Udalak Amandrea plazako zorua berrituko du

Guaixe 2022ko mar. 8a, 13:03

Aldi berean, lurpeko garajeko komunitateak hura iragazgaitzeko lanak eginen dira. Bi lanak aldi berean eginen dira eta 473.151,39 euroko aurrekontua dute. 

Amandrea plazako garajeen jabekideak eta Altsasuko Udalak bat egin dute premia duten lanak egiteko. Izan ere, 1993an egindako plazako zoladura oso hondatuta dago eta, bestetik, lurpeko garajeei eragiten dieten euri uren iragazketa arazo larriak daude. Zehazki, garajeetara euria hiru tokitatik sartzen da: plaza inguratzen duten etxebizitzetako perimetro elkarguneetatik, plazako lorategietatik eta plazatik oinezkoendako sarbidea duten eskaileretatik. Gainera, garajeko sabaiko morterozko estalduraren hondatze puntualak ikus daitezke iragazketek eragindako eremuetan, baita forjatuko habe batzuen narriadurak ere, horiek eusten dituen habearekin bat egiten duten tokietan.

Altsasuko Udalak Amandrea plazako zoladura birgaitzeaz arduratuko da. Horretarako, aurrekontu aldaketa onartu zuen otsailaren 23an eta diruzaintzako gerakinaren bidez finantzatuko ditu lan horiek. Zehazki, 313.374,63 euro bideratuko ditu udalak lanetara. Plazako garajeen jabekideek, berriz, 159.776,76 euro bideratuko dituzte lurpeko garajeetako sabaia iragazgaizteko. Guztira 473.151,39 euro. Lanak aldi berean eginen dira. 

Lanen sustatzaileen artean administrazio bat dagoenez, Altsasuko Udalak lanak emateko deialdia eginen du. Udalak aurrekontu aldaketa onartu ondoren, garajeen jabekideekin hitzarmena sinatuko du, dagokion zenbatekoa ordain dezan. Bukatzeko, udalak onartu eta kudeatuko du obra kontratatzeko espedientea. Tramiteak eginda, lanak uda ondoren hasiko lirateke. 

Bilkura berean Altsasuko Udalak erabaki zuen 307.714,1 euroko diru saila bideratzea kultur gune pareko zabalgunean estalpea egiteko. Geroa Baik proposatuta, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan jasota dago foru administrazioak udalari 300.000 euroko transferentzia eginen diola. Beraz, Altsasuko Udalaren inbertsioa 607.714,1 eurokoa izanen da.