Pilota / Paleta goma

Nafarroako Emakume Master Cup Sakanara helduko da

Guaixe 2022ko mar. 8a, 11:00

Aurkezpenean Irati Igoa palista etxarriarra eta Javier Ollo Altsasuko alkatea izan ziren. NAFARROAKO GOBERNUA

Paleta Goma Txapelketako finalak ekainaren 19an jokatuko dira Altsasun, eta Navarra Television kateak zuzenean eskainiko ditu. Txapelketan izena ematera animatu dituzte emakume pilotariak eta palistak

Otsailaren bukaeran II. Nafarroako Foru Komunitatea Emakume Master Cup Torneoa aurkeztu zuten Nafarroako Kirolaren Etxean. Maiatzean eta ekainean jokatuko da, bi modalitatetan: esku pilota mistoa eta pilota goxua eta paleta goma. Nafarroako Kirol Institutuak antolatu du, hainbat udal eta babesleren laguntzarekin. Helburua emakumezkoen esku pilota eta paleta goma sustatzea, sendotzea eta ikusgarri egitea da. Ahalik eta emakume gehienek parte hartzea da erronka, eta horregatik Emakume Master Cup webgunean txapelketan izena ematera animatu dituzte emakume pilotariak eta palistak. Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena. 

Aurkezpenean, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Kultura kontseilari Rebeca Esnaolarekin batera Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko buru Miguel Angel Pozueta egon zen eta zenbait babesle, Altsasuko alkate Javier Ollo tartean. Izan ere, II. Nafarroako Foru Komunitatea Emakume Master Cup Paleta Gomako Torneoko finalak Altsasun jokatuko dira, ekainaren 19an, eta zuzenean eskainiko ditu Navarra Television kateak. Finalerdiak Lekunberrin jokatuko dira, aurretik. Aldiz, esku pilotako finalerdiak Lizarran eta Vianan jokatuko dira, eta txapelketako final handia Nafarroa Arena pabilioian, maiatzaren 28an. Aurkezpen ekitaldian ere hiru kirolarik hartu zuten parte, Irati Igoa Sesma palista etxarriarra tartean. 

Nafarroako Foru Komunitatea Emakume Master Cup Torneoa joan zen urtean antolatu zen lehenengoz, arrakasta handiz. Paleta Gomako finalerdiak Ziordian jokatu ziren –46 palistak hartu zuten parte– eta final handiak, berriz, Etxarri Aranatzen jokatu ziren, ekaina bukaeran, txiki geratu zen Euskalerria pilotalekuan. Uharte Arakilek Paleta Goma Torneoko finalerdiak, Pilota Goxuko bi final eta pilota mistoko finalerdiak hartu zituen.