Astekaria

“Helburu berak dauzkagu: ahalik eta burujabeen izatea”

Guaixe 2022ko mar. 9a, 14:02

Gure Eskuko kidearen azalpenak entzuten.

Bilbon prentsaurrekoan aurkeztu eta gero, Gure Eskuk Pirinioetako bidea herriz herri aurkezten hasi da. Otsailaren 23an Altsasun aurkeztu zuten. Baina Sakanako Gure Eskuko taldeak herri gehiagotan aurkezpenak antolatzeko asmoa du. 

Garilaren 2an, larunbatarekin, argi kate bat ikusiko da Pirinioen punta batetik bestera. Pello Urzelai Agirrek, Gure Eskuko zuzendaritza kontseiluko kideak, egitasmoaren berri eman du. 

Pirinioetako bidea. Zein da asmoa? 
Gure Eskuk Kataluniako beste eragileekin antolatutako ekimena da, kataluniarrek eta euskaldunek elkarrekin antolatzen duten lehen mobilizazioa izanen da. Antolakuntzan, Gure Eskurekin batera ANC, FEEC (mendi federazioa) eta Omnium daude. Proiektua sinplea da: Pirinioak alderik alde argiztatzea, punta batetik bestera argi kate bat osatzea. 300 gailur inguru izanen dira argiztatuko ditugunak. Baina joanen gara ikusten noraino iristen garen. Denak aldi berean argiztatuko ditugu, garilaren 2an, larunbatarekin. 

Punta batean Katalunia, bestean Euskal Herria. Pirinio guztia argiztatuko da? 
Pirinio zentrala ere. Gailur batzuk izanen dira iparraldekoak eta beste batzuk hegoaldekoak. 

Nola argiztatu nahi dituzue Pirinioak?
Jendeak buruko argiak eramanen ditu. Horrekin batera, farol berezi batzuk erosiko dira, balioko dutenak distantzia handira argia emateko. Berez, helburua zein da? Edozein gailurretik hurrengo gailurraren argia ikustea. Horregatik sortzen da nolabaiteko kate bat, alde batetik bestera dioana. Gailur batean dagoenak seguruenik ikusiko ditu beste gailur batzuk argiztatuta, bat baino gehiago. Gutxienez alde batetik bat eta bestetik beste bat ikusiko du. Gure buruan Pirinio osoa zeharkatzen duen kate hori egonen da. 

Gauez eta mendian, argi ibili beharko da. 
Hori da. Segurtasuna oso gauza inportantea da. Ekimena hori pixka bat kontuan hartuta antolatu da. Bi gailur mota bereizi ditugu. Gailur errazak, mendi berdeak, zailtasun berezirik ez dutenak, edozein mendizale joateko modukoak. Gauean izateak beti dauka arriskua. Baina aukeratu direnak mundu guztia joateko modukoak dira: ibilbide motzekoak, erraz bueltatzeko eta segurtasuna berehala berreskuratzeko eta abar. Kontuz ibilita ongi egin daitezkeen mendiak dira. Mendi zailen kasuan, mendi gorriak, horiek bakarrik dira mendizale eskarmentatuendako; Pirinioetan, alpinismoan, eskaladan edo dena delakoan esperientzia handia daukatenendako, gauez ibili den jendea, bibak-kak egin dituenak. Horregatik, mendi errazen kasuan edozeinek eman dezake izena, baina besteetan ez. Mendi gorrietan izena emateko antolakuntzarekin harremanetan jarri behar da eta harekin batera plan bat egin, eta bermatu gailur zail hori egiteko nahikoa eskarmentu dagoela. 

Sakandarrek edozein gailurretara igo beharko dute?
Baztan inguruko bi gailur daude sakandarrendako esleituta: Alkurrutz eta Gorramakil. Otsondo mendatearen inguruan daude. 900 metro ingurukoak dira. Nahiko errazak dira, problema gutxikoak, ordu bete baino gutxiagoko igoerak. Asmoa da sakandarrak han elkartzea. Ikusiko dugu zenbat lagun animatzen diren. Asko animatzen badira, hirugarren gailur bat beharko dugu. Bestela bi gailur horiek beteko ditugu. Asmoa da arratsalde partean igotzea eta jaistea argiztapena bukatu ondoren, gauean bertan kasu gehienetan. 

