Ihoteak-Inauteriak 2022

Haurrek zabalduko dute ihote garaia

Guaixe 2022ko ots. 25a, 14:39

Momotxorroak eta Juantranposoa. ARTXIBOA

Igandean haur inauteria izanen da, herri inauteria asteartean eta hiri inauteria larunbatean.

Hogeita bost urte bete dira astearte ihotean segizioak herriko askak aldarrikatu zituela. Etaberrogei urte dira Altsasuk bere ihoteak berreskuratu zituela. Ospakizunak sasoiko daudela erakusteko prest dira altsasuarrak. Gordeak zeuden mozorroak atera, eta besteak pentsatu, egin edo erosteko lanak nahikoa aurreratuak dituzte. Nahiz eta azken unera arte mozorroa aukeratzen duenik ere baden. Mozorrotuak kalean hiru egunetan izanen dira, baina inauteria barruan ere badago; Iortia kultur gunean zehazki. Herri ihoteari buruzko erakusketa astearte arratsaldean mustu zuten eta martxoaren 3ra arte ikusgai izanen da. Ivan Rodriguezen argazkiak iragartzen ditu ihoteak. 

Inauteri Batzordeak eta Altsasuko Udalak altsasuarrei gogoratu diete heldu diren ospakizunak berdintasunean ospatu behar direla. Horregatik, etxeko eta familiako ardurak denendako direla gaztigatu dute. Aldi berean, gogorarazi dute ezezkoak ezetz esan nahi duela beti. Erasorik gabeko ospakizunak nahi dituztela nabarmendu dute.

Herri inauteriko segizioak aurreko bi edizioetan bere ibilbidea aldatu behar izan zuen kaleetan lanak zeudelako, baina aurten ohikoa eginen du. Batzordetik eta udaletik astearterako zenbait ohar zabaldu dituzte martxa egokia izan dezan. Mozorrotu gabe dauden pertsonak, odolaren erritoaren ondotik, Zelanditik atera beharko dira. Jendeari gogorarazi diete guztiz borondatezkoa dela inauterietako programazioan parte hartzea. Hori dela eta, arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatu da. Horregatik, ez dira udalaren ez eta inauterietako batzordearen ardura izanen pertsonengan edota materialetan sortutako kalte edota erredurak. Azkenik, asteartean Zelai, Altzania eta Bakea kaleetan autorik ez aparkatzeko eskatu dute. Udalak azken oharra egin du hiri inauterirako, martxoaren 5erako: Gartzia Ximenez kalea oinezkoendako izanen da 12:00etatik 24:00etara.


Egitaraua

  • Igandea 27, otsaila. Haur inauteria
    11:30 Erraldoien kalejira, Intxostiapuntatik.
    13:30 Erraldoiak Foru plazara iritsiko dira.
    17:30-19:30 Txokolate-jana eta mozorro festa Xaiborrekin. Bukatzean momonsuzkoa. Iortia kultur guneko zabalgunean.

  • Asteartea 1, martxoa. Herri inauteria
    12:30 Puska biltza, Ferialeku kalea eta Alde Zaharrean. 
    16:30 Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate jana, Zumalakarregi plazan.
    17:00 Momotxorro txikien irteera, musika eskolako talde batek eta Txorongo txarangak lagunduta, Zumalakarregi plaza.
    18:00 Inauteri txikiaren etorreraren ondoren momonsuzkoa, Foru plazan.
    18:30 Kalejira Foru plazatik Zelandira. 
    18:30 Torrada dastatzea, Gure Etxea eraikinean. 
    18:30-21:00 Dantzaldia orots taldearekin, Foru plazan. 
    18:45 Odolaren erritoa eta herri inauteriko elkarretaratzea, Zelandi.
    19:30 Herri inauteriaren irteera Txorongo txaranga, Zangitu fanfarrea, Altsasuko txistulari eta gaiteroak eta Xapiru trikitixa eskola lagunduta, Zelandi. 
    19:45 Ezkontza, San Joan plazan. 
    20:00 Akelarrea, Dantzarima dantza konpainia, Zumalakarregi plazan
    21:00 Inauteriaren iristea, ezkila jotzea, dantzaldia eta mozorroak kentzea, Foru plazan.

  • Martxoak 5, Larunbata. Hiri inauteria
    12:00 Haize Berriak bandaren kalejira.
    13:00 Rock Kalean, Foru plazan.
    19:30-21:30 Dantzaldia Ingenio orkestrarekin, Foru plazan. 
    24:00-02:00 Dantzaldia Ingenio orkestrarekin, Foru plazan.