1982ko otsailaren 23an atera ziren lehenengo aldiz Momotxorroak Altsasuko kaleetara, 60 urte baino gehigoren ondoren. Momotxorroen inauteri bezala iragartzen ziren garaiko kartelean. Herriko adineko jendeak esandakoaren arabera momotxorroa sortu zuen gazte kuadrilla batek. Urtero geroz eta momotxorro gehiago ateratzen hasi ziren, golda eta nekazal bizimoduarekin zerikusirik zuten bestelako pertsonaiekin batera. Urte batzuk beranduago, 1997an, ibilbidea zehaztu zuten, ordutik gutxitan moldatu dena. Urte batez inauteriak ospatu gabe egon ondoren, asteartean, martxoaren 1ean, Altsasuko inauterien 40. edizioa ospatuko dute.
Altsasuko gazte talde bat 1970ko hamarkadan inauteriei buruz eta momotxorroei buruz galdetzen hasi zenean, batzuk ez zuten hitz egin nahi, Peio Gomez Rovirak azaldu bezala: "Nola egin behar duzue hori berriz? Izugarria da!". Inauteri oso basatiak omen ziren, momotxorroak menditik jaisten ziren eta etxeetan janari bila sartzen ziren. Erasoak egin ohi zituzten ere. "Antza denez hain basatiak ziren, behin etxe batean sartu zirela eta pertsona bat sustoagatik hil omen zela. Nik uste ez zela sustoa bakarrik izan, baina beno". 1970ko hamarkada horretan Andra Mari Dantza Taldea ere desagertutako Altsasuko inauterien inguruko ikerketa egiten ari zen, eta jasotakoaren arabera, gertaera "traumatiko" horrengatik galdu ziren, hain zuzen, Altsasuko inauteriak 1910ko hamarkadaren bukaeran.
1982
Lehengo inauteriak bizi zituztenengana jo zuten ospakizuna nola egiten zuten eta momotxorroak nolakoak ziren ezagutzera. "70 eta 80 urteko jendea zen, ez zuten hitz egin nahi, baina esandakoaren araberan momotxorro hori nolakoa izan zitekeen prestatzen hasi ziren". Hasierako gazte kuadrilla horien artean Petaka, Jose Javier Agirrebengoa, Raul Urkijo eta beste zeudela gogoan du Gomezek. "Ez dago ezer idatzitakoa, kontatu zutenaren arabera moldatu zuten jantzia". Lehenengo momotxorro horiek oso oinarrizkoak ziren, sinpleak: buruan saskia zeramaten eta bertatik, "halanola", adarrak ateratzen zitzaizkien, atzetik, sorbaldan, narrua; lepoan fareak eta eskuetan sardea. Andra Mari Dantza Taldeak aurretik egindako errepresentazio batean oinarritu ziren ere pertsonaia sortzeko. Denborarekin momotxorroaren irudia aldatzen joan zen. "Garapen hori banatuta etorri da. Hasieran saskia pixka bat gaizki gelditzen zela esan, eta estaltzea pentsatu genuen, narrua gainetik jarriz". Gaur egungo momotxorroa sortu arte.
1982ko otsailaren 23an lehenengo aldiz zeharkatu zituzten momotxorroek Altsasuko kaleak. "Baina norakorik gabe joaten ginen, ez genuen ibilbide bat egiten". Frontoitik atera zirela uste du Gomezek. Momotxorroa, golda eta bestelako pertsonaiak atera ziren, "baina ez ziren gaur egungoak bezalakoak". Kaletik zebilen jendea "harrituta" gelditzen zen. Urteekin ibilbide bat zehazten joan ziren, gutxigora behera gaur egunera artea aldatu gabe. "Oso erakargarriak dira. Egia da lehen momotxorroak basatiagoak zirela. Jendea konturekin ibiltzen ez bazen... Aurpegia estalita dutenez, korrika egiten dute eta horrek guztiak oso erakargarriak egiten ditu". Inauteri jipotzaile handienetarikoa dela esan du Gomezek.
Lurraren esnatzea
Momotxorroaren irudi basatiak irudikatu dezakeenaren kontra, Altsasuko inauteriekin natura esnatzea edota udaberriaren etorrera islatzen dute. Momotxorroak bera sinbolismo handiko pertsonaia bat da: Zezen adarrak emankortasuna adierazten du, aurpegia estaltzen duen zaldi zurdak ere, alde batetik, aurpegia izpiritu gaiztoetatik urruntzeko erabiltzen da eta, bestetik, natura esnatzeko; faleen hotsek lurra esnatzen dute, eskuan daramaten sardearekin lurra jotzen dute lurra esnatzeko; gorputzean daramaten odola sakrifizioa adierazi nahi du, eta ernaltasunarekin zerikusia du, izan ere, odola bizitza da. Momotxorroekin batera golda ateratzen da duela 40 urte. Golda Altsasuren herri izaeraren isla da, eta lurra esnatzerakoan ezinbestekoa da hura lantzeko. Bi idi-momotxorrok gidatzen dute golda, eta atzean nekazari batek hautsa botatzen du, lurra ernaltzeko. Haiekin batera nekazal bizitzarekin harremana duten beste hainbat pertsonaia atera ziren.
