Oier Gastesi Serrano (2003, Altsasu) Athletic taldeko lehoi kume berria da. 1,90 metroko garaiera eta dohain bikainak dituen atezaina Altsasuko Kirol Elkartean eta Antiguoko futbol taldean trebatu zen 2021/2022 denboraldian Athleticera iritsi arte. Gustura dago Lezaman, eta futbolean ibilaldi luzea egin nahiko luke.
Altsasu Kirol Elkartean hasi zinen futbolari. Beti atezain izan nahi al zenuen?
Bai. Aita atezaina zen, eta txikitatik gustatu izan zait atezain izatea. Gogoan dut txikia nintzenean aitak jokatzen zituen partidak ikustera joaten nintzela. Orduan aita areto futbolean aritzen zen, baina aurretik futbolean.
Familia futbolzalea duzu. Eider arreba ere Altsasuko emakumezkoen futbol 8 taldeko atezaina da eta Eñaut anaia ere futbolean ibilia da, nahiz eta orain pilotan aritu.
Bai, etxean futbolzaleak gara guztiz. Ama pixka bat nazkatuta dugu, baina… Beti egon gara futbolera lotuta eta beti gustatu izan zait giro horretan ibiltzea.
ALTSASUTIK DONOSTIARA
Altsasun futbol taldean noiz arte egon ziren?
DBH1 mailan hasi arte, 11-12 urte nituen arte. Haurren mailako lehen urtean joan nintzen, Donostiako Antiguoko taldera, DBH 1 mailan hasi nintzen urtean.
Zergatik egin zenuen salto Antiguoko taldera?
Antiguokora joan baino urte bat lehenago hemengo lagun batzuk Zubietan, Errealeko egoitzan, proba batzuk egin genituen. Urte bat pasata etxera deitu zuten esanez Antiguoko taldean jokatzen banuen gertuago jarraituko nindutela, eta etxean erabaki genuen hori zela hoberena. Eta Antiguokon hasi nintzen, gustura. Lau denboraldi egin nituen bertan, kategoria ezberdinetan.
Erreala aipatu duzu. Zuen familian errealzale asko daude, ezta?
Aita gipuzkoarra da, betidanik Errealekoa eta etxean gehienak errealzaleak dira.
Eta hara non aurten Athleticeko atezaina zaren. Pentsatzekoa da kontu honekin sekulako txantxak egingo dizkizutela.
Bai. Badauzkat bi aldeetakoak diren lagunak, Errealekoak edo Athleticekoak, eta beno.. (kar, kar…). Dena den niri baino gehiago aitari jotzen diote adarra.
ATHLETIC
Probak Zubietan egin zenituen baina Lezaman bukatu duzu. Nola sortu zen aukera?
Antiguoko taldeak lehen Errealarekin zuen hitzarmena, Errealaren talde filiala zen. Baina joan zen denboraldian Antiguokok Erreala utzi eta Athleticekin hasi zuen hitzarmena. Denboraldi bukaeran jada entrenamendu pare bat egin nituen, eta etxera iritsi nintzen egun batean aitak esan zidan Athleticetik deitu zutela esateko taldean nahi nindutela. Egia esan, pixka bat arraroa izan zen.
Eta baiezkoa erabaki ondoren, Athleticekin fitxatu zenuen.
Bai, joan zen denboraldiko bukaera aldera izan zen. Erabakia hartuta, Lezamara joan ginen eta han egin genituen kontratu tramite guztiak.
2021/2022 denboralditik Lezamako atezainetako bat zara. Ohorezko mailan jokatzen duen jubenilen A mailako Athletic taldea da zurea, baina bi talderen artean zabiltza dantzan, tarteka Hirugarren mailako Baskonia taldearekin jokatzen duzulako.
Duen filosofiarengatik Athleticek ez ditu fitxaketa asko egiten. Atezainen bat bat lesionatzen bada edo selekziotik deitzen badute, une horietan harrobikoak ibiltzen gara gora eta behera euren tokia betetzen. Une hauetan Hirugarren mailako Baskoniako atezain bat lesionatuta dago, beste atezain bat bakarrik dago maila horretan, eta gure taldean, jubeniletan hiru atezain gaude. Hortaz goikoei laguntzen ari gatzaizkie.
LEZAMAKO EGOITZA
Lezamako instalazioetan trebatzen dira Athleticeko talde guztiak. Baina futbol instalazio bat baino gehiago da Lezama, kanpokoak zareten jokalariak bertan bizi zaretelako, ezta, klubeko egoitzan?