Nola eman behar da izena? 
Mendi zail edo gorrien kasuan epea zabalik dago. pirinioetakobidea@gureeskudago.eus e-postaren bidez antolakuntzarekin harremanetan jarri beharra dago. Mendi erraz edo berdeen kasuan, izena emateko epea martxoan zabalduko dugu eta garagartzarora arte horretarako aukera egonen da. Izen ematea garrantzitsua da, ekimenak kostua duelako. Izen emateak hamar euro balioko du. Hamar euro horietatik bost dira istripu edo erreskate aseguru berezi bat ordaintzeko dira. Eta beste bost euroak ekimenaren finantziazioa laguntzeko dira. Federatutakoek dagoeneko asegurua badutenez, izen ematea bakarrik bost euro ordainduko ditu. 

Pirinioetako bidea. Zergatik? 
Erronkak gustatzen zaizkigu. Katalanek Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten. Eta gero ideia hori erreplikatu zen Aiako Harrian, Txindokin, Anboton… Hortik etorri zen kataluniarrek eta euskaldunek elkarrekin zerbait egitearena. Zergatik nahi dugu hori? Orain arte, elkartasuna izan da elkartu gaituena. Elkarri babesa eman diogu hainbat momentutan. Esaterako, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean kataluniarrek elkartasun handia erakutsi zuten, eta babes handia eman ziguten. Haiek erreferenduma egin zutenean eta errepresioa, zapalkuntza eta espetxea jaso zutenean euskaldunek ere elkartasun handia erakutsi diegu. 

Baina elkartasunetik elkarlanera pasa nahi dugu. Hau da, gauzak elkarrekin egitea, helburu berak dauzkagulako: ahalik eta burujabeen izatea. Kataluniarren gehiengoak independentea izan nahi du, estatu osatu nahi du. eta euskaldunok gure buruaren jabe izan nahi dugu, etorkizuna erabaki nahi dugu. Eta ikusiko dugu erabakitzen dugunean independente izatea erabakitzen dugun. Hori lortzeko, ideia da indarrak elkartzea. Indarrak bildu nahi ditugu, bestela, gauza batzuk ezin genituzke egin. Kataluniarrek euren aldetik ezin izanen lukete Pirinio osoa argiztatu. Eta euskaldunok ere ez. Baina biak elkartuta dimentsio berri bat izango duen gauza bat eginen dugu. Biderkatuko ditugu gure indarrak eta erakutsiko ditugu indar horiek Europan. Europan eragina izan nahi dugu. Ikus dezatela bi herri elkartzen direla eta burujabe izan nahi dutela. Eta hori izateko tresnak, prozedurak, zabalik egon behar dira, eta ez itxita, ez harresirik, ez kartzelarik horretarako. 

Gizarte aktibazio ariketa handia da. 
Bai, eta behar dugu. Pandemia dela eta ez dela, garai hauek batzuetan goibel samarrak izan dira, beste batzuetan arazotsuak… Eta politikoki ez delako ikusten bide argirik aurrera joateko, gero eta erabakitzeko ahalmen gehiago izateko. Batzuetan horrelako mobilizazio motak, erakargarriak direnak, bere edertasun eta emozio puntua dutenak, lagundu dezakete aktibatzeko, parte hartzeko eta, berriro, ilusioa berpizteko. Eta gauzak egiteko gogoa berreskuratzeko. 

Zer eskatzen diezue sakandarrei?
Animatzea eta gauzak elkarrekin egitea. Elkartzen baldin bagara indartsuago sentitzen gara, eta gauza gehiago egiteko gai gara. Ekimen honetan parte hartzea polita izan daiteke. Mendira joan nahi edo ezin dutenendako aurreikusita dago herrietan argiak pizteko momentu hori bizitzea: argiak piztuz 22:00etan, plazan edo aukeratzen den tokian, kantatuz elkarrekin eta abar. Hortik energia berriak etorriko dira. Gure helburua da erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea, gauzatzea. Eta horretarako, momenturen batean, erreferendum batean botoa eman eta erabaki beharko dugu. Bide hori batzuetan zaila izaten da. Ikusi dugu kataluniarren kasuan hormarekin topo egin dutela. Baina hormak gainditzeko daude. Hori da gure helburua. Batzuetan gehiago kostatzen da, luzeagoa da bidea, elkarrekin egiten badugu dena da errazago.