitu antzeko bat. Ikasketak, lana… egunerokotik askatzeko modu bat da. Orain taldean hasi gara serieak egiteko hitzordua jartzen, eta harremanak izateko beste modu batean bilakatu da korrika egitea. Giro ona dugu. Kirolean harreman on asko egin ditut eta espero dut bizitza osorako izatea” dio.

Beste klubetako korrikalari sakandarrak Dantzaleku Sakanara erakarri nahi dituzte

Dantzaleku, zabal-zabalik
Korrika egiteko zaletasuna duten sakandarrak eurengana gerturatzea animatu ditu. “Serieak egiteko edo korrika egiteko anima daitezela Dantzalekura etortzen, eta gurekin harremanetan jar daitezela, lasai asko. Elkarrekin entrenatu dezakegu. Izan ere, beti bakarrik entrenatzeak burua asko erretzen du. Klubeko ateak zabal-zabalik daude. Edonor etor daiteke, Dantzalekuko bazkide egin… eta nahi dutena. Aurten estatu mailako lizentzia dugu, eta estatuko edozein proba federatuan eman dezakegu izena klub gisa. Beraz, anima daitezela. Gutxika pausoak ematen ari gara” nabarmendu du. Dantzaleku oraindik klub handiagoa egin nahi dute. “Ongi legoke guztiak urdinez jantzita korrika egitea, baina horretarako denbora beharko dugu” ondorioztatu du.