Bai. Orain arte Athleticeko erresidentzia edo egoitza Derion zegoen. Derioko seminarioan egoten ginen, baina urrian Lezaman bertan erresidentzia berria ireki zuten eta orain hor bizi gara, Lezamako erresidentzian. Nire mailako beste atezain batekin partekatzen dut logela. Egoitzako gainontzeko guneak oraindik ez dituzte guztiz bukatu, eta jantokia, momentuz, lehengo taberna zaharra da. Aurki bukatuko dituzte jangela eta gainontzeko guneak.
Harrobiko futbolari guztiak bizi al zarete bertan?
Ez, erresidentzian 18 neska-mutil gaude, urrutikoak garenak: iruindarrak, donostiarrak, gasteiztarrak, ni... Gainontzekoak gertukoak dira eta euren etxeetan bizi dira.
Egoitzan gustura al zaudete?
Bai, egun osoa ematen dut beraiekin eta azkenean beste lagun talde bat da, bigarren kuadrilla.
Athleticeko atezain izateaz gain ikasketak egiten dituzu?
Donostian ikastea pentsatua nuen, baina Athleticeko aukera sortu zenean berandu zen Bilbon gustuko ikasketak egiteko tokia aukeratzeko. Matrikula gehienak itxita zeuden. Bilbon gradu bat aukeratu nuen baina azkar ikusi nuen hori ez zela nirea. Hortaz, aurten ikasketak uztea erabaki nuen, eta datorren urtean gustuko dudan zerbaitetan hastea, baina tarte eta denbora gehiagorekin erabakita, garaiz. Ikasketen kontuan denbora falta izan zen arazorik handiena.
Denboraldi hasieran lesionatuta egon zinen, ezta?
Hasi eta bi egunetara koadrizepsean lesioa izan nuen. Hilabete bateko kontua zirudiena ia bi hilabetekoa izan zen, eta denboraldi hasierako partidak galdu nituen. Baina ongi osatu nintzen.
Jubenilen A mailako Athletic Ohorezko mailako liderra da, Osasuna eta Alavesekin 44 puntutara berdinduta (elkarrizketa otsailaren 22an egin zen). Maila horretan ere zure talde ohiak, Antiguokok, jokatzen du.
Bai. Osasunak asteburu honetan galdu zuenez eta guk irabazi, lidergoa lortu genuen. Baina ni Hirugarren mailako Baskoniarekin nengoen konbokatuta. Baskoniarekin arratsaldez jokatzen genuenez, goizean Jubenilen A mailako partida ikustera joan nintzen, taldea animatzera. Eta oso ongi, bi partidak irabazi genituelako, nahiko erraz. Beraz, ezin hobe.
Bi maila horien artean salto handia al dago?
Adin kontua da gehienbat, eta intentsitatea. Jubeniletan guztiak adin berekoak gara, baina Hirugarren maila senior maila da, eta 40 urteko futbolari baten kontra jokatu dezakezu. Ez da berdin. Jubeniletakoa agian inozenteagoa da.
"Erritmoa hartzen joatea eta Lezaman nola lan egiten den barneratzea dira helburuak"
ENTRENAMENDUAK
Atezainek aparte entrenatzen duzue edo taldearekin?
Jubenil A taldeak eta Baskoniak gehienetan batera entrenatzen dute, arratsaldez. Normalean, bi taldetako atezainak aparte hasten gara entrenatzen, elkarrekin, gure atezain-entrenatzailearekin. Ordu erdi edo pixka gehiago pasata atezain bakoitza bere taldearekin sartzen da entrenatzera.
Berria izaki, aurretik zeuden atezainen taldean sartzea tokatuko zitzaizun. Kosta egin al zaizu? Nola sentitu zara?
Ongi. Gure taldean, Jubenil A mailan, hiru atezain gaude eta horietatik bi berriak gara. Baskoniako atezain bat eta jubeniletako beste bat ere erresidentzian geratzen dira eta beraiekin erraza da harremana.
Zenbat partida jokatu dituzu?
Baskoniarekin bakarra eta jubeniletan sei partida inguru.
Zer moduz ikusi duzu zure burua?
Ongi. Partida batzuetan beste batzuetan baino hobe, baina orokorrean nahiko ongi.
Lasaia zaren sentsazioa transmititzen duzu. Horrelakoa al zara?
Bai, batzuetan entrenatzaileak esaten dit bizitasun pixka bat gehiagoz aritzeko, batzuetan lasaiegia naizela. Lehen, hasi nintzenean, nahiko urduria nintzen eta partidetan akatsak egiten banituen urduriago jartzen nintzen oraindik, baina urteak aurrera egin ahala lasaiagoa naiz.
Atezain bat lasai egotea ez da txarra.
Beno, unearen eta partidaren arabera.
