Emakume Langileen Eguna da gaur. Sakanako mugimendu feministak “beti izan duen dinamikari” heldu dio hura prestatzeko. Hasieran hainbat talde elkartu ziren, “baina eguna asanblada irekien bitartez antolatzea” erabaki zuten. Hau da, “hainbat kolektibotako ordezkariak eta feminismoaren alde lanean ari diren emakumezkoak elkartzea”. Hiru asanblada egin dituzte. Haietan “egun horretako aldarrikapenari eta manifestazioari forma eman diegu”.
Hainbat kolektibo eta iritzitako emakumezkoak elkartu dira antolaketan. “Bakoitzak bere aldarrikapen propioak ditu, edo ardatz batzuei erantzuten diete. Asanblada irekien bitartez horiek bateratzea izan da gure helburua. Eta manifestazioan bakoitzaren ahotsak edo aldarriak entzuteko aukera izanen da”.
Diagnosia eta elkarlana
Izan ere,“egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu”. Sakanako mugimendu feministako kideen iritziz, “jendartearen zati handiarendako, eta bereziki emakumeondako kriminala eta jasan ezina den eredu honekin bukatu nahi dugu”. Azaldu dutenez, “den-dena erraustu” nahi dute, “bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko. Horretarako, Feminismoa da bidea. Ezinbestekoa da feminismoa”.
Eta gizarteak “indibidualismorantz bulkatzen” badu ere, mugimendu feministak “lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lantokietan, lagun eta auzolagunekin…” Horregatik, elkarri “heltzeko” deia luzatu dute, “ezagutarazi eta partekatu ditzagun borrokak, zapalkuntzak, aldarrikapenak, eta proposamenak, urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela”.
Aniztasuna
Irizpideak bateratzea erraza izan dela azaldu dute mugimendu feministako kideek. “Gure feminismoa anitza eta guztioi irekia izan behar da, gure borroka eta antolakuntzan denok egon behar dugu”. Gainera, “plazak, kaleak, txokorik txikienak borroka feministaz betetzera” deitu dute Sakanako mugimendu feministatik, “antolakuntza espazio guztiak feminismoz busti behar ditugu. Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar dugu hainbeste esfortzuri esker lortutako eskubide sozialen atzerapausoei aukerarik ez emateko”.
Gaineratu dutenez, “Euskal Herrian dauden aldarrikapenekin bat eginen dugu. Mezua da zapaltzen gaituen sistema honi sua ematea, buelta ematea”. Horregatik, “sistemak dauzkan makina bat zapalkuntzari erreparatuko diegu. Baina zaintzari espazio berezi bat eskaini nahi diogu”.
Otsaileko hirugarren asteburuan izandako eraso matxistak ez dio planik aldatu Sakanako mugimendu feministari. “Halakoak egunerokoak dira ia-ia. Horrek argi uzten du emakumezkook jasaten dugun indarkeria gertukoa dela, leku eta esparru guztietara zabaltzen da. Hori oinarrian hartuta, argi utzi nahi dugu horrek ez duela etenik. Kaleak hartu behar ditugu, antolatzen, saretzen, indartzen eta autodefentsa feministaren beharraren aldeko aldarria egiten segi behar dugu. Hori gizarte osoari eragiten dion gaia da”. Ziurtatu dutenez, “borroka hau geldiezina da eta denon artean bakarrik lortuko baitugu Sakana eta Euskal Herri feminista bat”.