Areto futbola

Osasuna Magnak Errege Kopan aurrera egitea du jokoan

Guaixe 2022ko mar. 2a, 10:05

Osasuna Magna Xota eta Santa Coloma taldeetako kapitainak elkar agurtzen, aurretik jokatutako partida batean. XOTA

Gaur Errege Kopako final zortzirena jokatuko du Santa Colomaren kontra, Katalunian

Osasuna Magna Xotak Errege Kopako final laurdenetarako sailkatu nahiko luke, baina horretarako gaur Santa Colomaren kontrako final zortzirena irabaztea, ez du besterik. Partida Katalunian jokatuko da, 20:00etan (Esport3). 

Hitzordu garrantzitsu honi behar bezala aurre egiteko, Imanol Arregiren taldeak txipa aldatu beharko du, hiru jardunaldi segidan galtzen baitaramazki. Egutegi oso estua da, COVID-19 kasuen konfinamenduagatik hainbat partida atzeratu behar izan zituelako, Errege Kopako hau, esaterako. “Liga alde batera utzi eta Kopan zentratu beharra dugu. Markagailuan aurretik jartzea, hori da behar duguna, azkenaldian beti atzetik gaudelako” adierazi du Xotako bigarren entrenatzaile Miguel Hernandezek. 

Lehia estua izango dela espero du Xotako teknikariak, oso gogorra. “Kontrako atean punteria hobea duenak eta aldea mantentzen jakiten duenak eramango du norgehiagoka” gaineratu du Hernandezek. 

Osasuna Magnar eta Santa Coloma taldeen arteko partidako garaileak Cordoba taldea izanen du zain Errege Kopako final laurdenetan.