Noizbait lehen mailako Athletic taldearekin entrenatzea tokatu zaizu?
Bai, bizpahirutan joan naiz, tartean atezainen lesioak eta selekzioko deialdiak izan direnean. Esaterako, Unai Simon selekzio nagusirako deitzen dutenean, edo Julen Agirrezabala 21 urtez azpiko selekziora edo Alex Padilla 19 urtez azpiko selekziora deitu izan dituztenean eta bestelako bajak izan zirenean…
Lehendabiziko egunean urduri jarri al zinen?
Bai, hor bai (kar, kar...).
Lehen maila beste mundu bat izango da. Hor sekulako aldea nabarituko da.
Gehienbat pentsatzeko behar duzun denbora da. Lehen mailan azkarragoa da guztia. Baloia hartu aurretik zer egin behar duzun jakin beharra duzu. Beste atezaina ikusten nuen eta berak bazekien zer egin eta nola, azkarrago zebilen, hobeto. Aldea nabaritzen da.
Atezainen artean altuenetakoa izango zara.
Esango nuke Jokin Ezkieta ni baino altuagoa dela.
Marcelino nolakoa da entrenatzaile gisa?
Joan naizen hiru alditan uste dut ez didala ezta begiratu ere egin.
Badirudi lasaia dela baina jenio bizikoa, aldi berean.
Printzipioz lasaia ematen du baina hasarratzen bada mundu guztia bezala jenio txarra du.
"Lezamakoa esperientzia ona izaten ari da niretako; asko ikasten ari naiz"
ATHLETIC, SASOI ONEAN
Athletic bolada onean dago. Lehen mailan Europako postuetatik gertu dago Athletic,eta Errege Kopako finalerdietan dago (elkarrizketa otsailaren 22an egin zen). Horrek guztiak nolabaiteko errebote efektua al du gainontzeko taldeetan? Poztasuna hori gainontzeko taldeetan ere nabaritzen al da?
Bai, baina ez pentsa ere horrenbesterako denik. Talde bakoitza berean zentratuta dago. Jakina, entrenatzaileei eta jokalariei ilusioa egiten die goiko taldeak irabaztea eta batzuetan horren baitan gauza ezberdinak gertatzen dira, baina talde bakoitzak bere bidea du.
Lehen mailakoen entrenamenduak ikustera joaten al zara?
Batzuetan, goizean direlako, baina normalean ez. Goizean gimnasioan entrenatzen aritzen naiz normalean.
Zuretako nor da gaur egungo atezainik onena? Nor gustatzen zaizu gehien?
Gustatu, berez, Ter Stegen gustatzen zait, jokatzeko moduagatik. Iruditzen zait atezain osoena dela, baina azken bolada honetan ez dago oso fin. Agian une konkretu honetan hobekien dabilena agian Courtois da, baina Ter Stegen gustatzen zait gehien eta bera da onena.
Athleticeko jokalari izateagatik San Mameseko lehen mailako partidak ikusteko tokia duzue?
Aforoa %100ekoa denean orduan bai, baina murrizketak daudenez azkeneko partidetarako ez ditugu sarrerak lortu. Esaterako, aforoa %50ekoa zenean bazkide gehienek hartzen zuten bere tokia, eta sarrera oso gutxi geratzen ziren soberan. Errealaren kontrako partidan %85eko aforoa zegoen baina ala ere ez zizkiguten eman.
HELBURUAK
Zer da Athleticek eskatzen dizuna aurtengo denboraldirako? Edo helburua zu gutxika trebatzen joatea al da?
Pixkanaka egonkortzen joatea eta gutxika gora egitea, horiek dira helburuak. Erritmoa hartzen joan eta Lezaman gauzek nola funtzionatzen duten jabetzea eta ikastea.
Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Ona, asko ikasten da. Azkeneko urtetan Antiguokon ere atezain entrenatzailea izan nuen, baina Athleticen baliabide gehiago daude: entrenamendu aurretik edo ondoren fisiora joan nahi baduzu joan zaitezke, entrenatzaile asko dauzkagu... Hemen prestakuntza eta baliabideak agian hobeak dira, baina ez da hain ezberdina, Antiguokon ere zerbitzu asko genituelako.
Bizkaian Athletic indar handiko instituzioa da. Athletic izugarri bizitzen dute eta beti esaten da Athletic futbol ingelesaren antza gehien duen taldea dela.
Bizkaian etxe gehienetan Athleticeko bandera dago. Jendeak han asko bizi du futbola, eta Athletic bereziki.
Kaletik ezagutzen zaituzte?
Ez dut uste, momentuz gutxienez ez. Ni lasai ibiltzen naiz. Eta hobeto.