"Naturaren esnatzea ospatzen dugu eta horregatik ibilbidea zehazten hasi ginenean, horrekin zerikusirik zuten elementuak bilatu genituen". Askengatik pasatzea erabaki zuten. "Ibilbidea ez da nolanahi egiten, arrazoi bat du ere, sinbolismo bat". Idiak askatan edaten eta jaten zuten, eta naturaren esnatze horretan garrantzitsuak ziren, "ura ere bizitza delako". Beraz, Zelanditik atera eta Zelandi kaletik Isidoro Melero behera eta Zelai kalera iristen dira. Ondoren, San Juan kaletik gora egiten dute eta Alzania kaletik Zumalakarregiko bidea hartzen dute. Bertan suaren inguruan dantzatu ondoren Iortia plazara eta Beti Iaten elkarteko askara joaten dira, Zubelzuko aldapan behera Gaztetxeko askaraino joaten dira eta alde zaharra zeharkatu ondoren, Foru plazan sartzen dira.
Denborarekin Altsasuko inauteriak garatzen joan dira. Ibilbidea ez ezik, segizioan pertsonaiak gehitzen joan dira, beti ere naturaren esnatze, udaberri hasiera eta nekazal giroarekin zerikusia dutenak. Inauterien lehenengo urtetan sorginaren eta Akerraren pertsonaia sortu zituen Enrique Zelaiak. Enrique Zelaia Altsasuko inauterien bultzaile nagusietako bat izan da. "Laguntza eskatzen zitzaion eta beti ematen zuen". Akordeoilari eta folkloristari esker sorginak eta Akerraren pertsonaiak handitu ziren. "Aurretik pertsonaia asko ateratzen ziren, sorginak, adibidez, baina Enriquek zehaztu zuen nolakoak ziren. Denok dakigu sorginak ez zirela gaiztoak, baina haiek probatzen zituzten egindako kremak eta botikak, eta horren ondorioz aurpegia horia zuten". Hori oinarri hartuta Zelaiak Altsasuko sorginak deitutako pertsonaia sortu zuen. Sorginak Akerraren atzetik doaz, Zelaiak urte luzez eraman zuen pertsonaia. "Sorginek badute bere garrantzita, eta lehen oso proportzionalak ziren momotxorroak eta sorginak. Baina azken aldian sorgin gutxi daude".
Juantranposo beranduago ateratzen hasi zen. Txerriekin lotzen da pertsonaia, eta horregatik txerri isatsa dauka. "Lehen lastoz betetzen ziren, baina azkure handia sortzen zuen". Orain gomaespumaz betetzen da. Maskaritak ere denborarekin agertu ziren eta zaharra atzean uztea islatzen dute. Oheoihal zahar bat daramate gorputzean, buruaren gainean, lepoan eta gerrikoan lotuta. Gehigo zen beste segizio bat bizitza berria iragartzen duen ezkontza da.
Batzordea
Gaur egun, Altsasuko inauterietako batzordean hogei bat pertsona daudela esan du Gomezek. "Orain arte 30 bat egon gara, baina jende asko aurten erretiratu da". Beteranoak Agirrebengoa, Urkijo, Rubio eta Gomez bera dira. "Ni pixka bat beranduago sartu nintzen. Aurretik laguntzen nien, baina kanpotik. Azkenean jendea behar zutela esan eta beti laguntzen nienez sartzeko esan zidaten". Ordutik, goldea eramaten du Gomezek. "Beteranoenak joaten ari dira, eta jende berria sartzen ari da, gazteak, eta hori oso ongi dago". Baina goldea nork hartuko duen kezka du Gomezek.
Altsasuko inauteriak oso erakargarriak direla dio Gomezek. Geroz eta jende gehiago etortzen hasi zen, eta 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoa izendapena lortu zuten. "Guk beti begiratzen dugu nola hobetu daitekeen eta zer egin daitekeen". Odolaren erritua, esaterako, Zelandiko jolastokia odolez zikina gelditzeko sortu zen, "bakoitzak bere odol botila eramaten zuen, baina dena zikina gelditzen zen, eta aska bat prestatzea erabaki genuen". Denborarekin ere eta haurrek momotxorroengandik duten miresmena dela eta, Momotxorro txikiak antolatzen hasi ziren ere. "Modernoagoa" da Zumalakarregiko Dantzarima dantza konpainiak egiten duen Akelarrea eta Foru plazako naturaren esnatzearen erritua dago. "Lehen momotxorroak ateratzen ziren bakarrik... bai. Baina inauteriak askoz gehiago da". Ez da mozorro bat, zerbait gehiago da.
Urteurrena
Azkenengo Altsasuko herri inauteriak 2020ko otsailaren 25ean ospatu ziren, pandemia hasi eta hiru aste lehenago. "Aurreko urtean azken unera arte ospatu edo ez begiratzen egon ginen. Azkenean, neurriak jarri zituzten, eta ezer". Hala ere, hamar bat momotxorro atera ziren Foru plazara, modu sinbolikoan. "Nik oso gaizki eraman dut. Etxean musika eta bideoak jartzen nituen. Data iritsitakoan, badakizu zer zen egun horretan, eta ni oso urduri egon nintzen".
Bi urte beranduago, martxoaren 1ean, Altsasuko inauterietako pertsonaiak kalera aterako dira berriz. Azken unera arte itxoin behar izan dute inauteriak ospatzen ziren edo ez erabakitzeko. Azkenean, otsailaren 14an neurriak kentzen zituztelaren albistearen ondoren, inauteriak ospatzea erabaki zuen udalak. Pandemiak sortutako egoerak herri bazkaria bertan behera uztera eraman du eta urteurren gazi-goxoa izanen da. "Aurten ezin dugu ezer egin. Duela zenbait urte beste inauteriren bat gonbidatzea pentsatu genuen, baina aurten...". Altsasuko inauteriak Asturiasen, Donostian, Lisboan, Bulgarian eta Belgikan egon dira.