Polizia jazarpenaren kontrako bilkura

Guaixe 2022ko ots. 25a, 11:01

GKSren kontzentrazioa Foru plazan pandemia garaian.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Foru plazan, ‘polizia jazarpenik ez!’ leloa duen elkarretaratzea eginen da, Gazte Kontseilu Sozialistak deituta

Sakanako Gazte Kontseilu Sozialistak (GKS) jakinarazi duenez, “azken boladan, gizarte eta polizia kontrola nabarmen handitu da”. Polizia jazarpenaren adibide gisa, batetik, pandemiaren testuinguruan Foruzaingoa Arbizu, Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko gaztetxeetan sartu zela gogorarazi dute. “Normaltasun osoa hartzen ari dira poliziaren presentzia zuzena duten egoerak. Esate baterako, Lanbide Heziketako ikasleak ikastetxe sarreran sarekadak jasan behar izana edo egunero edozein herritan aurki ditzakegun kontrolak”. GKStik gaineratu dutenez, “Altsasuko Udaltzaingoaren autoritarismoak gora egiten du eta, azkenaldian, foruzaingoak hainbat pertsona identifikatzeko eta mehatxatzeko inpunitate jarrera oldarkorra  dauka”. 

GKSko kideen iritziz, “normalizatzen ari den egoera hau krisi testuinguruan ulertu beharra dago, burgesiaren ofentsibaren baitan, non eskubide zibil eta politikoen ezabapena ematen ari den, estatuaren joera geroz eta totalitarioagoa ikustaraziz”. Gehitu dutenez, “errealitate hori ahalbidetzen dute instituzio burges eta alderdi politiko instituzionalekduten erantzukizuna” aipatu dute ere.