Udalak Gure Etxea eraikinean "oso gertaera larriak" izan direla jakinarazi du

Guaixe 2022ko ots. 22a, 12:16

Udal eraikinean egindako kalteak eta egin beharreko garbiketak 1.290,28 euroko kostua izan du. Bestalde, udal liburutegian kristal bat haustea eta beste hiri altzari batzuk ondatzearen faktura 1.372,57 eurokoa izan da udalarendako.

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, otsailaren 6, 7, 8, 9, 10 eta 13an, goizaldean, pertsona ugari Gure Etxea eraikineko beheko solairura baimenik gabe eta indarrez sartu eta han festa egin zuten, horretarako soinu ekipoak eta edariak eraman zituzten. Horren ondorioz, udalak jakinarazi duenez, “Gure Etxea eraikineko beheko solairuan kalte material larriak izatea eragin du, bai eta Udaleko Obra Zerbitzuak garbiketa zerbitzu berezia martxan jartzea ere, eraikinean ohiko ekintzak egiten jarraitu ahal izateko, hau da, herriko elkargune eta topaleku izaten jarraituko duela bermatzeko”.

Udalak azaldu duenez, egun horietan eraikineko beheko solairuko leihoetako kristalak, ateak, argi etengailu bat hautsi dituzte, besteak beste. Kalte horiek guztiek eta horien konponketak, udaleko langileen garbiketa lanarekin batera, 1.290,28 euro balio dute. Bestalde, Iortia gunean dagoen liburutegian kristal bat hautsi zen data horietan eta hainbat hiri altzarietan kalteak eragin zituzten. Horien kostua 1.372,57 eurokoa da. Guztira 2.662,85 euro. 

Altsasuko Udalak “gertakari tamalgarrien” berri eman du “gertaera horiek berriro gerta ez daitezen, guztion ondarean eragindako kalteei buruz ari baikara”. Horrekin batera, udalak jakinarazi du legezko neurri egokiak hartuko ditu identifikatutako pertsonen aurrean, legez dagozkion zehapenak ezartzeko.

Udalak gogorarazi du udal eraikina erabilera publikokoa dela, Kultura Zerbitzuak kudeatzen duena. “Gure Etxea eraikinean kolektibo eta elkarte ugarik antolatzen dituzte beren jarduerak, esaterako, bilerak, hitzaldiak eta izaera sozial eta kulturaleko beste ekitaldi batzuk. Urte asko dira Gure Etxea Altsasuko bizilagunen topagunea dela”.