"Hirutan entrenatu dut Lehen mailako taldean; Lehen mailan azkarragoa da guztia"
Atezainek sekulako presioa duzue, jokalariek baino gehiago. Akatsen bat egiten baduzue, kritika zorrotzagoak jasotzen dituzue. Edo ez al duzu uste presio estra bat duzuenik?
Jakina, nabaritzen da. Aurrelaria bazara eta atea hutsik baloia kanpora bidaltzen baduzu akats bat egin duzu baina beno, ez da ezer gertatzen. Baina atezainak akats bat egiten badu eta gola sartzen badiote, akatsa gehiago ikusten da eta larriagoa da. Beti da horrela. Atezainak presio gehiago du.
Eta nola daramazu?
Ongi, hori barneratuta dut. Atezain guztiok badakigu atezain izanda presio estra hori dugula.
Baina penaltia gelditzen baduzu, txapeldun.
Bai (kar, kar..).
Ohorezko mailako Jubenil A taldearen helburua zein da?
Jubenilen A taldea maila gorenean dagoenez, Ohorezko mailan, ezin da kategoriaz igo, baina hala ere helburua ahalik eta gorenen sailkatzea da. Denboraldi ona egitea. Bestalde, formatua aldatu zuten eta aurten bigarren itzulian lehen itzulian lehen lau postutan sailkatu ginen lehen lau taldeak Kopa jokatzen ari gara. Kopa irabaztea oso pozgarria litzateke, plus bat. Eta denboraldi bukaeran liga irabaziko bagenu, Txapeldunen Kopan parte hartuko genuke. Beraz, aurrean egon eta urruti iristea gustatuko litzaiguke.
"Jubenilen liga irabaziz gero Txapeldunen Kopan aritzea sekulakoa litzateke"
Zuen partidetara jende asko joaten da?
Partidaren arabera. Athletic-ek izena dauka eta talde askorendako erakargarria da. Altsasuk Osasunaren kontra jokatzen duenean bezala, pentsatzen duzu: “Osasuna dator, goazen ikustera”. Ba kanpoko taldeak gurekin berdin.
Adin kontuagatik aurtengoa da zure jubenilen mailako azken urtea, ezta?
Bai. Berez hurrengo urtean Hirugarren mailako Baskonian egin beharko nuke tokia, edo gorago, baina jubeniletan ez. Momentuz ez dakit zer gertatuko den. Badaude beste taldeetan utzita jokatzen ari diren atezainak ere. Ongi dabiltza. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Beste talderen batean utzita jokatzea axolako litzaizuke edo aukera bezala ikusiko zenuke?
Beste erremediorik ez badago eta tokia ez duzula esaten badizute, agian hoberena kanpora ateratzea eta jokatzea da, trebatzen jarraitzea, beraiek ikusteko maila duzula eta beraiekin ibiltzeko balio duzula.
Zure bizitza futbolari lotuta ikusten duzula agerikoa da.
Bai, ez dakit hurrengo urteetan zer gertatuko den baina momentuz bai. Gaztea naiz, 18 urte ditut eta mundu guztiak bezala, oraindik hobetzeko tartea dut. Espero dut Athleticen jarraitzea.
Atleticekoak Sakanan ikusteko aukera izango dugu, lagunarteko partidaren batean, edo hori zure eskuetatik kanpo dago?
Nire eskuetatik kanpo dago, erabat. Antiguokon jokatzen nuenean beti esaten nien noizbait Altsasurekin lagunartekoren bat jokatu behar genuela, Altsasun edo Donostian. Inoiz ez dugu jokatu eta aurten, justu Athletice nengoela, Antiguokok Altsasun lagunarteko bat jokatu zuen. Kasualitatea!
GAZTEAK ETA FESTA
Duela gutxi Santa Agedan kintoak ospatu zenituen. Athleticetik trabarik jarri al zizuten? Nola moldatu zinen?
Zortea izan nuen. Egun batzuk libre izan genituen eta horretaz gain, joan etorrian ibili nintzen egunero: Lezamara joan, entrenatu eta buelta.
Lezamaraino iritsi ote da zortzikoan dantzan hanka goraino jasotzen ari zineneko bideoetako bat?
Ez dut uste (kar, kar…).
Gaztea zara eta kuadrillakoak parrandan aterako dira. Nola daramazu?
Ongi. Altsasutik ateratzen zarenean ikusten duzu hemen eta Sakanan, orohar, zenbat parranda eta festa ditugun. Hemendik kanpo ez dago horrenbesteko jairik, baina Altsasun ia astebururo dugu zerbait. Baina, berez, ongi daramat.
Onena opa dizugu.
Eskerrik asko!