Imanol Ramirez Santano altsasuarrak 13 urte ditu eta Altsasuko CBASK taldeko jokalaria da. Base eskolta da, joko antolatzailea. Aurten kategoria berria mustu du eta aurre-infantil mailan ari da lehiatzen. Sailkapenean bigarren da CBASK bere taldea, Tuterako Arenas liderrarekin borroka sendoa duela. Bitartean, Nafarroako selekzioko hautaketa eta entrenamendu probak hasi ditu Ramirezek. Izan ere, Nafarroako saskibaloi selekzioak sortzeko klubek euren jokalari nabarmenenak bidaltzen dituzte federazioko entrenamendu berezietara eta entrenamendu prozesu luze baten ondoren hautatzen dira selekzioko jokalariak. Joan zen urtean selekziorako hautatua izan zen eta Espainiako Minibasket Txapelketan aritu zen. Hirugarren sailkatu zen Nafarroa. “Aurten haurren mailara igo naiz eta 2023ko Nafarroako haur mailako selekzioa osatzeko entrenamenduak hasi ditut. Ni naiz CBASK-eko bakarra. Zaila izango da, baina ea entrenamenduetan aurrera egin eta selekzioan aritzeko aukera dudan. Martxorako deitutakoen zerrendan onartu naute, eta ea hurrengoetarako ere hala den” azaldu du Imanolek.
Zirraragarria
Eta hori guztia gutxi ez balitz, otsailaren 17an Baskoniako Buesa Arenan erronka berezia egin zuen Bitcit Baskoniako Jayson Granger base ezagunarekin. Baskoniak sare sozialen bidez luzatzen dituen erronkak onartuz hasi zen guztia. “Baskoniak erronka batzuk luzatzen ditu. Bote batzuk egitea (hanka igo eta baloia hanka azpitik pasatu) eta hiruko jaurtiketak egitea zen euren proposamena. Niri halako erronkak egitea asko gustatzen zaidanez, nire lana grabatu genuen –aulki batean eserita egin nuen boteko proba eta uste dut hiru hiruko egin nituela–, eta Baskoniara bidali genuen” aipatu du Imanolek. Azaroan Baskoniak Twitter bidez bidalitako bideoa jaso zuen Ramirezek. “Bideoan Baskoniako kapitain Jayson Grangerrek Buesa Arenara joatera gonbidatu ninduen, berarekin erronka berezi bat egitera. Eta ni poz-pozik jarri nintzen. Pentsa!” aitortu du Ramirezek. Izan ere, Baskoniako bazkideak dira Imanol Ramirez eta bere familia, eta hain zuzen ere Granger da Baskoniako bere jokalari gustukoena, basea baita, bera bezala.
Otsailaren 17an izan zen erronka. “Gu Buesa Arenan goian kokatzen gara, eta kantxatik pabilioia oso handia ikusten zen. Oso hutsa eta handia, metro asko dira” dio Ramirezek. Guztira 40 minutu inguru egon zen bertan, gurasoak eta arreba txikia ondoan zituela. “Granger etorri zen, agurtu ninduen eta erronka batzuk egitea proposatu zidan. Oso jatorra da. Baskoniako kamiseta oparitu zidan, nire izenarekin, eta sarrera batzuk, hain zuzen ere martxoaren 8an Baskoniak Estambuleko Anadolu Efes taldearen kontra EuroLigan jokatu zuen partidarako sarrerak, baina kantxa ondotik ikusteko, behe-behetik. Oso partida ona, talde turkiarra joan zen urteko EuroLigako txapelduna baita” aipatu du Ramirezek. Esperientzia “zirraragarria” izan da berarendako. “Tiro batzuk eta bote batzuk egin genituen, eta gure arteko partidatxo bat jokatu. Oso gustura. Galdetu zidan ea nahiago nuen nik zuzenean saskiratzea edo pasea egin eta berak saskiratzea eta bi modutara aritu ginen. Asko entrenatzeko esan zidan, horrela ikasten dela. Gero Baskoniak entrenamendua zuenez, ordu erdi inguru egon ginen” kontatu du base gazteak. Lotsatuta ote zegoen galdetuta, ez du zalantzarik. “Halako esperientzia eskaini zidatenez, nola lotsatuko naiz?”.
Imanol Ramirez: "Grangerrek kamiseta eta sarrerak oparitu zizkidan"
Grangerrekin bizitako esperientzia zoragarria albo batera utzita, orain Nafarroako selekzioko probetan aurrera egitea eta bere taldeak, CBASK-ek, aurre-infantil ligan ahalik eta lan onena egitea dira bere helburuak. “Ligako lehen fasea bukatuta lehenengo lau taldeek play-off antzekoa jokatuko dute eta ea sailkatu eta liga irabazi dezakegun” dio. Aurtengoa urte berezia da, jokatzeaz gain, partidak arbitratzea dagokielako. “Parte hartze arbitrajea egitea dagokigu. Hau da, partidako laurden bat talde bateko jokalari batek epaitzen du, hurrengo laurdena beste taldeko batek eta horrela, txandakatuz. Niri ere epaitzea tokatuko zait. Nik asko arbitratzen dut” aipatu du basketeko zale amorratuak.