Txirinbulo haur eskolan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2022ko mar. 4a, 10:12

Emakumezkoa eta haurra Txirinbulo haur eskolatik atera berri. ARTXIBOA

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, martxoaren 15era arte egin daitezke plaza eskaerak.

Txirinbulo udal haur eskolak heldu den ikasturterako matrikula epea zabaldu du. 2020an eta 2021an jaiotako haurrak hartuko dituzte. Baita 2022-2023 ikasturtearen hasiera baino 16 aste lehenago jaiotako umeak ere. Udal haur eskolak 4, 6 eta 7 ordutako eskaintza du. Jantoki zerbitzuan izena ematea derrigorrezkoa izanen da baldin eta haurrak Txirinbulon 4 ordu eta erdi baino gehiago pasatzen baditu. 

Hilaren 15era arte aurrematrikulazioa zabalik dago. Udalak onartuen behin-behineko zerrenda eta baremazioak maiatzak 9an jakinaraziko ditu. Erreklamazioak aurkezteko epea maiatzaren 9tik 13ra arte izanen da eta behin-betiko zerrenda maiatzaren 23an argitaratuko da. Umeen gurasoek edo lege tutoreek matrikula maiatzaren 23tik 27ra egin beharko dute. 

Aurre matrikula egin nahi dutenek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: gurasoen nortasun agiriaren kopia; familia liburuaren kopia (idatzita dauden orrialde guztiak) edo familia osaketa ziurtatzen duen dokumentua; lan bizitzaren kopia eta ikasten egonez gero, ikasketa ziurtagiria; 2020ko errenta aitorpena edo 2021. urtekoa onarpen-prozesua 2022ko ekainaren 30a baino geroagokoa bada (orri guztiak) eta errolda agiria (ama edo aita eta haurrarena) edo bizikidetzakoa.

Udalaren www.altsasu.eus web gunetik eginen da matrikulazioa. Eskatutako dokumentuak Eskolako posta elektronikora txirinbulohaureskola@altsasu.net bidali behar dira edo haur eskolako postontzian utzi. 

Informazio gehiagorako 
txirinbulohaureskola@altsasu.net e-posta edota 948 564 422 telefono zenbakian.